«Gorbeia ingurua oso leku berezia da mitologiarako». Juan Manuel Etxeberriak (Zeberio, Bizkaia, 1948) oso gustuko ditu garai bateko istorio, ipuin eta esaerak. Hain zuzen, Gorbeiaren magaleko haranetan ahoz aho mantendu eta berak bildutakoei buruz aritu da Gasteizen, Gorbeia, mitoak eta euskara izenpean.
Zein harreman dituzte Gorbeiak, mitoek eta euskarak?
Oso harreman estua dute. Gorbeia inguruetan mito asko sortu ziren garai batean, eta bertako bizimoduari esker mantendu dira, ahoz ahokoari esker. Arratia inguruetan ohitura zaharrak ongi mantendu dira, eta bertako euskarak izan du zerikusia horretan. Gainera, euskara arkaikoa dugu hemen. Kontuan izan behar dugu, era berean, Euskal Herrian oso berandu hasi ginela idazten. Pentsa, euskarazko lehen liburua XVI. mendekoa da, Etxeparerena. Gure herrian, ahozko tradizioari esker iritsi dira kontu asko gaur arte.
Gorbeia mendi ezaguna da Euskal Herrian. Horrek lagunduko du mitoak sortzeko orduan, ezta?
Bai, asko. Gorbeia inguruak oso interesgarriak dira, oso aberatsak, misteriotsuak, mitologiarako aproposak. Itxina inguruak eta Dimako kobak, esaterako, ikusgarriak dira. Gainontzekoa herritarrek egin dute. Hala ere, ikaragarria da herri batek ipuinak sortzeko duen gaitasuna. Gertakari txiki batek ikaragarrizko ipuin bat sor dezake.
Noiz hasi zinen Gorbeia inguruko mitoak, esaerak eta bestelakoak biltzen, eta zergatik?
1975ean hasi nintzen. Auzoko bati entzun nion ipuin bat On Jose Miguel Barandiarani kontatu nion. Zeharo harrituta geratu zen hura, eta gehiago biltzeko aholkatu zidan. Hala hasi nintzen biltzen. Auzotarrekin aurrena, eta inguruko herrietan ondoren. Eta gaur arte. Berrogei urte daramatzat horretan.
Adinekoengandik jaso dituzu guztiak?
Bai, bai. Aspaldi ez dela, 106 urteko emakume bat izan genuen auzoan. Grabaketa hura zoragarria izan zen.
Bildutako guztiak liburu batean argitaratu zenituen.
Bai, hala da. 1995ean argitaratu nuen Gorbeia inguruko ipuin eta esaundak liburua. Arrakasta handia izan zuen gainera, bai etnografia munduan eta bai hizkuntzalaritzan. Gorbeia inguruko hamar herritako 52 lagunengandik jasotakoak ziren. Hala ere, horren aurretik, Etniker aldizkarian hasi ginen argitaratzen zenbaitzuk.
Zein da jaso zenuen lehen ipuina?
Anbotoko Mari eta olagizon baten ingurukoa da; auzoko Simon Goioagak kontatu zidan. Laguntza eske joan ziren Marirengana. Kristau aurreko eta ondorengo ezaugarriak nahasten ditu gainera ipuinak, ahozko tradizioaren ondorioz.
Bigarren liburu bat argitaratuko duzu laster.
Bai, hala da. Azken hogei urteetan bildu ditudanekin sortu dut liburua. Guztira, 23 herritako 102 herritarrengandik jaso ditut. Oraingoan, ipuinak izango dira, batez ere.
Euskal Herriko txoko guztietan dira mitoak. Aberasgarria litzateke horiek ere biltzea, ezta?
Oso aberasgarria. Horrelako lanak egin behar dira, berandu baino lehen. Garrantzitsua da bai hizkuntza aldetik eta bai etnografia aldetik; hala esan zidan Koldo Mitxelenak ere. Azken batean, herriaren jakituria baitira. Gure mundu zaharra hala bizi izan zen garai batean. Ipuinaz gaindi, hor hizkuntza dago: hitzak, azentuak, esaldiak, esamoldeak... Horiek bildu egin behar dira, ondoren, euskara batuarentzat lagungarri izan daitezen. Gaurko euskara idatziak ez du hori jaso.
Mito eta esaera horiek guztiek ahoz ahokoaren bitartez iraun dute gaur arte. Izango dute segidarik?
Oso zaila izango da. Bizimoduak asko aldatu dira, eta horrek zaildu egiten du. Zoritxarrez, galdu egingo direla uste dut. Horregatik, garrantzitsua litzateke Euskal Herriko txoko guztietako ipuin, mito eta bestelakoak jasotzea. Horrelako lanak egiten ez badira, betiko galduko dira. Zaharrak badoaz, eta gazteek ez daukate kultura horren berri. Horregatik, gure lanari esker, hor geratuko dira behintzat.
ATZEKOZ AURRERA. Juan Manuel Etxeberria. Etnolinguista
«Ahoz aho mantendu dena galdu egingo da bildu ezean»
Urteak daramatza Etxeberriak Gorbeia inguruko ipuin, istorio, mito eta bestelakoak biltzen. «Herriaren jakituria» direla dio. Hori dela eta, idatziz jaso beharra azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu