Badator sagardotegi garaia. Urtarrilaren 11n hasiko da ofizialki; egun horretan egingo da irekiera ekitaldia, Astigarragako (Gipuzkoa) Alorrenea sagardotegian, eta gaur jakinarazi dute zeintzuk izango diren edalontzia kupelaren azpian jarriko duten lehenengoak: Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreak.
Aurretik, Astigarragako Sagardoetxea museoan izango dira biak, erakundeetako zenbait ordezkarirekin batera. Han, lehenik eta behin, uzta berriaren inguruko datuak eta ezaugarriak azalduko dituzte, eta aurtengo denboraldirako aurreikusitako ekintzen berri ere emango dute. Horren arduraduna Xabier Urdangarin Astigarragako alkatea izango da —Sagardun partzuergoko presidentea ere bada—, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin batera.
Gero, Garmendiak eta Plazaolak sagarrondo bat landatuko dute Sagardoetxean bertan, Alorrenera joan aurretik. Sagardotegian, sagar dantza egingo dute txalapartarien laguntzarekin, eta ondoren dastatuko dute aurtengo sagardoa bi aktoreek.
Txotx garaia lagun edo eragile ospetsu baten laguntzaz irekitzeko ohitura 1994an hasi zen. Andoni Egaña bertsolaria izan zen lehenengoa. Azken urteetan, hauek izan dira protagonista, besteak beste: AMAK taldea, A Bocados telebista saioko kideak, Izaro Andres abeslaria, Olatz Arrieta kazetaria, Alberto Iñurrategi eskalatzailea, Eneko Atxa sukaldaria, Aritz Aranburu surflaria...