ATZEKOZ AURRERA. Ani Choying. Moja budista

«Ahotsik gabeko pertsonen ahotsa izan nahiko nuke»

Budismoaren bizitzeko moduari estuki lotuta dago Choying. Gizarteari laguntzeko konpromisoa dauka, eta bide hori kantuaren ildotik egiten du. Bakean bizi dela dio.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2014ko azaroaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Musikak Bilbora etortzeko aukera eman diolako gustura dago Ani Choying moja budista (Katmandu, Nepal, 1971). Eta musikari esker finantzatzen du bikotekiderik gabeko ama diren emakumeentzako elkartea ere. Lan horregatik, Unicefeko enbaxadore ere bada. Musika bizi du, baina hori budismoa bizitzeko moduaren barruan sartzen du.

Abeslaria, budista eta Unicefeko enbaxadorea ere bazara. Nahasketa bitxia, ala?

Hori horrela ikusten duzue zuek, baina nik ez dut ezberdintasunik ikusten horien artean. Nik abesten dudana ez da moja batek kantatuko lukeenaren aldean ezberdina, eta gizartean egiten dudana budista batek egin beharko lukeena da. Budista naizelako, meditazioan oinarritzen da nire jarduna, baina modu musikalean egiten dut.

Beraz, esan daiteke denaren oinarria budista izatea dela.

Askok zalantzan jar dezakete moja edo budista izatea, baina niretzat bizitza bat bizitzea da oinarria, ase zaudeneko hasperen hori egin ahal izatea. Baina gaur egungo gizartean jendeari gustatzen zaio gainerakoak etiketatzea. Hori egiten dute, gauzen ordena hobe bat egiteko, eta badirudi denok gaudela hor barruan. Baina nik egiten dudanak ez dauka zerikusirik jarri nahi izan didaten etiketarekin. Hori egiten dut ni naizena naizelako.

Sentitzen dut, beraz, etiketaren bat jartzeagatik.

Baina gauzak diren bezalakoak dira. Egingo dudan emanaldia [atzo egin zuen, Arriaga antzokian], esaterako, jendearentzat kontzertu bat izango da, baina niretzat espiritualtasun momentu bat da.

Budista izateko arrazoia aita izan zenuela esan izan duzu, haur zinelarik jotzen zintuelako hartu baitzenuen bide hori.

Pertsona gisa bizitza atsegin bat nahi izaten duzu, eta, zerbait ezatsegina egokitzen zaizunean, ihes egitea da lehen erreakzioa. Garai hartan moja bihurtzea izan zen ihes egiteko modua, eta, era berean, horrek berekin zekarren ez ezkontzea. Niretzat, ezkontzeak sufrimendua eragin zezakeen. Hain zuzen, budista bihurtu aurretik, haurtzaroan gauza ezatsegin asko egokitu zitzaizkidan. Neskatxa zarelako, gurasoen mendeko izan zaitezela eskatzen dizute, eta ondoren berdin zure senarrarekin. Nahi guztiak sakrifikatzeko eskatzen dizute. Zerbitzatu behar dituzu, eta etxearen egunerokoa eraman behar duzu. Nire anaiek jolas egiten zuten, baina nik ez nuen horretarako eskubiderik.

Agian horregatik daukazu bikotekiderik gabeko amentzako elkarte hori?

Nik ahotsik gabekoen ahotsa izan nahi dut, neskatxena eta bikotekiderik gabeko amena. Lan hori ez dut gatazkaren bidetik egiten, nire sinesmenetik abiatuta baizik. Nepaleko inongo legek ez du esaten emakumeek sufritu behar dutenik, eta gainerakoek dauzkaten ahalmenak ditut nik ere; bizitza lasai egiteko aukera dut nik ere. Eta horretan ari naiz. Eredu izan nahiko nuke, gainerakoak bide hori hartzera bultzatzeko.

Eta, horretarako, musika baliabide bat da. Zein aldetatik?

Musikak ahalmena du izpiritu nahasi bat lasaitzeko. Era berean, gai polemiko bat landu nahi baduzu, musikarekin lantzen baduzu ez du erreakzio negatiborik eragingo jendearengan. Era horretan, musikak balio izan dit pertsona askoren atentzioa neureganatzeko. Horrez guztiaz gain, nire nahiak asetzeko aukera ere eman dit musikak. Hau da, bultzatzen ditudan elkarteentzako baliabideak eskaintzeko aukera eman dit musikak. Orain, egunero laurogei neskatxari laguntzen diet: eguneroko jana ematen diet. Beraz, esan dezaket musikak gauza askotan lagundu didala. Eta gustura nago horregatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.