Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña eta Jon Maiaren ostean, gaur Aitor Sarriegiren txanda izango da, 20:00etan, Donostiako Doka kafe antzokian.
Bertsolaria bere bakardadean izeneko bertso saio berezietan bosgarrena izango da. Unai Elizasu gai-jartzailea izango du aurrean Gipuzkoako txapeldun bilakatu berri den bertsolari beasaindarrak. Ohiko bertso saioetan ez bezala, Sarriegik bakarrik egin beharko die aurre Elizasuk botatako erronkei.
Orain arte ez da horrelako bertso saiorik egin; horregatik, antolatzaileek esperimentutzat hartu dute, baina jende asko joan da orain arte egin dituzten saioetara.
Guztira, hamar bertsolari igaroko dira Donostiako Doka kafe antzokitik; hilabetean bat. Ohiko jardunetik irtetea dute helburu saio berezi horiek. «Bertsolari bat eta gai-jartzaile bat arituko dira, parez pare eta elkarrekin. Ez da ohiko saioa, eta, beraz, ez dago bermatuta saio ona izango dela. Ahalegina egingo dutela, hori bakarrik da ziurra», adierazi dute antolakuntzakoek.
Bertsozale guztiak gonbidatu dituzte ohiko arauetatik kanpo dagoen saio berezi horretara joatera eta esperimentuaz gozatzera.
BERTSOLARIABERE BAKARDADEAN
Non. Donostiako Doka kafe antzokian.
Noiz. Gaur, 20:00etan.
Aitor Sarriegiren txanda
'Bertsolaria bere bakardadean' bertso saio berezien bosgarren protagonista izango da Sarriegi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu