ATZEKOZ AURRERA. Irene Vallejo. Idazlea

«Ahozkotasunari eginiko omenaldia ere bada»

Liburuen jatorriari buruzko saiakera atsegingarri, osatu eta arrakastatsu bat idatzi zuen Vallejok. Euskarara itzuli du Fernando Reyk, Pamielaren eskutik: 'Infinitua ihi batean'.

Fernando Rey itzultzailea eta Irene Vallejo idazlea, Iruñean egindako aurkezpenean. KIKE MORA.
jakes goikoetxea
2021eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Filologia klasikoko irakasle eta ikertzaile gisa, liburuen sorrerari eta eboluzioari buruzko ezagutza asko metatu zuen Irene Vallejok (Zaragoza, Espainia, 1979). Era guztietako irakurleei zabaldu eta helarazi zien 2019an, El infinito en un junco liburuaren bidez. Istorio itxurako saiakera bat. Saiakeren Espainiako Sari Nazionala jaso zuen iaz, eta gehien saldutako liburuetako bat izan da urteotan. Euskaraz ere irakur daiteke, Fernando Reyren itzulpenari esker (Pamiela). Vallejok «bizi» eta «gozatu» egin du itzulpen prozesua.

Zein da gakoa saiakera batek halako arrakasta izateko?

Uste dut gakoa izan dela liburu saltzaileek, liburuzainek, irakasleek eta irakurleek komentatu, oparitu eta hari buruz hitz egin dutela sare sozialetan. Beste irakurle batzuei esan diete ez dela beldurtzeko moduko saiakera bat, eleberri baten plazerarekin irakurtzeko liburu bat baizik. Lotura bat gertatu da irakurleekin: hunkitu egin dira.

Zergatik?

Fernando Reyk oso ondo adierazi zuen elkarrizketa batean: txikiaren handitasuna eta hauskorraren sendotasuna aldarrikatzen du. Irakurle asko identifikatu dira horrekin eta humanitateen defentsarekin.

Saiakera izateko, ez du idazkera akademikoa. Abenturak, datuak, osagai autobiografikoak eta abar nahastu dituzu. Zure jakituria baliatu duzu dibulgazioa egiteko.

Hiru garai profesional pasatu ditut: lehena, akademikoa, non lan eta artikulu akademikoak argitaratzen nituen, eta doktore tesia ere egin nuen; bigarrena kazetaritza izan zen, eta kazetariengandik asko ikasi nuen informazio korapilatsua edozeinek ulertzeko moduan emateko gaitasunaz; eta gero fikzioa dago, liburu honen aurretik beste liburu batzuk argitaratu bainituen. Pentsatzen nuen Infinitua ihi batean nire azken liburua izango zela, eta ikasitako guztia izatea nahi nuen.

Irakurlea eskutik eramaten duzu. Irakurtzean, badirudi norbaitek belarrira xuxurlatzen duela istorioa.

Neure buruari galdetu nion ea posible izango ote litzatekeen nik ikertu nuen guztia istorio baten egituraren barruan kontatzea.

Nola lortu duzu ahozkotasunari hain lotutako idazkera bat?

Koblakari baten moduan kontatzea zen erronka. Ahozko narratzaile batzuekin hitz egin nuen, eta haien ikuskizun batzuk ikusi nituen, ahozko narrazioaren teknikak zein ziren jakiteko, eta ikusteko zeintzuk pasatu zitezkeen idazketara.

Liburuei eta irakurketari buruzko liburu bat da, baina ahozkotasunari buruzkoa ere bai?

Bai: idazketari egindako omenaldia ez ezik, ahozkotasunari egindakoa ere bada. Sarritan, gutxietsi egiten da ahozkotasuna, idazketarekin alderatuta; baina gure iruditeria gehienak ahozkotasunean sortu ziren, eta ahozkotasunak literatura idatzia elikatzen du oraindik ere.

Liburua erreferentzia historikoz, istorioz, pertsonaiaz beteta dago. Nola egin duzu horiek guztiak antolatzeko eta ordenatzeko, guztiak elkarren osagarri izan zitezen eta narrazioak hari bat izan zezan?

Zinemako gidoien teknikan oinarritu naiz. Liburuaren egitura antolatzea zen zailtasun nagusietako bat. Idazten hasi aurretik, lan bat egin behar izan nuen, pieza bakoitza bere lekuan jartzeko. Koloretako post-it-ak erabili nituen osagai ezberdinak bereizteko eta haien arteko oreka zaintzeko. Niretzat oso garrantzitsua zen dena kontrolpean edukitzea, bestela irakurlea konturatu egiten baita noraezean zoazela.

Esan dizute liburua irakurrita beste era batera ikusten direla liburuak, objektu gisa?

Hori kontatu nahi nuen: ohituta gaude liburuak inguruan edukitzera, baina lorpen historiko itzela da liburuen demokratizazioa. Iraultzailea eta ederra da. Hori babesteko modurik onena da kontatzea zenbat kostatu zaigun horra iristea.

Liburugintzan, arlo gehienetan bezala, historiak emakumeen ekarpena ezkutatu du. Zuk haiek azaleratzeko ahalegina egin duzu.

Oso garrantzitsua da ondare hori guztia berreskuratzea, gaur egungo neskentzat, etorkizuneko sortzaileentzat, jakin dezaten aitzindari batzuk egon zirela.

Inor gutxik ezagutuko du Enheduanna.

Historiako lehen literatur testu sinatua idatzi zuen, Mesopotamian, duela 4.000 urte baino gehiago. Harrituta geratu nintzen, halako gertaera bat ez baita orotariko kulturakoa. Nola da posible testuliburuetan ez azaltzea?

Harreman berezia izan duzu Fernando Reyrekin. Nolakoa?

Fernandoren eskuzabaltasunari esker, itzulpen hori bizi egin dut. Ateak zabaldu dizkit, galderak egin dizkit, azalpenak eman dizkit... Itzultzaileekin izan dudan lankidetza estuenetakoa izan da. Ederra eta bizia izan da. Asko gozatu dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.