Musikaria

Lide Hernando: «Piratek jai herrikoien alde egiten duten lana oso beharrezkoa da»

Donostiako Aste Nagusia hasi da, eta haren barnean, programazio oparoa antolatu dute Donostiako Piratek. Lide Hernando gaur igoko da Flamenkako oholtzara, Bele proiektua aurkeztera.

Lide Hernando, Donostiako portuko ateetan. JON URBE / FOKU
Lide Hernando, Donostiako portuko ateetan. JON URBE / FOKU
urko iridoy alzelai
2024ko abuztuaren 11
05:00
Entzun

Bere hiri edo herriko jaiak gogo handiz bizitzen ditu herritar bakoitzak. Atzo hasi zen Donostiako Aste Nagusia, eta harekin batera, Lide Hernando (Donostia, 1991) musikariaren ustez, Donostia «donostiarrez betetzen den» garaia. Lehenago Donostiako Piraten oholtzan Liher taldearekin jotakoa da Hernando, eta aurten, berriz, bertan egongo da, baina, orain, proiektu berri batekin: Bele. Gaur da kontzertua, Flamenkako oholtzan, kaian, su festaren ondoren.

Proiektu berria duzu Bele, eta, joan den urtean aurkeztu arren, orain Donostiako Aste Nagusian jotzeko aukera sortu zaizu.

Hala da. Apirilean aurkeztu genuen Bele, Donostian, eta orain, urte berean, bertan jotzeko aukera izatea ikaragarria da. Gogotsu nago, hiriko jaiak ilusio handiz bizitzen ari naiz eta. 

Flamenkan joko duzu.

Hori da. Suen ondoren izango da gure txanda, eta gure ostean Hofe izango da. Ez dut inoiz izan aukera Hoferekin batera aritzeko oholtzan, eta uste dut, biok estilo oso ezberdinak izan arren, binomio ederra osatzen dugula.

Ez da Donostiako Aste Nagusian jotzen duzun lehen aldia, ezta?

Hori da. Flamenkan pare bat aldiz jo genuen Liherrekin. 

Zer garaitan dago Bele?

Hastapenetan dagoen proiektu bat dela esango nuke. Liherretik natorrenez, agian jendeak zertxobait ezagutzen nau; beraz, esan daiteke ez dela hutsetik hasitako proiektu bat. Baina, hala ere, hasierako ezaugarri asko bizi ditugu azken hilabeteetan. Leku askotan lehen aldiz jo dugu, eta jende despistatu asko aurkitu dugu plazetan. Nik uste jende asko konbentzitzen ari garela, gu ezagutu gabe joaten direla entzutera, baina gero bertan gelditzen direla. 

Zer esanahi dute piratek zuretzat?

Oroitzapenak ekartzen dizkit piratetan sortzen den giroak. Oraindik gaztea naiz [barrez], baina oraindik gazteagoa nintzeneko bizipenak etortzen zaizkit gogora, ni ere saltsa horretan ibilitakoa naiz eta.

Nola definitzen duzu Donostiako Aste Nagusia?

Nire ustez, bi aurpegi argi ditu. Bata alde ofizialagoa da, suak, izozkiak eta zezenak jorratzen dituena, eta bestea, piratek sortzen duten programazioan sartzen dena. Tamalez, biak ez dira bateragarriak gaur egun. Halere, danborradarekin eta San Tomas egunarekin batera, urteko data bereziena da donostiar guztientzat. Aste Nagusian Donostia donostiarrez betetzen da.

Beharrezkoa da Donostia bezalako hiri batean Piratek egiten duten lana?

Erabat. Jai herrikoien alde Piratek egiten duten lana oso beharrezkoa da. Borroka horren harira aldarrikatzea eta saretzea oso garrantzitsua da, nire ustez. Donostia jada ez da gurea, ez da herritarrena. Nik, adibidez, etxebizitzaren kostua dela eta, Pasai Donibanera [Gipuzkoa] mugitu behar izan dut. Ia ezinezkoa da jaio naizen hirian etxe bat lortzea. Oso argi daukat Donostiak nire jaioterritik bota nauela.

Jai giroan hiria aldatu egiten al da?

Nik uste dut baietz. Udan hiriak aldaketa bat izaten du, eta den-dena turismora bideratzen da; ez dauka inondik inola ere herri baten itxura. Egia da urtean zehar turistifikazioa oso handia dela, baina udan, are gehiago. Horregatik azpimarratzen dut Piraten lana oso beharrezkoa dela, jai herrikoiak mantentzen dituztelako, eta jai giroaz disfrutatzeko leku bakarrenetarikoa delako Donostian.

Bilakaera handia izan du Aste Nagusiak azken urteetan?

Bilakaera izan duela baino gehiago, esango nuke orain jende askoz gehiago etortzen dela. Hala ere, etorri diren horiek turistak dira. Piratak, berriz, gorabehera batean ibili dira beti, garai potenteagoekin eta ahulagoekin, eta orain, duela urte batzuk, nik dakidanez, belaunaldi berri batek hartu du ardura, eta hasi dira berriro ere martxa hartzen.

Jaietan baduzu urtero errepikatu beharreko ohiturarik?

Ez dut izan urtero-urtero errepikatzeko ohiturarik, azken urteetan kontzertuak ematen eta kanpoan ibili naizelako, joan-etorrian, baina saiatzen naiz beti kuadrillarekin gau bat pasatzen, parranda bat gutxienez haiekin egiten. 

LOTSABAKO

Flamenkan ikusitako kontzerturen bat? 2017an Iseo & Dodosoundek emandakoa.

Donostiako Aste Nagusiko momenturen bat? Irrikitaldia.

Suak eta izozkiak, bai ala ez? Ez.

Donostiako txokoren bat? Intxaurrondoko Zubiaurre pasealekua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.