Larrainean jo ondoreneko lastoa da ahotza. Nafarroako Erroibar eta Esteribar ibarretako euskalkian agotz izena hartzen du ahotzak, eta aldaera bakan horren haritik, izanari eta izenari keinu eginez, beren utopia izendatzeko hitza topatu zuten Urtzi Arrietak (Zubiri, Nafarroa, 1989) eta Ander Magallonek (Atarrabia, Nafarroa, 1989). Agotzenea lastoz egina dago, baina arkitektura ulertzeko modu baten erreferente den leku hori ez da ipuin bat. Bioeraikuntzaren liburu bat da. Eta Agotzeneak enea asko ditu: ahotzezkoa, buztinezkoa, hareazkoa, zurezkoa eta kalamuzkoa da.
«Erabilera anitzeko gela da hau. Indiar navajoek erabiltzen zutenaren antzekoa da estruktura. Zura erabili dugu. Lurrean, berriz, igeltsua eta harea, baita olioa eta argizaria ere. Paretak lastozkoak dira, babes termikoa eta akustikoa daukate, eta estaldurak buztinezkoak eta karezkoak dira». Agotzenea Zubiri herritik kilometro eta erdira dago, pinuz eta haritzez osatutako baso baten erdian, hegoaldera okertzen den mazela batean. Baratxueta eta Idoieta mendien tontor elurtuak ikusten dira bertatik. Arrietak dio bere aitonarena zen paraje horretan gauzatu dutela amestutako proiektua.
Bioeraikuntzaren filosofiarekin bat egitea zen asmoa, baina ez hori bakarrik. «Eredu izan nahi genuen material naturalez egindako eraikin bat egin nahi dutenentzat. Hau ez da ideia bat: ikusi, ukitu eta sentitu daitekeen zerbait da. Diskurtso teorikoa praktikara eraman dugu». Magallonen hitzetan, eraikina bera eduki didaktiko bat da. Arrieta bat dator; ideiatik ekintzara pasatzea zen xedea: «Norbere larruan bizi daitekeen esperientzia bat sortu dugu».
Lorenean egindako formakuntza bat izan zen abiapuntua. Noain-Elortzibarko Lorezaintza eta Baratzezaintza Ekologikoaren Interpretazio Zentroa da Lorenea. Eraikin biribil hori ere eraikuntza bioklimatiko pasiboan oinarritua dago. Arrietak eta Magallonek han ezagutu zuten euren gurua izan zena. «Iñaki Urkia arkitektoa aitzindaria izan da arkitektura bioklimatikoan, eta penintsula osoan da ezaguna. Klik bat egin genuen hor. Gure maisua izan da».
Agotzeneko lehen harria 2018ko ekainaren 12an jarri zuten. Erakinaren parte bat lur azpian dago, eta eguzkiaren ibilbide guztiari jarraitzen dio, sortaldetik sartaldera. Eraikin autosufizientea da. Eguzki plakekin eta egurra eta pelleta darabiltzaten berogailuekin lortzen dute energia berriztagarria. Orientazioari eta isolamenduari esker, energia gutxi behar dute. Jasangarritasunaz ere mintzo dira bi gazteak. Eraikina bioklimatikoa da.
Ikasi ahala egin zuten eraikina, pixkanaka-pixkanaka, asko irakurriz, sendiaren eta lagunen laguntzarekin, eta formakuntzak antolatuz. Magallonek zehaztu du esku askoren laguntzarekin altxatu dutela dena: «Formakuntzak baliatu genituen eraikina egiteko; eskulana behar genuen, eta ikasiz eta irakatsiz joan gara. Gero, kooperatiba sortu genuen. Guretzat inportantea zen herrian geratzea, landa eremuan etorkizuna bilatzea, eta ibarrari bizitza ematea».
Hiru adar
Agotzeneak, gaur egun, hiru adar ditu. Bioeraikuntzaren inguruko formakuntzak egitea da, akaso, adarrik sendoena; pedagogia egitea, alegia. «Ikastetxeetatik eta unibertsitateetatik etortzen dira, eta formakuntza puntualak ere antolatzen ditugu, askotariko materialak ezagutarazteko. Gure asmoa da bioeraikuntza arlo teknikoago batean azaltzea». Bada, eraikinean, han eta hemen, ikus daiteke paretak nolakoak diren barrutik. Koadroa dirudi buztinezko estalduraren azpian ikus daitekeen lastoak, kincha edo bareque izeneko teknikarekin eraikitako pareta zatiak, hau da, makilatxoak lurrarekin edo zuntz begetalekin nahastuta egindako paretak, eta buztina eta harea zenbait pigmenturekin nahastuta egindako kolore sortak.
