Emmusikadas jaialdiaren antolatzailea

Saioa Dominguez: «Aisiaren hautaketarekin gizarte joera jakin batzuk sustatzen dira»

Samantha Hudson, Maruxak, Aurora Beltran eta Ane Martija izanen dira, besteak beste, Emmusikadas jaialdiaren laugarren aldian. Gaur hasiko da, eta igandera arte iraungo du.

Saioa Dominguez Emmusikadas jaialdiko antolatzailea. IÑIGO URIZ / FOKU
Saioa Dominguez Emmusikadas jaialdiaren antolatzailea. IÑIGO URIZ / FOKU
Ane Etxandi.
Iruñea
2024ko irailaren 12a
05:00
Entzun

Ertzetan dagoenari so egin, irratietan entzuten denetik aldendu, eta etxeko musika sustatu. Helburu horiekin abiatuko da Emmusikadas jaialdia gaur, Iruñean. Saioa Dominguez (Iruñea, 1989) Zentral aretoan koordinatzaile lanetan dabil, eta jaialdiaren antolaketan parte hartu du.

Gaur hasiko da jaialdia. Zer espero duzue?

Tristea da horrelako jaialdiak antolatu behar izatea, eta gure helburuetako bat da Iruñeko hiritarrak horretaz jabetzea. Aretoetako eta jaialdietako programazioek ikusezin bilakatzen dituzte emakumeak askotan. Horregatik, jendea kontzientziatu nahi dugu, eta gogoan izan dezatela aisiaren aukeraketarekin gizarte joera jakin batzuk sustatzen direla.

Zerk desberdintzen du Emmusikadas beste jaialdi batzuetatik?

Filosofiak, batez ere. Musikari ez ezik, gai sozialei ere arreta jartzen diegu: feminismoari eta LGTBIQ+ eskubideei. Horrez gain, tokiko artisten sustapena ere aldarrikatzen du.

Jaialdiak «galderak aurkezteko eta erantzunak proposatzeko» helburua dauka. Zeintzuk dira galdera horiek?

Hasteko, zergatik dauden programazioetan alde horiek gizon eta emakumeen artean. Eta ez eszenatokietan bakarrik; produkzioan, logistikan eta soinuan, besteak beste, emakumeen presentzia oso txikia da, eta alde horri ez diogu erreparatzen. Horrez gain, azaleratu nahi dugu kolektibo disidente bateko kide izateak ibilbidea zailtzen ote duen. Edo emakume izanda beti eder edo erakargarri aurkeztu behar duzun zeure burua.

Laugarren aldia izango da aurtengoa. Garapen bat egon da jaialdia hasi zenetik gaur egun arte?

Lehenengo bi urteetan udako kontzertuen zikloak antolatu genituen, eta Zentraleko terrazan egin genituen. Iaz egin genuen jauzi handia, eta jaialdi formatuan aurkeztu genuen, kontzertuez gain beste jarduera batzuk plazaratuta. Mahai inguruak eta bakarrizketak, batik bat. Aurten pixka bat murriztu behar izan dugu eskaintza, baina mahai inguruaren formatuari eutsi diogu. Ideia da musikarekin batera eztabaidarako eta hausnarketarako guneak ere egotea.

Uste al duzu kolektibo disidenteek espazio esparru gehiago okupatu dituztela? Samantha Hudson eta Maruxak izan daitezke arrakasta horren adibide...

Bai, zorionez. Egungo egoera ez da duela hamar urtekoa bezalakoa. Talde horiek onartzen dira, eta ospatu ere egiten dira. Baita kolektiboaren parte ez den jendeak ere. Duela gutxi, Burlatan [Nafarroa] Lumak jaialdia egin zuten, eta adin eta mota guztietako jendez beteta zegoen. Egia da azken urteetan asko normalizatu dela dena.

Hala eta guztiz ere, zure ustez, zergatik dira garrantzitsuak horrelako jaialdiak?

Uste dut zerbait seinalatzen duzunean eta etiketa bat jartzen diozunean ez dagoela guztiz normalizatua. Drag queen-en show bat dela, edo trans artista bat dagoela... Al Safir edo Gorka Urbizu, adibidez, artistak dira eta kito.

Erraza izan al da artista ezagunen eta hasi berrien arteko oreka aurkitzea?

Nahiko erraza da. Nafarroan laguntza handia dugu, Navarra music comission bulegoarekin, adibidez. Orain oso erraza da sortzen ari diren taldeekin harremanetan jartzea, tokiko datu base asko baitaude. Baina batzuetan zaila izaten da aukeratzea, jende on asko dagoelako. Jendea aurkitzea baino zailagoa izan da nor aukeratuko dugun erabakitzea.

Kontzertuez gain, mahai inguru bat ere antolatu duzue. Garrantzitsua al da musika eztabaidari eta hausnarketari lotuta egotea?

Bai, arte modalitate guztietan bezala. Artea eta kultura den guztiak inpaktu soziala du; mezu bat transmititzen dugu letretan, eta baita estetikan ere. Orduan, eztabaidagune hori funtsezkoa iruditu zaigu; doan, gainera, etorri nahi duten guztientzat.

LOTSABAKO

Entzun duzun azken abestia?
La sangre del pobre (Alcalá Norte).

Gomendatuko zenukeen disko bat?
Repion.

Artista edo talderik gogokoena?
Private Function.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.