Kontzertu bereziak (eta IV). Azken guda dantza

Aizkolarien azken hatsa

1988ko urriaren 1ean Kortatuk lau urteko ibilbidea eten zuen, Iruñeko Anaitasuna pabiloian kontzertu gogoangarria emanda. Bidean hiru disko eta emanaldiko zuzenekoa utzi zituzten.

Xabier Montoia, M-ak taldeko kidea, oholtza gainera igo zen Kortatuk Anaitasunan eman zuen azken kontzertuan. KORTATU - AZKEN GUDA DANTZA.
Iñaki Lasa Etura.
2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Lagun artean, Anaitasuna pabiloia goraino beteta esan zuen agur Kortatuk. Lau urteko ibilbide loriatsua oholtza gainean itxi zuten irundarrek, 1988ko urriaren 1ean. Gerlariaren azken guda dantza. Kolpez kolpe. Kortatu betirako bizirik gabe utzi zuten arte.

Berezia zen azken gau hura. Agur esatea ez da inoiz erraza, eta une horietan lagunekin bat egitea bezalakorik ez da. Kortatu oholtzaratu aurretik, Delirium Tremensek hainbat abesti jo zituen, giroa jartzeko, eta gaua are bereziago egiteko. Mutrikuarrek amaitu zutenean igo ziren Kortatukoak. Milaka pertsona aurrean zituztela After-boltxebike abestiarekin ekin zioten kontzertuari.

Bata bestearen atzetik beren hiru disketako —Kortatu, El estado de las cosas eta Kolpez Kolpe— ereserki gehienak jo zituzten: La linea de frente, Desmond Tutu, Jimmi Jazz, Zu atrapatu arte... Fermin Muguruza etenik gabe zebilen alde batetik bestera. Kaki Arkarazo ere gitarra jotzen aritzeak askatasun gehiago eman zion abeslariari. Iñigo Muguruzari eta Treku Armendarizi ere gustura ikusi zitzaien. Talde bat baino, familia. Zaleek ere ongi baino hobeto pasa zuten. Fermin han izan ez balitz, hamaika eztarrik kantatuko zituzten abesti guztiak. Haiek ere berezi bihurtu zuten kontzertua, berotasuna jaso eta berotasuna eman zuten. Ziur ez dutela ahaztu gau horretan bizitakoa.

Lagunartean baino, familiartean egon baitziren Kortatukoak. Lau urtetan zehar egindako lagun ugari igo ziren Anaitasunako taulagainera. Xabier Montoia eta Mikel Insausti abestera igo ziren, Jabier Muguruza akordeoia astintzen ibil zen eta Anjel Valdesek perkusioa jo zuen. Horrez gain, pilotariz jantziriko haize atal baten laguntza ere eduki zuten. Inork ez zuen galdu nahi azken guda dantza.

23 urte eta erdi pasa dira energiaz beteriko festa hartatik, baina atzo izan balitz bezala oroitzen dute milaka jarraitzailek oraindik. Taldeak ez bezala, utzitako ondareak bizi-bizirik dirau. Hainbeste denbora pasa eta gero, Iñigo Muguruza ez da gehiegi oroitzengau hartaz, «hor dago bideoa eta horri esker daukagu oroitzapena, urte ugari pasa dira». Kontzertuaren ondorenaz, berriz, gogoratzen da; hasierako zatiaz bai, bederen: «Gogoan dut parranda egin genuela, lagun baten tabernara joan ginela, eta... hortik aurrera oroitzapenak lausoagoak dira. Baina beno, elkartzen garen bakoitzean garai zaharrak oroitzen jartzen gara, eta beti aldatzen doa errelatoa».

Irundarrak izan arren, Nafarroako hiriburua aukeratu zuten agur esateko. Iruñea bera, baina, batez ere, Anaitasuna pabiloia «Euskal Herrian gauza puntualak egiteko oso plaza berezia» dela azaldu du Muguruzak. Azken-aurreko kontzertua Irunen eman zuten, Ruper Ordorikarekin batera, Kilometroen harira kiroldegian egindako kontzertuan. Anaitasunakoaren bezperan izan zen, eta agurraren entsegu gisa baliatu zuten Kortatuko kideek.

Anaitasunako kontzertua hain ezagun bihurtzen lagundu zuen Nola! zigiluak zuzenekoaren audioa eta bideoa Azken Guda Dantza izenean publikatu izana.

Zentsura grabaketan

Bitxikeria gisa, frankismoaren ondorenean zentsuratu diren disko gutxietako bat izan da. Aizkolari abestian entzuten ziren ETAren aldeko oihuak estali zituen diskoetxeak. 1992an Esan Ozenki-k diskoa zentsurarik gabe berrargitaratu zuen. AEBetako MaximumRock&Roll aldizkariak inoiz grabaturiko zuzeneko disko onenen artean aukeratu zuen.

Kortatu utzi eta gutxira, Delirium Tremensen gitarra jotzen hasi zen Iñigo. «Anaitasunako kontzertua amaitzean Andoni [Basterretxea] etorri zitzaidan ea beraiekin jotzen hasiko nintzen galdetzera. Esan nion Nikaraguara nindoala bost-sei hilabetez. Hor egon nintzen ni Nikaraguan, gitarra zahar batekin Delirium Tremends taldeko kantuak entsaiatzen».

Kortatuk adio esan zuen, baina Muguruzatarrek eta Arkarazok gero arte esan zuten. Bi urte geroago, Mikel Abregorekin eta Mikel Kazalisekin batera Negu Gorriak hasi zuten hirurek. Gudariak hilobitik altxa eta dantzan hasi ziren berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.