Zapi gorri bat, koadroduna, egurrezko mahaian pausatuta, eta lau arrosa fresko kristalezko pitxer luzexkan zutunik. Haritz handi baten itzala, eta oiloak belardian kakaraka eta aztarrika. Huntzak hartua du Telletxeako fatxada, baina leiho gorriak agerian daude, eta ate nagusitik ateratzen dira piano eta soka doinuak, ozen eta garbi. «Hori da nire aitona Valentinen musika», egin die harrera bisitariei Elena Berazadi Larreak, Valentin Larrea zenaren bilobak.
Eta mahaiaren inguruan da solasa. Zuhaitz baten azpian, Elena Berazadiren zuhaitz genealogikoa: Meliton Larrea birraitona, Valentin Larrea aitona eta Maria Luisa Larrea ama. Nahasten direnak esposatze bidez Tekla Iturberekin lehena, Teresa Auzmendirekin bigarrena, eta Jose Mari Berazadirekin azkena. Sustrai eta adar askoko enbor bat da, baina musikak kiribiltzen ditu denak. «Gure birraitona, Meliton Larrea Perez de Lazarraga, Zalduondotik joan zen Gabiriara. Bertako idazkari, maisu eta organista izan zen. Oso ohikoa zen garai hartan funtzio horiek izatea, udalak kontratatuta. Tekla Iturberekin esposatu zen, eta Gabirian jarri ziren bizitzen. Ormaiztegikoa zen birramona. Udaletxean jaio zen aitona, bere aita udaletxeko idazkari izanda han baitzuen etxea».
Berazadik ez du oharrik behar. Buruz dakizki datuak, eta pasioz ematen ditu azalpenak. 1876an jaio zen aitona, Gabirian (Gipuzkoa), eta txikitatik izan zuen dohaina musikarako. «Aitarekin egin zituen lehen ikasketak, eta 16 urterekin Madrilera bidali zuten; bost seme-alaba ziren, eta bera zen zaharrena. Madrilen egin zituen ikasketak, garai hartan puntakoak ziren irakasleekin». Han ezagutu zuen Teresa Auzmendi, «eta maitemindu egin zen izugarri». 1898an, Iruñean, Nuevo Casino Eslava berrantolatuan, pianista titularra izateko postu bat atera zuten oposiziora. «Gure aitona aurkeztu egin zen, eta aho batez eman zioten postua. Ezkondu egin ziren, eta etxebizitza bat hartu zuten Iruñeko Alde Zaharreko Txapitela kalean. Han bizi izan ziren 70 urtez. 1900ean ezkondu ziren, eta 1970ean hil zen aitona».
Tarte horretan, Casino Eslavako pianista izan zen, klaseak ematen zituen, eta konposatu. Lehiaketa askotara aurkeztu zen, eta sari asko irabazi. Horrela egin zuen bere ibilbidea. Baina hori baino gehiago nahi zuten jakin haren bilobek: «Gure ama 20 urterekin esposatu zen, Zarautzen. Zortzi anai-arreba gara. Zaharrenek harreman handia izan zuten aitona-amonekin Iruñean, eta ikusi zuten etxean aitona pianoa jotzen, konposatzen... baina gazteok, ez. Zarautzera etortzen zen, baina gure etxean ez zegoen pianorik». Aitonak, ordea, «behatzak egin» behar izaten zituen. Eta Zarautzen bizi zen orduan Mateo Mujika Urrestarazu gotzaina. «Oso lagunak ziren txikitatik, zeren Mateo Mujikaren aita Idiazabalgo idazkaria zen, eta aitonarena, Gabiriakoa. Elkarri asko lagundu zioten, eta familiek harreman handia zuten. Horregatik joaten zen aitona Mateo Mujikaren etxera. Ordurako, itsu zegoen Mujika, eta han jotzen zuen pianoa. Baina guk ez genuen entzuten».
1970ean hil zen aitona, eta Txapitela kaleko bere etxean, armairu baten gainean zeuden pilatuta haren partiturak, diplomak... «Gure amak sekulako kezka zeukan: zer egin obra ikaragarri harekin?». Galdu ez zedin, Elenaren ahizpa Maria Teresak esan zion amari: «Ama, Eresbilen utzi behar duzu hau guztia». Eta horixe egin zuten, 1981ean: haren obra guztia hartu, eta han utzi. «Gure ama asko lasaitu zen orduan».
Kaxa batean gordeta
Baina Valentin Larreak obra beraren bi original egiten zituen askotan. «Ez zegoen fotokopiagailurik, eta behar zuen ziurtasun hori eduki», eta bigarren original horiek Maria Luisa Larrea alabak gorde zituen, eta baita aitaren argazkiak, egunkarietako zatiak eta garai hartako albisteak ere. «Ama Zarautzen bizi zen, eta, hil zenean, haren etxea hustu behar genuenean, kaxa bat hartu nuen amaren gauzekin, eta hemen gorde nuen. Horrela gelditu zen gauza. Baina duela bi urte, Telletxean txukunketa batzuk egiten ari ginela, hartu nuen amaren kaxa hura, hartu nituen aitonaren partiturak, eta nire baitan esan nuen: 'Nola daiteke? Hau hemen izan, eta ez dakigu zer den. Ez dugu sekula entzun'. Ahizpari deitu, eta esan nion: 'Zerbait egin behar dugu honekin. Ez da posible aitonaren musika nolakoa zen ez jakitea'».
