Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (II)

Alaba nagusitik alaba txikira, Nafarroan zehar

Garazin hasi, eta Alaitzen amaitu. Nafarroa Beherean hasi, eta Nafarroan amaitu. Bi alaben izenak oinez eta bizikletan lotuta familian egindako bidaiaren kontakizuna da hau. Ahalegina, nekea, sufrimendua... eta gozamena, denak elkarrekin.

Izandorre aterpea, erreskateetarako prestatuta dagoena. Botoia sakatuz gero, zuzenean larrialdietako zerbitzuekin harremanetan jartzen zara. KARLOS COMPAINS
Izandorre aterpea, erreskateetarako prestatuta dagoena. Botoia sakatuz gero, zuzenean larrialdietako zerbitzuekin harremanetan jartzen zara. KARLOS COMPAINS
Karlos Compains
2024ko abenduaren 26a
05:00
Entzun

Seme-alabei izena jartzea ez da ardura makala. Guretzat behintzat. Asko pentsatu eta gero, eta hainbat arrazoi zirela medio, alaba nagusiari Garazi izena jarri genion, eta txikiari Alaitz.

Bestalde, betidanik, mapak oso gustukoak izan ditut, eta, gure mendizaletasunaren ondorioz, mapa asko ditugu etxean, bidaia edo mendi desberdinetakoak, baina gehien begiratzen dudana Euskal Herrikoa da. Etxean daukagun hiru dimentsioko horietako bat, mendi txangoak prestatzeko oso aproposa dena. Hainbat eta hainbat begiratu eta gero, egun batean, zeharkaldi bat egitea otu zitzaidan: Garazitik abiatu eta Alaitz mendiraino iristea. Garazitik Alaitzerako zeharkaldia, alaba nagusitik alaba txikira, Nafarroan zehar. Nafarroa Beheretik Nafarroa Garaira, Nafarroa bakarra. Hori bai, Pirinioek zatitzen dutena. Eta, hain zuzen ere, hori zen gure oztoporik handiena, Pirinioak zeharkatzea. Alaben adina zen beste oztopo bat, jakina, ideia otu zitzaidanean alabek 4 eta 2 urte zituzten eta. Apurka-apurka bidaia hau obsesio txiki bat bihurtu zen nire buruan, eta hiru dimentsioko mapan tarte luzeak pasatu nituen Pirinioak gurutzatzeko biderik erosoenaren bila. Ideia familiako kideei azaldu, eta berehala bat egin zuten; momentu aproposa bilatu behar genuen, besterik ez.

Denbora pasatu zen, eta momentu hori 2024ko oporrak prestatzen ari ginenean iritsi zen. Posible ikusten genuen, eta gogotsu ginen; Garazik 12 urte zituen, Alaitzek 10. Lehenengo eta behin, ibilbidea itxi behar genuen, eta lo egiteko lekuak erreserbatu. Azkarrena bizikletaz egitea zen, baina desnibela gehiegizkoa zen, auto pila bat ibiltzen dira inguru horietan, eta bizikletan esperientzia gutxi geneukan errepidean. Oinez egitea, berriz, luzeegia izango zen, 120 kilometro egiteko denbora gehiegi beharko genuen eta. Orduan, bien arteko nahasketa bat egitea pentsatu genuen: Garazitik Orreagaraino, oinez; handik Alaitz magaleraino, bizikletan; eta azken igoera, berriro oinez. Horrela posible zela ikusi genuen. Erraza ez zen izango, baina saiatu egin nahi genuen. Mapa hartu, bidea markatu, lo egiteko lekuak aukeratu eta tokiak erreserbatzeari ekin genion. Bost egunean egin behar genuen, uztailaren 13tik 17ra. Taldea motibatzeko, logo propioa elkarrekin sortu genuen, eta, ondoren, kamisetak eta jertseak enkargatu genituen. Dena martxan zegoen, eta gu, ilusioz blai. Uztailaren hasieran, sanferminak hasi baino lehen, bizikletak eta motxilak garraiatzeko propio erositako orgatxoa Orreagara eraman genuen, eta bertako erromesentzako aterpean utzi genuen dena.

(ID_14523140) (/EZEZAGUNA) 1
Donibane Garazin, gogotsu, abentura hasi baino lehen. KARLOS COMPAINS

Uztailaren 12an, nahiz eta sanferminetako giroan bete-betean sartuta egon, eguerdian Donibane Garazirantz abiatu ginen, autobusez. Ibañetara iritsi arte pozik egin genuen bidaia; hortik aurrera, zorabiatu, eta azken kilometroan alaba txikiak oka eginez agurtu zuen Donibane Garazi. Une zaila pasatu eta gero, indarrak berreskuratu eta arratsalde polita pasatu genuen Donibane Garazi ederrean. Aspalditik oso leku kutuna da guretzat, berezia oso, urtero bisitatzen duguna eta beti sentipen bereziak sortzen dizkiguna. Paseo lasai bat eman, tradizioa betez bertako gasna erosi, euskal pastela dastatu (#dalovit) eta Pizza Ona tabernan ederki disfrutatu genuen.

