Ikusi bezain laster hasten zaizkio jazartzen. Indarkeria sufritzen du Sarak herrian, urtero. Behin, baina, kategoriak aldatu egingo dira: bide bazter batean, furgoneta batekin egingo du topo, eta, barruan, erasotzaileetako bat ikusiko du, ezezagun batek bahituta. Ezer ez egitea erabakiko du Sarak. Biktimaren dilema moralari erreparatu dio Carlota Pereda (Madril, 1975) zinema zuzendariak Cerdita film laburrean (Emakume txerritxoa; 2018) eta istorio berari buruzko film luzean (2022). Bilboko FANT jaialdian saritu zuten Pereda, joan den astean.
Oro har, aurreikusten da biktimak moralki akatsik gabeak direla?
Biktimei exijitu egiten zaie akatsik gabeak izatea.
Zer gertatzen da ez direnean?
Nortasuna kentzen zaie, biktimizatzen dituzte, eta objektibizatu. Ematen du biktimak biktima baino ezin direla izan.
Indarkeria sufritzeak etikari eragiten dio?
Uste dut denak eragiten diola etikari, baina ez gara jabetzen gure erabaki guztiak etikoak direla. Bullying-a sufritzeak eragina du autoestimuan, munduarekin duzun harremanean, eta zeure burua munduan ikusteko moduan. Eta, noski, balio moralei ere eragiten die.
Mendekua iradokitzen da ekoizpenotan. Biktima batzuentzat, konponbidea izan liteke?
Iradokitzen diren aukeretako bat da. Esaten dute nerabe bakartiek mendeku ametsak dituztela. Nik indarkeria erreprimituari erreparatu nahi nion, nolabaiteko katarsi bati bide eman diezaiokeelakoan. Niretzat, filmak ez du konponbiderik eskaintzen, baizik eta galderak.
Gizon salbatzailearen figura ere badago, muturrera eramanda.
Batez ere, ikuslearekiko elkarrizketa bat da filma. Eta, gehienbat, ezezagunaren pertsonaiak islatzen du elkarrizketa hori. Ikusleak ikusten duen hori izango da ezezaguna: izan daiteke salbatzailea, edo hiltzailea.
Indarkeria islatzeko gordintasunak, terrorezko generoaren elementuek... Ezinbestean, ikuslea bultzatzen dute hausnartzera ea zein den bere tokia botere harreman horietan?
Zinemak beti inplikatzen du ikuslea, baina pelikula honetan saiatu gara are gehiago inplikatzen. Terrorezko pelikula batek, funtzionatuko badu, indarkeria sufritzen duen horrenganako enpatia eragin behar du ikuslearengan. Genero oso indartsua da, enpatia baitu oinarrian. Indarkeria modu friboloan erakuts daiteke —eta, horrenbestez, ez du ia garrantzirik—, edo modu erreal batean; orduan, iraultzailea da.
Nola fribolizatzen da indarkeria?
Mina ez bada existitzen, norbait hiltzen bada eta ez bada ezer gertatzen, indarkeria fribolizatzen da. Baina ikusten baduzu pertsona bat hil dutela, desagertu dela, eta haren familia haren bila dagoela, indarkeria erreal bihurtzen da.
Sara bere gorputza ezkutatzen saiatzen da, baina ezin du. Gorputza lodia izateak are esplizituago bihurtzen du?
Interesatzen zait gorputzarekin dugun harremanak, munduan aurkezteko dugun modua baita. Baina, emakumeon kasuan, juzgatzen den lehenengo gauza da. Hasieran, Sara bere gorputzean harrapatuta sentitzen da, ikusten den gauza bakarra baita. Interesatzen zitzaidan bullying-az hitz egiteko: sexu orientazioa, adibidez, ezkutatu daiteke, baina gorputza ez.
Film laburrean, Sarak ez du hitz egiten.
Nahi nuen film laburra izan zedin ahalik eta espresionistena, ia testurik gabekoa; nahi nuen Sararen pertsonaia izan zedin entelekia bat, kasik ikuslearen beraren proiekzio bat. Hamabost minutuko film batean, oso minimalista izan behar duzu: esaten duzun edozer oso nabarmena da. Sarak hitz bakarra dio film laburrean: laguntza.
Inoiz aipatu duzu cerdita berbari esanahi berria eman diozula, marikoi eta bollera hitzekin egin izan den bezala.
Hala da, bai. Bukaeran cerdi deitzen diotenean, jada ez du esanahi bera Sararentzat. Bestalde, ohikoa da thrillerrek animalia izena edukitzea: As bestas, esaterako [Piztiak; Rodrigo Sorogoyen, 2022].
ATZEKOZ AURRERA. Carlota Pereda. Zinema zuzendaria
«Akatsik gabeak izatea exijitzen zaie biktimei»
Jazarpenaren biktima baten zalantza etikoak ditu oinarrian Peredaren 'Cerdita' lanak. «Ematen du biktimak biktima baino ezin direla izan». Haren protagonista, ordea, konplize ere bilakatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu