Ahuakate ondoak kateatu dira Euskal Herrian ere

Ahuakate ondoen ekoizpena zalu hedatzen ari da Euskal Herrian. Getariako Lahardi etxaldean duela hiru hamarkada hasi ziren; berrikiago bertze guziak. Bertako klimari eta lurrari ongi egokitzen zaie zuhaitza, baina arta bereziak behar ditu, sustut neguko malda igaiteko.

Rafa Gartzia, Alonsotegiko bere ahuakate ondoen artean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ainize Madariaga
2022ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Xanpaina bezala, esperientzien zoriak sortu istripuzko edireiteak dira, zeinak gerora, lanaren temak findutako emaitza bilakatzen baititu, kalkulatutako istripuaren errepikapena. Ahuakate ondoak ere kasik istripuz ailegatu dira Euskal Herrirat. Haatik, haien ekoizpena, klima tropikalaren fruitua baino gehiago, arbolen zainketa artatsuak sortu izerdiarena da: ahuakate ondoak egokitu daitezke Euskal Herrian, fruitua ekar lezakete, baina negu dorpearen gainditzeko ezinbertzekoak zaizkio arta bereziak. Gainera, ez irudian, iragan den uda idorraren agorra haientzat ere ez da onuragarria.

Getariako (Gipuzkoa) Lahardi etxaldea da Euskal Herriko lehen ahuakate ekoizlea. Duela 38 urte abiatu zen istripua, Nikaraguan. Jon Goenagak han egin baitzuen ahuakate ondo «deigarri» harekin topo, lehentze. Baina «ezinezkoa» iruditu zitzaion orduan bere baserrian hazten ikustea. Alta, Kaliforniarat egindako bidaiak trenkatu zuen afera: hurbilagotik ezagutu baitzuen zuhaitza Goenagak, eta «baserri atarian proba bat egitea otu» zitzaion.

Hala, zuhaitza istripuz ezagutu bazuen ere, oraingo egunean daukaten ekoizpena «lan handiaren fruitua» izan dela azpimarratu du. Arbolen emankortasunak etxeko haur gehienaren sortzearekin bat egin zuen, duela hogeita hamar urte: «Lehen ahuakateak gure seme zaharrena jaio zenean jan genituen, 1994an. Etxera bisitan etortzen zen jendea asko harritzen zen fruta harekin. Gehienei higuin ematen zien».

Urte hartan berean hasi ziren ahuakatea saltzen, etxaldeko bertze mozkinekin bezala, sasoian sasoikoa: ilarra, tomatea, babarruna, fruta mota ezberdinak eta txakolina. Oro manera ekologikoan. Garai hartan, ahuakatea oraino ezezaguna zelarik, ez zituzten dendek baizik kontsumitzen. Baina, gaur egungo ahuakatearen boomaren ondorioz, gainerako produktuak saltzen dituzten guneetan ahuakateak ere eramateko eskatzen diete. Baina hautatu egiten dute non saldu: «Jasangarriak diren saltokietan eta bertakoa eta produktuaren kalitatea kontuan hartzen duten jatetxeetan».

Istripuak trikaturik

Rafa Gartzia ere istripuz hasi zen Alonsotegin (Bizkaia) ahuakateak ekoizten, 2019an. Adiskideekin garagardo baso zenbait hurrupatzeak piztu zuen proiektuaren pindarra: baizik eta Arrietan (Bizkaia) bazela ahuakate ondo «ikusgarria», eta joateko ikustera. Gomendioari kasu egin zion noizbait ere Gartziak. Orduan fruituz beterik kausitu zuen.

Ondoko astean, adiskideak iragarri zuen lana utziko zuela ahuakateak ekoizteko, betiere garagardoen giro tropikalean. Ororen buru, denborak aitzina egin zuen, eta adiskidea ez, baina Gartzia lotu zen ideiari. Informazioa bere baitarik biltzen hasi zen, eta furgonetaz egin zuen joan-jina Malagarat (Espainia), ehun ahuakate ondoz kargaturik. «Gaizki aterako balitzait, ba hor konpon. Baina landatzen hasi nintzen, eta ongi zihoakidala! Hemen naukazu, loriaturik, arbolez maitemindurik. Egun guziez han naiz, arbolen artean. Jendea harritua egoten zen niri begira, nola zaintzen nituen ikusten».