Denen aurrean aurkezpenak

Hurrengo egunean, goiz esnatu, gosari oparoa jan, Iruñeko entzierroa ikusi, eta Orizunerantz abiatu ginen oinez, Napoleonen bideari jarraituz. Ikuspegi ederra zegoen, eguraldia lagun, aldapan gora, gaztainondo eta pago, eskultura arraro. Zortzi kilometro eta 700 metroko desnibela uste baino azkarrago egin genituen. Egun osoa aurretik genuen bertan deskantsatzeko. Leku zoragarri horretara tantaka iristen ziren erromesak, Orizune Donejakue bideko erromesentzako aterpea baita. Alabek, intentzio onez, Rubik kuboa egiteko ikastaroa eskaini ziguten, ez dakit espero zuten arrakasta lortuz. Behingoz, bigarren koroa delako hori egitera iritsi ginen gurasook. Gauean, afariaren eta euskal pastel goxo baten ondoren, tabernari bat hurbildu zitzaigun mahai handira. Koilara bat mikrofono gisa hartuta, bakoitzak bere burua aurkeztera gonbidatu gintuen, hori aspaldiko ohitura zelakoan. Hori lotsa! Estatubatuarrak, italiarrak, korearrak... mundu osoko mahaikideak ginen. Gure txanda iritsi zenean, koilara hartu eta euskaraz hitz egingo genuela esan genuenean, miresmena adierazten zuten ahotsak entzun genituen. Une berezia izan zen. Une hori pasatu eta gero, batzuk ohera, besteak paseora... eta talde bat afaritik sobran zegoen ardoa hartu eta terrazara atera zen. Pare bat ordu geroago, momentu horretan sanferminetan egongo zen giroaren antzekoa zen terrazakoa, edo, batek daki, are hobea akaso. Barreak, dantzak, abestiak… entzun genituen gure logelatik.

(ID_14523139) (/EZEZAGUNA) 2
Orizuneko aterpearen terrazan; gauean festaleku bihurtu zen. KARLOS COMPAINS

Ateri baina haizetsu esnatu zen uztailaren 14a. Ederki gosaldu genuen Xalbadorren heriotzean doinuarekin. Motxilak prestatu, ibiltzen hasi, eta zortzietan azken entzierroa ikusi genuen, haizearen kontra borrokatuz. Hamazazpi kilometro eta 700 metroko desnibela geneuzkan zain. Atzean utzi genituen Izandorre aterpea, Lepoeder gaina, basajaunberro basoa eta Rolandeko iturria. Bidaian ikasi genuen nola 778. urtean lehenengo aldiz baskoien tribu desberdinak —paganoak, kristauak, musulmanak— batu ziren Nafarroako erresumaren hazia sortuz eta Karlomagnoren armada boteretsua nola garaitu zuten, azken horiek Iruñea suntsitu eta gero. Basajaunberroko basoan ez genituen sorginak ikusi, baina bertakoek kontatzen dute leku horretan akelarreak egiten zituztela. Azkenerako, iritsi ginen Orreagara. Bertan, zain genituen bizikletak eta orgatxoa. Aterpean lekua hartu, hango gaztandegian gazta erosi, eta bisita gidatu batean Orreaga ikusi eta ikasi genuen. Kolegiata zaharraren beirate handi batean, oker ez banago, Nafarroako merindadeetako buruen armarriak ikusi genituen, eta, haien artean, baita Donibane Garazikoa ere. Seigarren merindadea, Nafarroa Garaiko ikastetxe gehienetan irakasten ez dena. Horretaz gainera, Orreagako museoan, Nafarroako armarri ofiziala osatzen duten kateak eta esmeralda aurki ditzakegu, Miramamolini lapurtu omen zizkioten horiek. Baita Arrano Beltz handi bat ere, elizaren erdian. Nafar sentsibilitate desberdinak asetzeko lekua da Orreaga.

