Baskoniaren Aker maskota

Asier Rikarte: «Aker izatea ez da soilik jantzi bat janztea: Baskoniaren espirituaren ordezkari izatea da»

Rikartek zortzi urte igaro ditu Baskoniaren maskota Aker izaten. Taldearekin duen harremanaren garrantziaz eta hurrengoak hartu beharko duen lekukoaren erronkaz aritu da.

Asier Rikarte, Baskoniaren Aker maskota, utziko zuela iragarri zuen egunean. BASKONIA
Asier Rikarte, Baskoniaren Aker maskota, utziko zuela iragarri zuen egunean. BASKONIA
unai etxenausia
2024ko abenduaren 6a
05:00
Entzun

Asier Rikarte (Gasteiz, 1993), zortzi urtez Baskoniaren Aker maskota izateaz gain, taldeak zaleekin duen energiaren eta loturaren arduraduna izan da. Denbora horretan, Rikartek konpromiso eta pasio handiz irudikatu du kluba, une gozoetan eta zailenetan funtsezko figura bihurtuz. Orain, Akerren jantzia erantzi eta ondorengoari pasatuko dio lekukoa.

Zerk bultzatu zintuen Baskoniako maskota izatera?

Baskoniaren eta Buesa Arenako giroaren zale amorratua izan naiz beti. Aukera sortu zenean, klubean lanean ari nintzela, ez nuen zalantzarik izan, eta izena ematea erabaki nuen. Taldeari eta zaleei zerbait gehiago eman niezaiekeela sentitu nuen, eta urte ederrak izan direla baieztatu dezaket.

Nola deskribatuko zenituzke zortzi urte hauek?

Esperientzia ikaragarria izan da, emozioz eta une paregabez betea. Izugarrizko poza izan dut, baina une gogorrak ere izan dira. Beti saiatu naiz nire onena ematen, taldeko kide izaten eta publikoarekin konektatzen, batez ere txikienekin. Hori da onena: haurrek gauza magiko bat bezala ikusten dute Aker, eta haren berotasunak eta maitasunak indarrez betetzen zaituzte. Beti saiatzen naiz haurrak berezi sentiarazten, nahiz eta nagusiek ere argazkiak eskatzen dizkidaten.

'Aker' partida batean. BASKONIA
Aker, Baskoniaren Gasteizko partida batean. BASKONIA
Zure ustez, zein izan da zure zigilu pertsonala?

Nire estiloa dinamikoa, hurbilekoa eta dibertigarria izatean oinarritu dela uste dut. Poza ematea eta energia mantentzea izan dut helburu. Partida bakoitzean erritmoa behar da; zaleek oso ondo pasatu behar dute. Inprobisatzeko gaitasuna funtsezkoa da, ez baita jakiten zer gertatuko den partida bakoitzean.

Zer ezaugarri izan behar ditu zure ondorengoak?

Batez ere, energia, sormena eta zaleekin elkarreraginean jarduteko gogo handia. Hurbilekoa izan behar du, eta pazientzia ere izan beharko du. Hainbeste jenderekin elkarreraginean aritzeak dedikazioa eta konpromisoa eskatzen ditu.

Nolakoa da partida bat?

Konpromisoa handia da. Partida bakoitzak dena emanda aritzea eskatzen du, egun erraza edo zaila den axola izan gabe. Taldea ondo ez doanean ere, ezinbestekoak dira animatzeko indarra eta morala goian mantentzeko gaitasuna, eta erronka eta erantzukizun berezia da hori. Akerren presentziak bultzada bat ematen dio zaleen motibazioari eta taldearen espirituari.

Zer sentitzen duzu jokalari historikoengandik eta gaur egungoengandik gertu egonda?

Sentimendu izugarria da. Baskoniako jokalari mitikoak eta gaur egungo izar handiak gertutik ikusteko aukera izan dut, eta haiekin eszenatoki berean egoteak emozio berezia eragiten du. Haien profesionaltasuna eta jokoarekiko maitasuna inspirazio iturri dira niretzat. Haien alboan izateak Baskoniaren historian parte izatearen harrotasuna pizten dit, eta momentu horiek betiko gogoan gordeko ditut.

Zer aholku emango zenioke hurrengo Akerri?

Lehenik eta behin, goza dezala une bakoitza. Aker izatea ez da soilik jantzi bat janztea: Baskoniaren espirituaren ordezkari izatea da. Indarrez, gogoz eta ekimenez jokatu behar du, eta zaleekin harreman berezia sortzea ezinbestekoa da. Pazientzia izatea ere garrantzitsua da, zeren, jende askorekin elkarreraginean aritzeak momentu zoragarriak ekartzen dituen arren, dedikazioa eta ulermena ere eskatzen baititu. Dena eman dezala, eta bere estiloa eta arrastoa utz ditzala.

Urte hauen ondoren, zuretzat zer da Baskonia?

Baskonia nire bizitzaren parte da. Akerren rola utzi arren, nire bihotzean izango da beti klub hau. Harmailetatik babesten jarraituko dut, lehenengo egunean sentitu nuen grina berberaz. Klub honek une zoragarriak eta ikasgai baliotsuak eman dizkit.

lotsabako

Jokalari bat?
Tornike Toko Xengelia gustatzen zitzaidan.

Beste talde bateko maskota bat?
Zaragozakoa, adibidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.