Krep berezi batzuk prestatu ditu Iker Markinezek aste honetako errezetan.
Krepeak egiteko osagaiak: 6 arrautza 200 g irin 75 g gurin Baserriko esnea, litro erdi Gatza Ajoarrieroa egiteko: 300 g bakailao gezatu Tipula bat Piper gorri bat Piper berde bat Baratxuria, lau ale Kaiena piperra Tomate saltsa, koilarakada handi bat Piper txorizeroa, mami koilarakada bat
Osagai hauek nahastuko ditugu krepeak egiteko ontzi batean: arrautzak, osorik, eta 200 gramo irin. Ondoren, dena ondo irabiatu, eta gehitu gatz pitin bat. Gehitu esnea ere, eta nahastu. Bota 75 gramo gurin zartagin ertain batera, eta, urtzean, nahastu dena aurreko ontzian.
Zartagin bat berotzen jarri, eta, bero dagoenean, bota kazokada bat krep masa; zartagina alde batetik bestera suabe-suabe mugituz, zabaldu masa zartagin guztira. Segundo gutxiren buruan, buelta eman, eta, segidan, atera plater batera. Gainontzeko masarekin gauza bera egin, krepe guztiak egin arte. Egin ahala, jarri plater batean, bata bestearen gainean. Nahi izanez gero, krepeak bezperan eginda utz ditzakegu.
Ajoarrieroa egiteko, bota dezenteko txorrotada bat oliba olio lapiko batean, eta bakailao gezatu takoa konfitatzen jarri, su oso motelean eta 15 minutuz. Hozten utzi gero, eta, ondoren, atera bakailaoa.
Garbitu barazki guztiak, eta laukitxotan moztu. Jarri zartagin zabal batean, bota gatz pitin bat, eta gehitu bakailaoa konfitatzeko erabili dugun olioa, erregosteko. Horrela, barazkiek bakailao zapore handiagoa izango dute, eta platerari indarra eman. Erregosi barazkiak ordu erdi batez, ondo poxatzeko, taparik gabe. Su ertaina erabili. Ondoren, gehitu koilarakada bat piper txorizero, mami eta tomate saltsa barazkiei. Eduki beste bost minutuz sutan.
Kendu azala hoztua dugun bakailaoari, eta bakailao ezpalak aterako ditugu eskuaz. Bakailaoa modu horretan xehatzea da ajoarrieroaren berezitasun nagusietakoa. Ez da komeni, ordea, bakailaoa erabat xehatzea. Ezpal horiek gehitu barazkiak ditugun zartaginean. Ondo nahastu dena, eta atera erretilu batera.
Orain, krepe guztiak beteko ditugu. Prestatu dugun ajoarriero koilarakada pare batez bete krepe bakoitza, eta tolestu. Jarri krepe guztiak labeko erretiluan, eta, jan baino lehentxeago, berotu labean bost bat minutuz. Ondoren, mahaira zerbitzatu. Nahi baduzue, etxeko tomate saltsa edo piper gorri saltsa batez busti ditzakegu krepeak. Ea gustatzen zaizuen. On egin!