Baionako bestak. Irati Astondoa. Aizkolaria

«Aizkorak dizkit ezagutaraziko festak»

Astondoak gazte garaitik badu ere enbeia Baionako bestak dastatzeko, ezin izan du. Aizkolari gisa ezagutuko ditu bihar, Patxa plazako erakustaldiari esker. Herri kirolak zabaltzea zinez garrantzitsua zaio.

ENDIKA PORTILLO.
Ainize Madariaga
2022ko uztailaren 28a
00:00
Entzun

Irati Astondoa (Zeanuri, Bizkaia, 1991) Patxa plazan ariko da bihar 17:30ean, Claudia Muñozekin, Patxi Igoarekin eta Ibai Telletxearekin batera. Urrezko Aizkolari Txapelketara finalerdira heldu zelarik, eskumuturraren bihurritzeak ez zion segitzen utzi. Orain, ongi da; gogotsu, Baionako bestetan bere lanaren erakusteko, eta bestek beraiena, lehentze baititu.

 

Nola zaude?

Urrezko txapelketan zorte txarra eduki nuen, finalerdietarako sailkatu nintzen lehenengo liga irabazita, baina mendian erori nintzen, eta, eskumuturra bihurrituta, ezin izan nuen jarraitu. Orain, ondo daukat; dena emanda gabiltza, ilusioz beteta.

Zer dira zuretzat Baionako bestak?

Egon izan naiz egun-pasa, baina festetan inoiz ez. Gaztetan nire ilusioa zen parrandan joatea, baina ez naiz iritsi. Beraz, orain aizkorak dizkit ezagutaraziko festak, familian. Badut gogoa ikusteko bertako publikoa nolakoa izango den.

Joan-jin ala joan eta egon?

Goizez joango gara, eta gauean bueltatuko, beste harmonia batean; haur txikitxo bat daukagunez, berari begiratu behar diogu.

Plaza berak aldi berean har ditzake besta eta aizkora erakustaldia?

Bai, nik uste dut bakoitza joaten dela bere moduan, batzuk kirolean, beste batzuk kontzertu batzuk jotzen... denok osatzen dugu jaia. Era batera edo bestera, denontzako lekua egon behar da.

Basoan bakarrik entrenatzetik hiriko plaza erdigunera joateak zer sentsazio dakar?

Gu ohituta gara herri edo auzo txikietan aritzen. Daramatzat hamazazpi bat urte Bilboko plazara joaten Aste Nagusian, eta jarraitzen dut esaten niretzat plazarik garrantzitsuenetako bat dela: jende piloa hurbiltzen delako. Herri txikietan jendeak ezagutzen gaitu, eta ohituta dago gu ikustera, baina hirian ez. Herri kirola zabaltzea eta saltzea garrantzitsua zait. Alde horretatik, beraz, merezi du Baionan egotea, izango baita jende asko herri kirola inoiz ikusi ez duena.

Zenbat ontzatako zenbat enbor ebakiko duzu Patxa plazan?

Sei egur uste dut izango direla. Txanda librean egingo dugu, bikote mistoan. Emakumeon erakustaldietan izan ohi dira 4-5 enbor, eta neurria ezberdina: bi enbor 36 ontzakoak, enbor bat 45ekoa eta beste bat kana-erdikoa, hau da, metro bat eta erdikoa. Baina Euskal Herriko probintzien arabera aldatzen da.

Ipar Euskal Herrian lehentze duzu parte hartzen?

Mixel Berhokoirigoinen bidez, Ainhize Monjolosera [Nafarroa Beherea] joan ginen Laborantza Ganberaren festara, eta pilota partida jolastu genuen. Oso oroitzapen onak dauzkat.

Erakustaldiak zuretzat entrenamenduak direa?

Zerbait gehiago dira. Egia da entrenamendu moduan oso ondo etortzen zaigula, azkenean ez dugulako txapelketako presio hori, baina urduritasuna beti edukitzen dut, publikoari zor diogulako errespetua, eta saiatu behar gara daukagun onena ematen.

Aipatu izan duzu pandemia aitzin emazte «gutxi» zinetela; ondoren, aldiz, «zorionez» hamaika zaretela. Hala zarete gaur egun ere?

Hala da. Baina txapelketaren arabera, ez dugu denok parte hartzen. Urrezko aizkorako txapelketako lana izaten da hiru enbor tamaina txikikoak; orduan, denok ematen dugu izena. Baina Euskal Herriko Txapelketara begira, sei edo zazpi; lana handiagoa baita, eta jendeak ez duelako denbora edo motibazio nahikorik lan horretan izena emateko. Baina, apurka-apurka, beti bat edo bi gehiago gaude; beraz hori inportantea da.

Badea aski plazarik denontzako?

Bai. Egia esan, hasieran, beldurrez egoten nintzen: pandemia garaian, haurdun gelditu nintzen, eta pentsatzen nuen ez nindutela deituko, baina erabat erratuta egon nintzen, eskatzen dutelako neska zein mutil kopuru gehiago joatea. Oso pozik nago, malabarrak egiten ari naiz haurrarekin joan ahal izateko.

Nola ikusten dituzu Ipar Euskal Herriko emazte herri-kirolariak?

Ez dut uste emakumerik dagoenik. Pena ematen dit, garrantzitsua baitzait probintzia bakoitzean kirolari bat egotea, eta gehiago, emakumezkoa eta gizonezkoa. Faltan botatzen dugu emakumeen presentzia hori. Uste dut oso zaila dela herri kiroletan hastea, azpilan asko dagoelako. Gehienok daukagu edo aita, edo osaba edo auzo laguna herri kirolaria dena; hutsetik hastea oso zaila da. Uste dut Iparraldean hori gertatzen dela: Iparraldeko jokoetako herri kirolari gehiago dagoela, segalari edo aizkolari bat baino. Pozgarria izango zen hurrengo urteetan Iparraldean, Euskal Herriko kirol eskolen bitartez edo, emakumeak plazaratzea herri kiroletan, berdin da aizkoran, segan, trontzan... oso garrantzitsua baitzait gure kultura eta nortasuna mantentzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.