Arrietak azaldu duenez, ezinbestekoa da material bakoitza ondo ezagutzea: «Lurrak ez du uretik babesten, baina kareak bai. Lastozko fardoen kanpoaldean, beraz, karea jartzen da, eta barrualdean, lurra, abantaila gehiago dituelako: bide ematen dio hezetasunaren transmitantzia termikoari. Beharren arabera material batekin edo bestearekin jolastea da gakoa».
Aholkularitza ematea da zuhaitzaren bigarren adarra. Euskal Herrian gero eta gehiagok egiten dute bioeraikuntzaren alde, eta, beraz, sare bat eratu dute arkitekto, diseinatzaile eta bestelako espezialistekin. Bi gazteak bat datoz proiektu bakoitza oso desberdina dela: «Prozesuak oso ezberdinak dira: erakundeekin, enpresekin, eta norbanakoekin egiten dugu lan. Batzuetan, hasieratik egoten gara proiektuan, eta beste batzuetan, fase jakin batean sartzen gara».
Bioerakuntzaren olatua gero eta handiagoa da. Europan oso zabalduta dago filosofia hori, eta herrialde batzuetan aspalditik ari dira lastozko eta buztinezko etxeak egiten. Euskal Herrian eta Katalunian ere asko zabaltzen ari da, bereziki etxea euren kabuz egitea erabakitzen dutenen artean. «Pentsamendu kritikoa edo politikoa duen jendea izaten da. Gizartea gero eta kontzientziatuago dago, ez bakarrik jasangarritasuna eta ingurumena tartean direlako, baizik eta arkitektura honetan material guztiak naturalak direlako, eta ez dagoelako elementu toxikorik». Arrietak eta Magallonek argi dute horrelako etxe baten onuren berri duenak ez duela beste ezer nahi: «Zeharo aldatzen da dena».
Turismo jasangarria
Turismoa modu jasangarrian egin nahi dutenentzat ere aterpe ederra da Agotzenea. Leku aparta da taldeentzat; izan ere, erabilera anitzeko gela egokia da oso taldeko dinamikak egiteko. Biribila da, argiz betea, geometria naturalaren irizpideak aintzat hartuz egindakoa. Ezkerrean jantokia eta egongela daude, inertziazko estufa eta guzti, atzealdean sukaldea, eta ezkerrerago, korridore batean ezker eta eskuin, sei lagunentzako lau ohatze dituzten lau gelak eta komunak.
Bikoteentzat eta familientzat, berriz, hiru etxola txiki daude lursailaren goialdean: Zur, Lur eta Ur. Martxoan zabaldu zituzten, eta gazteak pozik daude izan duten harrerarekin.
Bioeraikuntza ez da ezer berria. Arrietak eta Magallonek etengabe esan dute ez dutela ezer asmatu: «Kultura batzuetan behinolatik erabili izan dira material horiek. Kontua da gaur egun bestelako exijentziak eta arautegiak daudela, eta horretara moldatu behar dugula. Dena azkarrago egin behar da orain, estandarizatuago dago dena, eta artisautzak beretempoakditu».
Salan dagoen inertziazko estufa da horren erakusgarri. Txinan duela 3.000 urte zeramika egosteko erabiltzen ziren labeen kontzeptu bera dauka. «Errusian eta Finlandian antzekoak erabiltzen dira. Oso efizienteak dira: hamar kilo egurrekin, ehun metro karratuko gela bat berotu daiteke egun oso batez».
Agotzenean eskuz egindakoa lehenesten dute, kalamuz eta karez egindako adreiluak esaterako. Teilatu berdeak dituzte, landarez beteak, baratze organikoa daukate, eta paisajismo jasangarria baliatu dute inguruan. Zero kilometro delako filosofiarekin bat egin dute, eta ekonomia sozial eta solidarioarekin. Jada martxa hartu du. Sortzaileek diote dena ez dela utopikoa, inkontzientzia puntu bat ere behar izan dutela, baina lehen ideia soila zenak ahotz, buztin, harea eta zur forma hartu du.