Aiora Renteria Zea Mays taldeko abeslaria izango da aurtengo Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria. Haren hitzek emango diote hasiera Bilboko jaiei, eta Izaskun Pinedo Pinpilinpauxa konpartsako kidea izango da txupina jaurtitzeko arduraduna. Aste Nagusia abuztuaren 19an hasiko da.
Udalaren Jaietako Batzorde Mistoak aukeratu du Renteria. Bilbotarra da jaiotzez (1976), musika irakaslea ogibidez, eta 1997az geroztik Zea Mays laukoteko abeslaria da; iaz 25 urte bete zituzten agertoki gainean, eta aurten Adarra saria jaso du Renteriak, taldekideekin batera. Eten bat egin behar izan zuen, ordea, 2021ean, minbiziaren ondorioz; sendatzean argitaratu zuten Adore, kemena, kuraia (2022) orain arteko azken diskoa.
Txupinera, berriiz, Izaskun Pinedo Pinpilinpauxa konpartsako kidea izango da. Konpartsen artean zozketa bidez erabakitzen da haietako zeini dagokion txupinera izatea, eta konpartsako kideek emakume bat aukeratzen dute barne hautaketa baten bitartez. Pinedo ohore hori izango duen 43. emakumea izango da.