Hasier Moreno: «Akuarelak denbora mugatua du, eta urak baldintzatzen du hori»

24 koadroz osaturiko ‘Pausa bat, hamaika paisaia’ bilduma ondu du akuarelistak, eta Iruñeko Ziudadelako Bolborategi aretoan egonen da ikusgai, maiatzaren 19ra arte. «Pausa batekin hasi zen dena». Bisita gidatuak eginen ditu maiatzaren 12an eta 19an.

Hasier Moreno akuarelista, iragan asteartean, Iruñeko Ziudadelako Bolborategian. IÑIGO URIZ / FOKU
Hasier Moreno akuarelista, iragan asteartean, Iruñeko Ziudadelako Bolborategian. IÑIGO URIZ / FOKU
inaki rubio
Iruñea
2024ko apirilaren 22a
00:50
Entzun

«Zure akuarelak arnastu daitezke», irakur daiteke erakusketaren atarian dagoen iritzi liburuan. Horixe xerkatzen du artistak, hain zuzen ere: norbanakoaren eta inguruaren arteko elkarrizketa sustrai, paisaia sentitzea; eten eta kontenplatzea. Bi urtez aritu da Hasier Moreno (Iruñea, 1989) Pausa bat, hamaika paisaia bilduma osatzen duten akuarelak ontzen, urarekin norgehiagoka bizian. Arkitektura ikasi zuen, eta CreaNavarran irakasle dabil orain. Terapia kausitu du, ordea, akuareletan: «Nire sentimenduak paisaietan biluztu ditut».

Nola sentitu paisaia horiek?

Bilduma honek hiru ardatz nagusi ditu. Lehena natura da; berau, ordea, ikusten ikasi behar dugu, eta horixe da bigarren ardatza, kontenplazioa. Hirugarrena pausa da: gelditu egin behar dugu natura sentitzeko. Horixe nahi dut: publikoa koadroen aurrean pausatzea, begiratuz eta sentituz.

Ez ote da hori erronka handiegia?

Bai, baina pandemia, esaterako, guztiondako pausa bat izan zen, baita niretzat ere. Orduan hasi nintzen bilduma hau ontzen; pausa batekin hasi zen dena. Maiz gelditu egin behar dugu gauzak gehiago disfrutatu eta aurrera egiteko.

Zure obra gorputzaren eta paisaiaren arteko elkarrizketa bat dela diozu.

Akuarela tentsio bat da, dikotomia bat. Batzuetan kontrolatu dezakezu trazua, baina besteetan utzi behar diozu urari, naturari, bere bidea egiten. Marrazten ditudan zeruetan nabari da borroka hori.

«Distrakziorik gabeko paisaiak egiten ditut»

Garrantzi handia ematen diozu zeruari. Zergatik?

Zerua ere paisaia da, eta batzuetan ez diogu behar bezalako garrantzia ematen. Zeruak badu lotura zuzena aldartearekin, eta ni saiatzen naiz sentsazio desberdinak adierazten zeruaren bidez. Fenomeno atmosferikoen bidez zerbait sorrarazi nahi dut ikuslearengan.

Zer sentitzen duzu zuk?

Zeruaren eta lurraren arteko tentsio bat. Erakusketaren lehenengo sei koadroetan lurra da nagusi, eta azkeneko seietan, berriz, zerua. Mendia eta basamortua, argia eta iluna... lehia horretan datza tentsio hori.

Kontraste handiko ikuskizuna da, beraz.

Bai, paisaiak bizitzaren isla dira, hala ikusten dut nik behintzat. Zerbait piztu nahi dut jendearengan eta, feedbcaka jaso.

Zer behar du paisaia batek margotua izateko?

Begiratua izatea eta begirada hori gardena izatea, aurreiritzirik gabekoa. Edozein paisaia da polita; nik naturari ematen diot garrantzia, baina paisaia industrial bat ere ederra izan daiteke.

«Maiz gelditu egin behar dugu gauzak gehiago disfrutatu eta aurrera egiteko»

 

Urrotz eta Antsoain koadroetan ageri dira soilik giza aztarnak.

Arkitektura ikasi nuen, baina saiatzen naiz arrasto hori ekiditen. Hori bai, nire lanetan ez duzu sekula ikusiko gizaki bat, oraingoz. Distrakziorik gabeko paisaiak egiten ditut. Baina Txikitako oroitzapenak koadroan ere ageri dira etxeak.

Non, baina?

Herri bat ikusten da, hondoan. Modu lausotuan egin dut, gogoratzen dudan moduan. Oroitzapen bat delako egin dut horrela.

Oroitzapenetatik ere abiatzen zara, beraz?

Bai. Hiru modutara margotu ohi dut: argazki bat atera eta berau irudikatuz, bertatik bertara paisaia marraztuz eta oroitzapenetatik abiatuz.

«Koadroak interpretatzeko hamaika modu daude, marrazten dudana ez baita absolutua»

 

Nazioak paisaiarekin duen harremana ere aztertu nahi izan duzu bilduman.

Egiten ditudan paisaia guztiak hemengoak dira, eta uste dut bertakoa aldarrikatzeagatik ematen diedala garrantzia horiei.

Paisaia margotzeko, akuarela onena?

Teknika bakoitzak baditu alde onak eta txarrak. Askoren iritziz, zaila da akuarela, baina niretzat zailagoa da olioa, adibidez. Akuarelak denbora mugatua du, eta urak baldintzatzen du hori; mesede egiten didala uste dut.

lotsabako

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.