(ID_14523136) (/EZEZAGUNA) 4
Entzierroa hastear da. Orizunetik Orreagara bidean. KARLOS COMPAINS

Hurrengo goizean, 06:00ak jo baino lehen, kantu gregorianoek esnatu gintuzten, eta, bost minutu geroxeago, aterpeko argi guztiak piztu zituzten; gora bihotzak! Erromes guztiak, zaratatsu, gora eta behera motxilak eta makilak eskuetan. Gosaldu eta gero, bizikletak hartu, eta basoan sartu ginen; egun luzea eta gogorra zain genuen. Baina uste genuen baino askoz gogorragoa izan zen, 42 kilometro eta hamaika aldapa bai gora eta bai behera, zoru irristakor eta deseroso batean. Eurovelo sarea, Europako Batasuna zeharkatzen duen bidean barrena. Lortu genuen, asko sufrituta, hori bai. Zortzi ordu igarota, Agoitzera iritsi ginen, non 40 graduko tenperatura markatzen zuen merkurioak arratsalde sargori hartan. Bidean, paisaiaz disfrutatu eta bakardadea sentitzeaz gain, Lusarretako orreoa ikusi genuen, Zaraguetan Moroko iturria eta Nagoren Itoizko urtegia. Itoizko urtegiaren kontrako historia ezagutzeko probestu genuen, baita solidario zoragarri horiek herrien defentsan nola aritu ziren ikasteko ere. Agoitzera iritsi, eta Beti Jai ostatura joan ginen. Paradisuan sartzea bezala izan zen; neka-neka eginda geunden, izerditan blai, egarrituta... Egundoko saria genuen zain: bizikletak gorde, pintxo bat jan, eta dutxatu, garaipen handiek ematen duten sentsazioarekin. Bidean alabek sekulako indarra eta kemena erakutsi zuten, eta guk sekulako prestaketa eta aurreikuspen kaskarra erakutsi. Bi egunean egitekoa zen txango hori, dudarik gabe. Zeharkaldiko zatirik gogorrena egina genuen, hori bagenekien, eta horrek lasaitasun handia eman zigun. Hurrengo eguneko janaria erosi, herrian bueltatxo bat eman, eta gure paradisu partikularrera itzuli ginen, Beti Jaira. Goxo-goxo afaldu —bertako natxoak dastatzea gomendatzen dizut, irakurle maitea—, eta deskantsatzera joan ginen.

(ID_14523138) (/EZEZAGUNA) 5
Aldapan gora, pausorik pauso, Bentanteko lepoa helburu. KARLOS COMPAINS

Uztailaren 16an, printzipioz, etapa motza eta lasaia genuen zain, azken-aurrekoa, baina indarrak gutxitzen ari zirela nabaria zen. Normalean baino beranduago esnatu ginen, eta bapo gosalduta abiatu ginen. Lehenengo aldapa luzean, artean berotu gabe, Alaitz eta biok atzean geratu ginen. Berak gehiago ezin zuela esan, eta gelditzeko keinua egin zuen. Nik ezetz esan, eta, haren bizikleta bultzatuz, jarraitzera animatu nuen. Baina ni ere nekatuta nengoen, eta, orgatxoaren zama gehituta, ezin nion gehiago lagundu. Penatuta askatu nuen, baina gelditzera zihoala, ezustean, txirrindulari bat agertu zen atzetik, eta, Alaitzen bizikleta bultzatuz, Miren eta Garazirengana eraman zuen. Eskerrik asko, bihotzez! Hortik aurrera oztoporik gabe egin genuen bidea, eta Gerendiainera iritsi ginen. Han bertan zain genuen gure furgoneta. Arratsalde lasaia pasatu genuen, Rubik kuboarekin burua zukutu, irakurri, bizikletak jaso eta goiz oheratu ginen, furgonetan, Gerendiaingo aparkaleku aldapatsu batean.

Azken eguneko gozatua

Uztailaren 17a gure azken eguna izango zen. Oinez egin behar genuen bidea Alaitzeko 1.171 metroko tontorrera iristeko. Igoera oso atsegina izan zen. Pausoz pauso, larreak, ezpalak eta pago basoak gurutzatu genituen, eta, apenas konturatu gabe, azken metroetara iritsi ginen. Zati hori, hain zuzen, bereziki hunkigarria suertatu zitzaidan. Sekulako poza sentitu nuen Alaitz mendiaren tontorreko buzoia ikusi genuenean. Pozez zoratzen nintzen, ametsa egia bihurtuta, besarkada batean elkartu ginen, irribarretsu eta barrena aseta. Iruñerria azpian genuela, zeharkaldiko azken uneak dastatu nituen, isiltasunean, gure herriaz eta gure familiaz harro.

(ID_14523141) (/EZEZAGUNA) 12
Alaitzeko tontorrean, poz-pozik, helburua lortuta. KARLOS COMPAINS

Horrelakoa izan zen gure zeharkaldia, xumea baina ederra. Ez ginen leku urrun eta xarmagarri batera joan, ez genuen sekulako kultura exotikoa ezagutu, baina kolosala izan zen, dudarik gabe. Gure herriaz erabat disfrutatu genuen, eta gure historia txikiak ezagutu. Txoko honetatik, bidaia honetako kideei eskertu nahi diet abentura honetan zalantzarik gabe murgildu izana; sekulako taldea osatzen dugu. Zoragarria izan da niretzat, benetan gozagarria. Bizipen hauek bihotzean gordeko ditut.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.