ATZEKOZ AURRERA. Hasier Larretxea. Idazlea

«Aitak errieta egiten zidan liburuak erosteagatik»

Aizkolari eta harri-jasotzaile sendi ezaguneko semea izanik, herri kiroletako izar izan behar zuen Larretxeak. Baina gay eta poeta 'atera' zen. Liburu bat idatzi du, kontuak kitatzeko.

Edu Lartzanguren.
Donostia
2014ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Hasier Larretxea (Arraiotz, Baztan, Nafarroa, 1982) Donato Larretxea aizkolariaren iloba eta Patxi Larretxea herri kirolariaren semea da. Duela zortzi urte, Madrilera joan zen bizitzera, haurtzaroko baso eta belardietatik urrun. Baina itzuli egin da, hitzen bidez. Larremotzetik liburua aurkeztu zuen atzo, Donostian. Ereinek argitaratu dio.

32 urte dituzu. Ez al zara gazteegiamemoria liburu bat idazteko?

Bai. Baina distantziak badu eraginik, hau da, Madrilek. Zortzi urte dira hara joan nintzela, 24rekin. Hemen biziko banintz, ziurrenera ez nukeen hau idatziko. Fikzioa idatziko nukeen, edo poesiarekin jarraituko... edo ezer ere ez. Badu nostalgikotik anitz, nondik natorren eta abiapuntu horretara itzultzeko gogotik.

Haurtzaroko lekuetara ez gara itzultzen zenbat aldatu diren ikustera, baizik eta geu zenbat aldatu garen sentitzera. Zeu ere bai?

Gertatu izan zait oporretan itzultzea eta ikustea jendeak eta bizitzak berdin jarraitzen dutela baina hoberako egin dutela. Liburuan kritika zorrotza egiten diet hainbat afera eta jenderi, ordenamendu horren hertsiari. Neu zenbat aldatu naizen aztertu, eta iragana, isilune, korapilo eta familia gertaera gogorren kuestionamendu etengabea egiten dut. Testu batzuk kendu egin ditut liburutik, garratzegiak zirelakoan, kontu hartze pertsonalen tankera zutelakoan. Iraganarekin baketzeko eta zama kentzeko liburua da.

Gutako gutxi izango dira gurasoek espero zutena. Baina, zure kasuan, bereziki gogorra izan da?

Abizena pisu zitzaidan nerabezaroan. Nire musika, literatura eta kulturzaletasuna aitaren aurkako matxinada zen. Aitak errieta egiten zidan liburuak eta diskoak erosteagatik. Niretzat horiek babeslekuak ziren, neure burua aurkitzeko. Aurkeztu izan naiz Nafarroako Aizkolari Txapelketara, hirugarren mailan, eta Euskal Herriko Aizkolari Gazteen Txapelketara. Baina ez nituen bukatzen... Eskuak odoletan. Ez nituen aitaren esku horiek. Aitak oraindik esaten dit: «Baduzu harri-jasotzailea izateko gorpuzkera». Baina, orain, modu goxo batean esaten dit. Larretxea dut abizena. Etxea txapelez eta garaipen ikurrez beteta dago, gizonaren indarraren emaitza gisa. Ez zait erraza izan munduan neure tokia aurkitzea. Bilaketa sakona egin behar izan dut.

Bilaketa bainoago, ez al zen ihesaldia izan? Errefuxiatua zara?

Bai. Errefuxiatu emozionala. Eta aitor dut Baztanen ez nuela arazorik izan: aritu nintzen kulturalki, sozialki, irratian, euskalgintzan... Homosexualitatea era aske batean bizi izan nuen gaztetatik; LGTB talde bat antolatu genuen Baztanen. Baina horrek kostu bat izan zuen niretzat. Une batean, nekatuta nengoen, neure burua oso politizatua ikusi nuen, ematera behartua, proiektatzera. Neure baitakoak lantzea zen neure beharra. Madrilek ezezaguna izateko eta hutsetik hasteko aukera eman zidan.

Aita orain goxoago ari zaizula diozu. Aldaketa orokorra da?

Nik ulertzen dut herri kiroletako eta baserri munduko batentzat semea halakoxea izatea ez zela samurra izango hainbat urtez. Aldaketa handia ikusten dut familian, Baztanen eta, oro har, gizartean. Eta ez naiz bakarrik homosexualitateaz ari, orokorragoa da. Nabari da Euskal Herria beste ziklo batean dagoela. Irekitasun ziklo batean, errespetuaren eta elkar ulertzearen aldetik; pertsonen ongizatearen alde.

Lagun berriei kontatzen diezunean ez al zaizkizu harritzen: baina zu nondik zatoz, Brokebaztan Mountainetik?

Bai. Neuk ere gustuko dut kontatzea. Nik errealitatean bila dezaket literaturarako materiala, ez fikzioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.