Geroztik, baditu bertze horrenbertze landaturik, orotarat 250 bat baitauzka. Fruituak dastatu ditu jada, «ahotik ezin utziak». Heldu den maiatzetik goiti mozkin kopuru handia biltzea espero du; horregatik, bere fruituak zinez preziatuko dituen erosle bila dabil orain Gartzia, ahalaz Euskal Herrikoa.

Xixo Aiestaran Galiziarat egindako bidaiak lotu zuen ahuakate ekoizpenera. Asturiasera egin zuen bertze harat-honat bat, Aguacastur enpresaren esperientziatik ikasteko. Hala, Lesakan (Nafarroa) paratu zituen iaz 320 ondo, eta aurtengo maiatzean bertze 330. Orotara, beraz, 650 ahuakate ondo dauzka Aiestaranek, haien fruiturik ez du dastatzeko oraino aizinarik ukan. Baina haien bilketa nola iraunaraz hausnartua du; zuhaitz barietate desberdinei esker: «Lehengo urtean Hass motakoak ezarri nituen; aurten, berriz, Lamb Haas: igualtsua da, baina lehenago eta gehixeago ematen du honek. Gainera, batek egiten du lehenik, eta bi hilabeteren buruan bertzeak ontzen dira; hola, bortz bat hilabetez izanen da ahuakatea. Ez duzu dena kolpean bildu behar».

Ongi bidean, 2024an dasta litzake lehenbiziko ahuakateak: «Aurten negua suabea egiten badu, datorren maiatza-ekainean aterako zaie lorea eta fruitua, eta 2024an jateko moduan izango dira. Fruituak kasik urtebete behar baitu ontzeko».

Hotzak erre eta arrangura

Ahuakateak daukan zailtasun handienetarikoa Euskal Herrian neguko malda iragaitea da. Goenagak halaxe laburtu du hiru hamarkadako eskarmentuak erakutsi diona: «Beroa da gure kliman zuhaitza egonkor hazteko arazoa. Bero handia behar du zuhaitz honek, eta nahikoa da neguko izozte bat zuhaitz guztiak sustraietatik erretzeko». Preseski, ekoizpena handitzen entseatu zen duela hamar urte; alta, neguko hotzak 70 landare erre zizkion. Iaz landare gehiago landatu zituen: «Oraingoan badut esperantza txiki bat».

Bada horretarako aterabidea: zuhaitzak estaltzea. Lesakan hori egin du Aiestaranek: «Abuztuan paratu nituen berandu, egun ederrak baliatzeko; urtarrilean tapatu nituen, izotza egin baitzuen hamalau egunez. Martxoan altxatu nituen oihal horiek, baina, apirilean elurra egin zuenez, eta hiru egunez izotza, laurogei ondo izoztu ziren».

Gartziak ongi prestatu zuen lurra zuhaitzen errezibitzeko: belarra moztu, lurra irauli, behar ez ziren sustraiak kendu, abere ongarria bota eta tantakako ureztatze sistema paratu zuen. Gainera, pare bat putzu eraiki zituen 80.000 litro euri ur atxikitzeko. Horrekin aski ez, eta arbola bakoitzaren inguruan plastiko mikro-filtratua ezarri zien, lurrak arnasa har dezan, tinka ez dadin, eta, aldi berean, behar ez diren landareak ez dakizkion atera. «Bestela, bertako landareek janen lukete. Ororen buru, zaintzen ez badituzu, ez dira hazten». Nola ez, neguan tapatu ditu: «Ahal bada tapatu behar dira, xamurra baita landarea, eta izotzak harrapatzen badu... ttikiak direlarik batez ere, ba jai du. Negua da inportanteena, nola pasatzen duten».

Artak arta, neguko estalketa salbu, Getariako Lahardi baserriko ahuakateak «berez» hazten direla aitortu du Goenagak, aklimatazio onaren seinale: «Neguan hotzetik babesten saiatzen gara ahal den neurrian, baina, udako beroaz eta euri uraz soilik baliatzen garenez, ez diegu arreta berezirik eskaintzen. Sasoiko tenperaturen eta oro har klimaren esku dago batez ere zuhaitzen geroa».

Alonsotegin ere, zuhaitzen lehen urtean salbu, orain ez ditu haboro estaltzen, baina udak arranguratzen du kasik gehiago: «Orain ez diet ezer ezartzen, ikusten baitut neguari ongi aitzi egiten diotela. Alta, udari doi-doietarik egin diote aitzi; uda kasik negua baino makurragoa da». Gartziak hatsa hartu du egunotako euriteekin, ikusten baititu berriz pizten eta hazten.

Ur eskasiaren lur agorra

Andres Ibarra Aguacastur enpresako sortzaileetako bat da; hark laguntzen die Euskal Herriko ekoizleei ahuakate ondoak landatzen. Aspalditik lanean ari da Espainia hegoaldeko ekoizpenekin, eta, gerora, Asturiasen muntatu zuen ekoizpen eta gomendio enpresa. Hortaz, baditu ikusirik klima eta lur mota frankotan ahuakate ondoak. Hotzak arranguraturik, barietatearen hautua egin dute penintsularen iparraldeko lurrendako. Kontatu du berez ahuakatea Erdialdeko Amerikatik datorrela, klima epel eta lur bolkanikotik. Alta, Espainiarat eraman zutelarik, buztin lurrak ez zion zuhaitzari arnasten uzten.

Horregatik, Europa hegoaldeko lur eta klimari begira, egokitzapenak egin zizkioten: «Zuhaitza bitan zatituz gero, pean patroia dauka; gainean, berriz, barietatea. Pekoa Mexikotik ekartzen dugu hotzari hobeki aitzi egiten diolako, erresistenteagoa delako, zero petik bat edo biraino. Barietatea, berriz, Hass da. Merkatuak hori nahi du, askoz gehiago irauten duelako. Saldu ahal izateko, Hass barietatea bakarrik erabili behar dugu. Euskal Herrian ongi hazten da zuhaitz hau, baina horretarako ongi zaindu beharra da, oso delikatua baita».

Euskal Herriko ekoizleek bat egiten dute ahuakate ekoizpenari lotzen zaion fama txarra garbitze aldera: ur kopuru handiaren beharrak dakartzan kalte ekologikoak. Ibarrak argitu du: «Ur asko behar duela kondaira hutsa da; lur oso drainatua bada, bai, baina buztin lurra baduzu, ez, eta Euskal Herriko lurra holakoa da. Hori diote ahuakateari protagonismoa kentzeko. Idiki kilo bat lortzeko 15.000 litro ur behar dira».

Aiestaran ere antzera mintzatu da: «Ura heldu zaigu zerutik. Behar da neguko euri ura baztertu, udan ureztatzeko, ingurumenari kalterik egin gabe, batez ere etorriko diren uda idorrei begira. Mexikon eta Malagan fama txarra du ahuakate ekoizpenak, errekak idortu baitituzte. Han arbolak mozten ari dira. Hemen, ordea, kalterik ez da egiten».

Bururatzeko, erran behar da Euskal Herrian ahuakatea ekologikoki ekoitzi daitekeela, erreportaje honetako guziek egiten duten bezala, zuhaitzak behar dituenak kausi baitaitezke sanoki. Ibarrak honela laburbildu du: «Alde batetik, ekai organiko asko eskatzen du, baina Euskal Herriko lurra aberatsa da berez; beraz, guti behar du horretatik. Gehiago eman liezaioke nahi bada, fiteago eta hobeki haz dadin, baina ekologikoki. Bertzetik, eritasunei aitzi egiteko tratamenduei dagokienez, kezkarik ez dugu, ez baitugu eritasunik atzeman oraingoz!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.