ATZEKOZ AURRERA. Unai San Martin eta Manolo Gallego. 'Aspiers' telesailaren egileak

«Aktore batek igarri du nor den hiltzailea; beste inork ez»

Suspenseaz gain, osagarri asko ditu 'Aspiers' izeneko 'thriller'-ak , eta ikusmina sortu du. Bukatu dituzte filmaketak, eta telebista ekoizle handiei saldu nahi diete orain probako atala.

ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Trapagaran
2016ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Itxia zuen atzo apaindegia Manolo Gallego Millanek (Cadiz, Espainia, 1966), Leonen (Espainia) film luze bat filmatzetik iritsi berria baitzen. Unai San Martin Palacio (Sestao, Bizkaia, 1981), berriz, lanean zegoen bere argazki estudioan. Trapagaranen (Bizkaia) dituzte lantokiak, eta herrian filmatu dituzte Aspiers izeneko thriller-eko ia sekuentzia guztiak. Esperientzia handiko bi zinegile dira, elkarrekin askotan lan egin dutenak. Proiektu hau ere, elkar zirikatuz ondu dute. Ia bi urte eman dituzte horrekin.

Misterioa gorde nahian zabiltzate. Zer jakin daiteke?

UNAI SAN MARTIN: Gutaz gain, zuzendari eta gidoilari garenez, beste inork ez daki nor den hiltzailea. Aktoreetako batek igarri du nor den, baina beste inork ez. Nire emazteak ere ez daki. Arrastoak eta susmoak badaude, baina pertsonaia asko ere bai. Atal pilotuaren amaiera guztiz irekia utzi dugu. Telebistako ekoizpen etxe handiek eros dezaten nahi dugu, ondoren atal gehiago egiteko. Film labur bat egiteko ez genukeen proiektu hau egingo. Saltzea espero dugu, baina, lortzen ez badugu, film ertain edo luze bat egingo dugu, eta bertan bukaera azaldu behar da. Azkenean, pelikula egin behar bagenu, bi grabazio egun gehiago beharko genituzke.

MANOLO GALLEGO: Telesailak hari gehiago ditu, baina filma ere ona litzateke: zinema jaialdiren batean sariren bat lortzeko bestekoa, nik uste. Thriller bat egin nahi genuen elkarrekin orain urte batzuez geroztik, eta bagenekien haurrak nahi genituela istorioan; horrekin bete-betean asmatu dugu. Oinarrian hilketen inguruko misterioa dago, baina osagai asko eta orotariko pertsonaiak ditu. Ezagunenak bihurtu direnak Aspergerren sindromedun umeak dira —aspiers gisa ere ezagun dira gaixotasun hori dutenak—. Umeek Polizia laguntzen dute krimenak argitzen. Naturaltasunez sartu eta landu nahi izan dugu gaia, baina protagonismo handia lortu du gaixotasunarenak komunikabideetan. Gizarte Hezkuntza ikasi nuen, eta gai interesgarria da. Guraso batzuek beren seme-alabek gaixotasun hori dutela onartzen ez dutela ere salatzen dugu. Eliza eta pederastia ere ageri dira, baina horrek ez du batere oihartzunik jaso.

Askorentzat misterioa izango da akaso Trapagaran bera. Herria ikusarazi nahi izan duzue?

U.S.M.: Trapagaranen egiten dugu lan; udalak logistikarekin lagundu gaitu, eta polizia autoak ere utzi dizkigu; horregatik erabaki dugu hemen filmatzea. Pantailan ikusita, beste edozein herri izan daiteke: salmenta aukera handitzeko unibertsalizatu dugu, estrategikoki.

M.G.: Interes handia piztu du proiektuak. Udalak ere hemen nahi du estreinaldia, eta guk erakutsi nahi dugu, baina anbizio handiko egitasmoa da hau. Kide guztiak profesionalki aritu dira. 50 pertsona inguruko lantaldea izan gara, argazki zuzendaria, aktoreak... maila handikoak eta ibilbide luzekoak.

Ikus-entzunezkoetan asko aritu zarete. Inoiz gidatu duzue tamaina honetako egitasmorik?

U.S.M.: Lehen aldia dugu halako proiektu bat zuzentzen, eta denbora asko eskatzen du. Hamazazpi grabazio egun izan dira, hamalau hilabetean. Talde berdinarekin, 70.000 euro edukita, hiru astean egingo genukeen. Baina nola utziko dugu lana 50 pertsonak hilabetez? Oso zaila da telebistarako saioak egitea, ekoizpen etxe kontsakratua ez bazara. Hasierako ideia saltzen baduzu ere, telebista kate handiek ekoizpena ezagunen esku uzten dute; guk dena egin dugu, eta kalitatezko produktu erakargarria egiteko gai garela erakutsi.

M.G.: Euskal Herrian eta Espainian, diru laguntza oso gutxi daude kulturan eta zineman, eta gutxi bizi daitezke soilik zineaz. Oso profesionala izan da gure lana, eta ez kobratzea ia hutsala izan da. Profesionalek ere elkarlanean egiten dute lan maiz proiekzioa lortzeko. Izen handiko artista denek lan egin dute sarri doan, lan ibilbidea zabaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.