Han hasi zen dena. Pianorako obrak ziren gehienak, eta bururatu zitzaien piano bat alokatzea,pianista batekin hitz egitea, eta etxeko ganbaran, bederen, familiarentzat entzunaldi bat antolatzea: «Ama gogoan, aitonaren musika entzuteko». Baina norengana jo? Txingudi ikastolan zuzendari zen garaian ezagutu zuen Berazadik Itxaso Aristizabal pianista: «Betidanik jarraitu izan dut haren lana, eta harekin oroitu nintzen. Telefonoz deitu nion, eta laburbildu nion ideia. Irungo kafetegi batean bildu ginen, eta partiturak eraman genizkion. Esan genion zein zen ideia. Etxekoentzat, etxeko ganbaran... oso ideia polita iruditu zitzaion, eta aitonaren musika aztertzekotan gelditu zen. Asko gustatu zitzaion».
Itxaso Aristizabalek berretsi du esandakoa, eta nola kutsatu zen musikak hartaz ez ezik Berazadi-Larrea familiaren pasioaz ere: «Opari bat izan da hau guztia. Hasieratik, partiturak erakutsi zizkidatenetik: eskuz eginak, denak txukun-txukun... altxor bat. Begiratze hutsarekin konturatu nintzen zeinen ederrak ziren. Nire musika ulertzeko modutik oso hurbil sentitu nuen hasieratik: ez nuen esfortzurik egin behar izan, erraza egin zait lantzea». Eta landu zuen, eta aurkeztu zion lana familiari. Begiak bete zaizkio Berazadiri: «Bere etxera joateko eskatu zigun Itxasok, eta orduan izan zen: lehen aldiz, aitonaren musikaren akordeak entzun nituen».
Garbi izan zuten hasieratik musika hura grabatu egin nahi zutela, baina etxeko ganbarari buruzko zalantzak agertu ziren, eta beste bide bat hartu zuten: Iruñeko udaletxera jo zuten. Aitonak bere ibilbide guztia Iruñean egin zuenez, udaleko Kultura zinegotziarekin egin zuten zita, aurkeztu zioten egitasmoa, eta asko gustatu hari. 2019ko otsaila zen, eta tokia egin zieten irailean Iruñean Batasunaren Pribilegioa kari egiten den musika jaialdian. Non, eta Done Saturdi edo San Zernin elizan. «Sinetsi ezinda geunden. Familiaren eliza da. Gure aitona-amonak hara joaten ziren. Marko ezin hobea. Familia guztia joan ginen. Han hartu genuen denok ostatu. Sekulakoa izan zen».
Grabatu zuten emanaldi hura, eta sartu ziren «buru-belarri» proiektuan. Izan ere, Valentin Larreak, pianorako ez ezik, sortu zituen piezak sokarako, abesbatzentzako, organorako ere... Pianista eta bakarlaria izateaz gain, Aramendia izeneko boskoteko kide izan zen: bera pianoan, eta bi biolin, biola eta txeloa. Hamabost urte baino gehiago egin zituzten elkarrekin jotzen eta kontzertuak ematen. Donostian jotzen zuten, Hotel Continental delakoan. «Orain jada ez da existitzen. Gaurko Londres hotelaren alboan zegoen; 1970ean bota zuten. Belle époque garaiko jendea joaten zen hara, eta Aramendia boskoteak hamabi urtez segidan egin zuen han udako sasoia. Halako lanketaren ostean, pentsatzen genuen bere sokarako obrak ederra behar zuela izan ezinbestean. Haren partiturak hartu, eta berriro jo genuen Itxaso Aristizabalengana, esanez oraingoan orkestra bat behar genuela».
Gabiriako kontzertua
Kamerata Oiassoren berri eman zien hark, eta haiekin jarri ziren harremanetan: «Partitura guztiak eskuz zeuden, eta benetan interesgarria iruditu zitzaien. Garbi zegoen idatzita, baina transkribatu beharra zegoen dena. Horretan aditua den profesional batengana jo genuen, eta hamahiru pieza transkribatu genituen». Gabiriako Udalera handik, eta Gipuzkoako Aldundira hurrena. Guztien laguntzaz antolatu zuten iazko irailaren 20an kontzertua, Gabirian. «Han zeuden denak: alkatea, zinegotziak aulkiak paratzen... Oso kontzertu ederra izan zen, eta grabatu genuen: diskoa da emaitza. Oso momentu ederra izan zen».
Bostehun kopia atera dituzte, «familiak grabazio polit bat izan dezan, etaaitonaren musikaren promozioa egin ahal izateko». Baina nolakoa da aitonaren musika? Aristizabalena da ariketa: «Imajinatzen dut Valentin Larrea, joan den mende hasieran, hotel batean jotzen, jendea kafea hartzen... kutsu erromantiko hori dauka. Oso musika atsegina da, gozatzeko idatzia. Ez dauka korapilorik, badu halako gardentasun bat, garbitasun bat. Ez dauka harmonia arrarorik. Dena dago gozatzeko eta gustatzeko egina; plazerez jotzen da, eta jendearentzat ere gustagarria da, erraz sartzen delako, sinple, baina dotore eta alai».
Familiaren hurrengo proiektua da aitonaren musikarekin organorako programa bat osatzea. Berazadik dio kontzertuena «oso polita» dela, baina zikloa «bukatu» egingo dela. «Gure ideia da aitonaren musika orkestren eta taldeen errepertorioan sartzea, eta baita Musikenen eta Donostiako, Bilboko, Gasteizko eta Iruñeko kontserbatorioetan ere. Aitona zenbait esparrutan ezagutaraztea, eta, horrekin, amarekin geneukan zorra kitatzea». Horretan (ere) ari dira.
Aitona Valentinen doinuak
Valentin Larrea pianista gabiriarraren ondarea berreskuratzeko eta ezagutzera emateko lanean ari dira haren bilobak. Etxeko ganbaran antolatutako entzunaldi bat izan behar zuena grabazio eta disko bihurtu da, Itxaso Aristizabal pianistaren eta Kamerata Oiassoren eskutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu