Aktibismo loditik ekiten

Lodifobiaren ardatza aldatu, eta zama norbanakoan jarri ordez sisteman jarri beharra dagoela uste dute zenbait lodi aktibistak. Haien arabera, auzia politikoa da, eta era kolektiboan egin behar zaio aurre; bada, irailean egongo da aukera.

SANDRA GARAYOA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2022ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Jopuntuan egon ohi dira sarri pertsona lodiak, baina batik bat emakumeak direnak. Une oro jasotzen dituzte mezuak, gorputzarekiko kritikak eta gomendioak; zer-nolakoa izan beharko litzatekeen eta nola jokatu beharko luketen. Askotan, bada inpresioa arazoa indibiduala dela, eta norbanakoarengan jarri ohi da zama, ekintza fobikoan baino gehiago. Halere, ardatza aldatu, dianara iristear den dardoa esku artean hartu, eta lodifobiari aktibismo loditik erantzuten ari dira zenbaitzuk.

Horretarako, Instagram kontu bat irekitzea erabaki zuen Maitane Garciak. Uste du «borrokarako erreminta bat» izan daitezkeela sare sozialak, eta, era horretan, asmoetako bat zen emakume lodi gisa egunerokoan bizi izaten dituen gauzak partekatzea, euskaraz. «Nahi nuen aktibismo hau eskaini, hala nola inposatutako pentsamendu bitarraren aurka, mundua eta gorputza hierarkizatzeko planteamenduari aurre eginda». Horretan dihardu @lodifobia kontuan, fobia hori pertsona lodiek jasaten duten indarkeria eta, ondorioz, zapalkuntza eta diskriminazioa dela iritzita.

Ez agian sareetan, baina aurrez aurre ere badihardute lanean Irati Garcia gizarte langile eta feminismo lodietan adituak, eta Mijo Lizarzaburu militante transfeministak. Lodifobia kontzeptua bera ekarri du gogora Garciak; azaldu du pertsona lodiekiko «gorrotoa eta arbuioa» dela, beraien gorputzengatik eta kultura honetan gorputz horiek duten esanahiarengatik. Finean, «sistema propiotzat» izendatu du, «beldur kolektibo batean» oinarrituta dagoena.

Lizarzaburuk, aldiz, ez du definizio itxi bat eman, «aniztasunak eta konplexutasunak» daudelako. Haren iritziz, «gorputzen normalizazioa helburu duen arrazionaltasunaren parte da» fobia hori, eta, Magda Piñeiro filosofoaren hitzak gogora ekarrita, osasuna, morala eta estetika ditu zutaberik ohikoenak, baina ez horiek soilik, uste baitu generoa, arraza eta klasea ere hor daudela.

Bada, horren arabera, irizpidea ez da bat eta bakarra lodifobiaren ondorioak bizi izateko. «Orain arte, osasungintzak eta irudiaren industriak esan digute zer den loditasuna, baina argi dut ez dela bolumen edo estetika kontu soil bat; hori erredukzionistegia da, baina ez naiz gai definizio zehatz bat emateko», esan du Lizarzaburuk. Haren hitzetan, «subjektu politiko gisa» antolatutako lodiei dagokie definizio horren zehaztapena, baina nabarmendu du errealitate horren ondorioak ez dituztela soilik lodiek bizi. «Munstro hori bihurtzeko aukerak sortutako beldurraren bidez, biztanleriaren gehiengoa arau batzuk betetzera bideratzen da».

Politikoa da auzia

Hori horrela, hiru kideek politikotzat izendatu dute auzia. «Loditasuna politikoa da, beste dominazio sistema anitzekin nahasten den lodifobia pairatzen dugulako. Helburu politikoekin egiten den gorputzen gobernua da», azaldu du Lizarzaburuk. Zehaztu du, batetik, «politikoki otzanak diren gorputzak produzitzen» direla, eta, bestetik, «estatistika edo estimazio bidez biztanleria erregulatzen» dela. Eta hortik tiraka bota du berea gizarte langileak ere: «Bestelako zapalkuntza sistemekin gurutzatzen den auzia da, eta, tarte horretan, zenbait mezu jasotzen dira».

Norbere burua maitatu behar izatea da mezuetako bat, baina ez da adostasunik. «Faltsukeria bat da. Mezu sozialak jasotzen ditugu denbora guztian, batik bat emakumeok; badirudi iradokizun buzoi bat dugula», adierazi du @lodifobia kontuaren arduradunak. Halere, gaineratu du, praktikan, egoera bestelakoa dela. «Diotena da zure gorputza ez dela polita, ez balioduna». Gizarte langilearen ustez ere, mezu horiek ez dira «jasangarriak», eta, pertsona lodien kasuan «isilarazi» egin nahi dituzte. «Nik neure burua maitatu arren, gizartearen aldetik lodifobia jasaten jarraituko dut; errua zeure buruan dagoela ezarriko dute, baina sisteman dago».

Sistema bera da, beraz, behatu beharreko puntuetako bat, eta, halabeharrez, baita bertan parte hartzen duten bestelako azpisistemak ere. Instagram erabiltzailearen arabera, esaterako, era horretako mezuekin «etekin ekonomikoa ateratzea» dute asmo. «Gimnasioetarako ekipamenduak, operazio estetikoak, light produktuak... Diru pila bat gastatzen dugu emakumeok gure gorputza edertasun kanonen barruan mantentzeko, eta hori motor ekonomiko bat da, milioiak mugitzen dira». Argitu du pertsonalki «deskonektatuta» dagoela kontu horietatik, eta saiatzen dela dieta mundutik ere urruntzen. «Zer-nolako konnotazioa duen, gainera... Debeku bat da, kontrol bat, ez da harreman sano bat jatekoarekin».

Are, batzuetan, gorputzen gaineko kontrol horiek elikadura nahasmenduak sortzen dituzte, baina Lizarzaburuk mugetatik harago begiratu beharra izan du aldarri: «Gorroto dut; ez da nahasmendu bat, gizarteak berak bidaltzen dituen mezuen aplikazio perfektua baizik». Haren hitzetan, «irteerarik gabeko labirinto bat» da, arauak dituena oinarrian; horiek hautsiz gero, «lodi zikin bat» izateko aukera dago, «alferra eta, moralki, arbuiagarria»; aldiz, arauak betez gero, «erotuta» dago norbanakoa, «egoera eskuetatik joan» zaio, eta, ondorioz, elikadura nahasmendutzat izendatzen den «arazo indibidual bat» du. Baina militante transfesministak ez du horrekin bat egiten. Uste du elikadura nahasmenduaren etiketapean dauden gorputzek posible luketela beraien kasuak politizatzea, eta «ilusio handia» egingo lioke bidea haiekin batera egitea. «Lodiak izan edo ez, anormalen asanblada anitzen polifonia difusoek beti dute gehiago esateko subjektu bakarren diskurtso koherenteek baino».

Eta, gorputzak hizpide izanda, hor dago body positive mugimendua ere. Gizarte langileak azaldu du zalantzak dituela gai honen inguruan; haren arabera, hasieran, mugimendua elikadura nahasmenduak jasaten ari zirenenen estimua lantzeko programatzat sortu zen agian, baina, egun, kritika ugari omen ditu. «Egia da, batzuetan, irudi inspiratzaile gisa agertzen direnak lodiak baina kanonikoak direla». Haren ustez, enpresek eredu horiek «asumitzen-edo» dituzte, normatiboenak direnak, baina, kontrara, badaude lodifobia opresio sistematzat aipatzen duten influencer-ak ere.

Garciak, @lodifobia kontuaren kudeatzaileak, berriz, erantsi du uler dezakeela andre askok hor habia aurkitu izana, baina aipatu du garrantzitsua dela ohartzea ardatza politikoa dela. «Mugimendu honek eskaintzen duena da pentsamendu bitarrarekin jarraitzea; badaude loditasun batzuk kanonen barnean daudenak, eta, beste batzuk, ez». Horrek banaketa bat sortu ohi du, «lodi onen eta txarren» artekoa.

Aktibismotik eutsi

Bada, horrelakoak iraultzeko, mugimendu aktibista lodiak dagoeneko badu bidearen parte bat egina. Besteak beste, Lizarzaburuk aipatu du AEBetako genealogiara jotzen dutela batzuek, eta, hor, feminismotik hurbil zebilen Fat Underground mugimendua zegoela. Hala ere, Euskal Herrian ere egon ei dira erreferente batzuk; Ramonak taldea, kasurako. «Geografia, une eta aldarri ezberdinekin egin du talde bakoitzak bere militantzia, baina oinarri komuna lodifobia ikusaraztea eta borrokatzea izan da».

Gizarte langilearen arabera, berriz, Euskal Herrian aktibismo lodia feminismoarekin lotu izan da,eta helburu du gorputzen ahalduntzea sustatzea, bereziki pertsona lodien kasuan, eta, aldi berean, baita «sistema lodifobikoa txikitzea» ere. Are, horretarako, beste opresio sistemekin elkarlanean aritzeko saiakerak egiten ari dira, elkarrekin ere uler daitezkeelako. Eta bat egin du Instagram erabiltzaileak ere. Haren ustez, ohartu beharra dago auzia «dominazio sistema baten kontua» dela, eta ez dela norbaitek bere gorputzari eginiko zerbait. Horretarako, feminismoarekin batera jardun beharko luketela erantsi du: «Emakumeon gorputzen dominazioaren barruan beste biolentziak daude inplizituki».

Bada, era kolektiboan jarduteko aukera egongo dela ohartarazi du Lizarzaburuk, baina, horretarako, irailera arte itxaron beharko da. «Militantzia lodi-aktibista forma hartzen ari da, eta ez du helburu bakarra, idazteko asko baitaude; horretan parte hartu nahi duena, beraz, etor dadila irailean antolatuko ditugun jardunaldietan, benetan... Indibidualizaziotik eta psikologizaziotik at bidea dago egiteko!»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.