Ahuntz gazta oinarri hartuta prestatu du Iker Markinezek aste honetako errezeta.
Bi patata
Hiru raf tomate
Lau marrubi
Letxuga bat
Tipulin bat
Irasagarra
Intxaurrak
Oliba olioa
Ozpina
Ziapea
Gatza
Honelako entsalada bat prestatzeak ez du aparteko zailtasunik, eta osagaiek emango diote berezitasuna. Beraz, zenbat eta osagai, kolore eta testura gehiago izan, orduan eta entsalada erakargarriagoa osatuko dugu.
Errezeta prestatzen hasteko, lehenik eta behin patatak egosiko ditugu. Lapiko bat urez bete eta bertan egosten jarri patatak. Pataten tamaina kontuan hartu eta ongi bigundu arte eduki uretan, ordu erdi bat, gutxi gorabehera. Ondoren, atera eta hozten utzi.
Oraindik ez da gure baserrietako tomateen sasoia, baina bai raf motako tomateena. Normalean, Levante aldetik iristen zaizkigu, Herrialde Katalanetatik. Tomateak garbitu eta pusketatxoetan moztu. Letxuga garbitu eta moztu juliana eran. Ondoren, marrubiak garbitu eta bakoitza lau puskatan moztu. Intxaurrak zuritu eta mamia atera ostean, zatitxo txikiagoetan moztu. Irasagarra ere laukitxoetan moztu.
Azkenik, tipulina puska oso txikietan moztu, eta ontzi batean jarri. Ontzi horretara oliba-olio txorrotada bat bota, eta ozpin eta ziape pixka bat ere bai. Ongi nahastu dena.
Ahuntz gazta errulo forman topatuko dugu normalean. Erruloa lau xafla borobiletan moztu. Patatak zuritu eta bakoitza lau xaflatan moztu.
Patata xaflak plateraren erdian jarri. Gatz pitin bat bota. Gainean letxuga moztua jarri, eta eman menditxo baten forma. Tomate puskak, berriz, letxugaren inguruan kokatuko ditugu. Irasagar zatiak tomateen tarteetan jarri, eta irasagar bakoitzaren gainean intxaur pusketak zabaldu, baita tomateen inguruan ere.
Azkenik, plantxa edo zartagin bat berotzen jarri, eta, ondo berotu denean, bota ahuntz gaztazko lau xaflak bertara, batere oliorik gabe. Pazientzia pixka bat izanda, eta gazta zatiak ukitu gabe, utzi xaflak zartaginean, beheko aldea erre eta gorritu arte. Gorritu direnean, atera eta jarri gazta zati bakoitza letxugaren gainean.
Bukatzeko, entsalada ongi-ongi bustiko dugu olioz, ozpinez eta ziapez egindako nahastea botata.