Sagardo garaia

Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak baino gehiago al dakizu sagardoaz?

Sagardogintzari buruzko hitzen inguruan galdetu diete aktoreei, eta hobetu beharra dutela erakutsi dute.

BERRIA TB
2023ko urtarrilaren 11
20:06
Entzun

Sagardo sasoia abiatzeko ekitaldia egin zuten atzo, Astigarragan (Gipuzkoa), eta Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreak izan dira zeremoniaren gidariak, Alorrenea sagardotegian. Aukeraz baliatuta, BERRIAko Enekoitz Telleria kazetariak galdeketa egin die antzezleei, sagardogintzaren inguruko hiztegia zenbateraino ezagutzen duten ikusteko.

Emaitza ez da oso txinpartatsua izan.

Patxa zer ote den galdetu diete, esaterako, eta Garmendiak «patxapalabra» erantzun du, hitzen inguruko telebistako lehiaketa batean balego bezala. Plazaolak ausartago jokatu du, ausart bezain oker, eta Ibizako (Herrialde Katalanak) diskoteka bat ez ote den esan du.

Ziria zer den asmatu du Garmendiak.

Manttoni, potzulua, mozolua eta kizkia zer diren ikasi dute gero.

Dolarea zer den jakin dute, ordea.

Galdeketaren emaitzak bidea ematen du hauxe ondorioztatzeko: Adamek eta Evak fruta horretaz Garmendiak eta Plazaolak bezain gutxi jakin izan balute, gizakiak, agian, paradisuan biziko lirateke oraindik.

«Gure sagardo berria!» oihukatuta zabaldu zuten aurtengo sasoia. Aurretik, Sagardoetxean egin zuten ekitaldia, Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Aldundiko, Astigarragako Udaleko eta Euskal Sagardoa jatorri izeneko ordezkariekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.