Gasteizek eztanda egin du suziria botatzearekin batera. Hiria bost eguneko jaien zoramenean murgildua dago jadanik. Jaiei hasiera emateko ardura Gaztedi errugbi taldeak eta Araski saskibaloi taldeak izan dute. Taldeko ordezkariak Moises San Mateos (Gasteiz, 1970) eta Livia Lopez (Bilbo, 1979) dira. Suziria bota aurretik galdera batzuei erantzuteko tartea hartu dute.
Aurten zuek botako duzue suziria. Zein esan nahi du zuentzat horrek?
MOISES SAN MATEOS: Gasteiztar ororentzat, egun oso berezia da. Kasu honetan, gainera, guri tokatzen zaigu jaiei hasiera ematea, eta horrek ilusio ikaragarria sortzen dizu. Gainera, herri galdeketa batez aukera emateak balio erantsiaematen dio ekitaldiari. Guretzat, aitortza moduko bat da.
LIVIA LOPEZ: Guretzat ere lorpen handia da. Hasierako gonbidapena harriturik hartu genuen, baina, egia esan, pozez txoratzen gaude. Inoiz ez nuen pentsatu halako garrantzia duen ekitaldi batean parte hartzeko aukera izango nuenik.
Urduritasun berezirik sentitzen al duzue halako ekitaldi baten atarian?
L. L.: Jaien hasieran beti sentitzen dituzu sabelean tximeletak. Baina aurtengo arduragatik ez dut uste urduriago egongo naizenik. Azken finean, protokolozko ekitaldiak dira, eta ez dago inprobisaziorako tarterik. Guztia aldez aurretik prestatua dago, eta guk hori gauzatu besterik ez dugu egingo.
Bertigoak erasanda geratzeko beldurrik ba al duzue?
M. S. M.: Ez daukagu aukerarik hitzik gabe geratzeko. Teorian, ez dugu inolako kontsignarik ez adierazpenik egin behar. Guri suziriak botatzea besterik ez zaigu egokitzen. Gerta litekeen okerrena da suziria itzaltzea, eta hori ia ezinezkoa da. Hainbeste jenderen aurrean, Zeledonek eduki behar du patxada, eta ez guk.
Erabakia duzue taldekideen artean nork botako duen suziria?
M. S. M.: Gaztediren kasuan, nik botako dut, gure taldea ordezkatuz.
L. L.: Araski taldearen kasuan, ez dut nik botako. Taldeko jokalari batek botako duela erabaki genuen.
Herri galdeketa bidez aukeratu da nork botako duen suziria.
M. S. M.: Hasieran, EH Bilduren udal taldeari egokitzen zitzaion, txandakatze prozesua dela eta. EH Bilduko ordezkariek, ordea, protagonismoa gizarte zibileko eragileei eman nahi izan zieten, eta, horregatik, taldeei eta gizarte eragileei zerrenda batean sartzeko proposamena egin zitzaigun.
L. L.: Gurekin batera, Gasteizko txosnak, Hala Bedi irratia eta Gora Gasteiz eragileak zeuden zerrenda horretan. Boz gehien Gaztedik bildu zuen, eta gu bigarren geratu ginen. Gaztedikoek ekitaldian partekatzeko gonbidapena egin ziguten, eta guk onartu egin genuen. Eskuzabaltasun handiz jardun zuten gurekin.
Zergatik erabaki zenuten suziria elkarrekin botatzea?
M. S. M.: Araski gurekin batera borrokan aritu zen, eta pentsatzen genuen bigarren geratuta eskubide osoa zeukatela halako ekitaldi batean gurekin egoteko. Nesken taldea izanik, ibilbide bikaina egin dutela pentsatzen dugu, eta haien iraunkortasunak ere merezi duela halako aitortza sinboliko bat. Azken finean, ordezkatzen ditugun balioak berberak dira.
Aukeraketa hau harro sentitzeko modukoa al da zuentzat?
M. S. M.: Bai noski. Gaztedik 39 urteko ibilbidea du, eta eskertzeko modukoa da jendeak bere bozketa indibidualen bitartez horrelako aukera bat ematea. Izugarri poztu gara.
L. L.: Zaila da jaietan baino motibatuago egotea, baina aurtengo berezitasunak bere arrastoa utziko duelakoan nago. Suziria bota genuen urtea gogoratuko dugu denok aurrerantzean. Oroitzapen ahaztezina izango da. Ez dut zalantzarik.
Horrelako aitortza sinboliko batek balioko al du zuen egitasmoak finkatzeko?
L. L.: Nik uste dut baietz. Sariek eta aitortzek beti balio dute zure proiektua jende gehiagori ezagutarazteko. Araskiren kasuan, gehiago ikusteko balioko digulakoan nago. Gurea bezalako talde apalentzat ez da erraza baliabide ekonomikoak eskuratzea, eta, horregatik, zenbat eta jende gehiagoren ekarpenak lortu, orduan eta kaudimen gehiago izango dugu aurrera jarraitzeko. Gure kasuan, neska gehiagok izena ematea ondo etor dakidake.
M. S. M.: Nolabaiteko ospea izateko balioko digu. Uste dugu jendeak gutaz gehiago hitz egingo duela eta gure jardueren inguruan hedapen zabalagoa emango dela. Horrek jokalari berriak erakartzeko balio badu, ezin hobeto guretzako. Lehiakorragoak izaten lagunduko digu, eta arrakasta handiagoa eskuratzeko bidean egon gaitezke.
ATZEKOZ AURRERA. Moises San Mateos eta Livia Lopez. Gaztedi errugbi taldeko presidentea eta Araski saskibaloi taldekoa
«Aitortza honek ospea emango digu»
Jaien hasiera iragarriko duen suziria San Mateosek eta Lopezek bota dute aurten. Herri galdeketa baten bidez aukeratu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu