Aihotz plazan euskarak lekua bereganatu du, Gasteizko jaietan bere presentzia areagotzeko. Uztailaren 31n txosna eta agertokia muntatu zituztenetik dozenaka ekitaldi antolatu dituzte, eta guztietan euskara lehenetsi dute. Umeentzako jolasak, sagardo dastaketak, euskarazko rapa eta bertso saioak, besteak beste, ezinbesteko osagai izan dira bertaraturiko jendea sentipen onarekin joan zedin. Abuztuaren 5etik gaur arte, egunero bertso saioak izan dira, Euskal Herriko hainbat bertsolariri beren dohainak erakusteko aukera emanda. Atzo eguerdiko eguzkipean, lau bertsolarik parte hartu zuten: Jon Maia, Alaia Martin, Ruben Sanchez eta Asier Rubio aritu ziren plaza girotzen, ordubete luzez.
Gutxinaka-gutxinaka, bertsozaleak gerturatuz joan ziren, eguerdiko bero lehorrari aurre eginez. Estalkien azpiko eserlekuetan tokia hartu, eta itzalean babestu ziren berotik ihes egin nahian.
Lau bertsolariek agurra egin ondotik, gai-jartzaileak haien herriko festetako momenturik gogokoena deskribatzeko eskatu zien. Maiak Zumaiako marinelez janzten dela abestu zuen; Rubiok bere herrian egiten den txapel jaurtiketa izan zuen hizpide, eta Martinek Oiartzungo jaietako sokamuturra izan zuen hizpide, nahiz eta, bere esanetan, ajeak bertara joatea eragotzi zion. Azkenik, Sanchezek, gasteiztarra izanik, Zeledonen jaitsiera aipatu zuen.
Horren ondotik, jaietan saihestu beharreko une bat abesteko eskatu zieten. Martinek, bere emakume izaera nabarmenduz, eraso sexisten aurkako aldarria zabaldu zuen. Haren esanetan, saihestu beharreko unea bakarrik eta etxerako bidean norbaiten erasoa izateko «beldurrak» dakar. Rubioren esanetan, saihestu beharreko unea hurrengo egunean «Ez naiz aterako!» pentsatzea da. Maiaren esanetan, berriz, egunsentiaren etorrerarekin oheratzea «saihestu» zuen.
Hasierako aurkezpenaren ondotik, gai-jartzaileak kazetari eta argazkilari lanetan jarri zituen Rubio eta Martin; lehena kazetari gisa, eta bigarrena, argazkilari lanetan. Aihotz plazako egoera deskribatzeko orduan haien desadostasunak agertzeko esan zieten. Martinek argazkiek eskaintzen duten objektibotasuna azpimarratu zuen, eta irudiaren indarra aldarrikatu zuen, Aihotz plazara joan zen jende guztiari erreferentzia eginez. Rubiok idaztearen artea goraipatu zuen, eta nabarmendu zuen Aihotz plazan sartu-irten ugari egiten direla, baina eguzki izpien bero sapak jota, askok, tabernetara jotzen dutela.
Ondoren, Maia Gasteizera etorritako atzerritar gisa jardun zen. Sanchez, berriz, gasteiztarra izanik, haren zalantzak argitzeko lanetan jarri zuten. Maiak Gasteizko jaietan egiten diren prozesioak izan zituen hizpide, «integrista katolikoen» antza dutela aipatuz. Sanchezek erantzun zion Gasteizen barnealdeko ohiturak zentzu erlijiosoko ohiturak izatea dela «arau», eta kostaldeko «atzerritar» batek ez daukala halakoak ulertzeko ahalmenik. Maiak Senegaldik etorri berri dela nabarmendu zuen, eta, krisiari erreparatuz, adierazi zuen Gasteizen ez duela haren arrastorik ikusi, taberna guztiak «leporaino beteta» daudelako. Sanchezek erantzun zion aurrezki guztiak «gastatzeko» garaia izan ohi direla jaiak.
Sanchezi lagun kuadrillan besteei argazkiak ateratzen ibiltzen denaren rola egokitu zitzaion. Beste hiruren zein argazki ez lukeen Whatsappera igoko galdegin zioten. Rubiori erreferentzia eginez, maitale batekin «musuka» ari zen argazkia atera ziola abestu zuen. Martinek zeramatzan leotardo botei erreparatu, eta horiek hautsita zeuzkala argazki bat atera dizkiola aipatu zuen. Hiru bertsolarien erreplika iritsi zen gero.
Saioari agur esateko, lau partaideak preso dauden bertsolariez oroitu ziren, Ekaitz Samaniegoz, besteak beste.
Aihotz plazan euskara arnastuz
Beste egun batez, euskararen aldeko jarduera anitz antolatu dituzte Aihotz plazan. Lau bertsolarik beren dohainak erakutsi dituzte agertokian, eta txaloka jarri dituzte herritarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu