Ahotsak mintzo direnean

Ostiralean jasoko du 'Ahotsak.eus' atariak Anton Abadia saria, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik. Ahozko ondarea eta herri hizkerak batzen dituen proiektu bat da, eta herritarren eskura daude egindako elkarrizketa guztiak. Ikastetxeekin eta gazteekin ere egin dituzte proiektuak.

Haizea Odria, Maider Altzibar, Izaskun Gaston eta Aintzane Agirrebeña, Ahotsak.eus proiektuaren bulegoan, Eibarren. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2018ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Arabatik Zuberoara, ekialdeko nafarreratik mendebaleko euskalkira; tokian tokiko hizkerak eta ahozko ondarearen arteko zubiak eraikitzen dihardu Ahotsak.eus atariak. Badihardugu Debarroko euskara elkarteak (Gipuzkoa) eman zituen lehen pausoak. Debarroko ahozko ondarea eta herri hizkerak jasotzen hasi ziren zenbait euskaltzale, eta, poliki-poliki, proiektua Euskal Herrira zabaldu zen. 2008. urtean aurkeztu zuten Ahotsak.eus ataria. Ordutik, hainbat txokotan aritu dira lanean, jasotako materiala katalogatzen eta lau haizeetara zabaltzen. Egun, herritar guztien eskura dagoen plataforma bat da, eta askok erabiltzen dute; ikerlari zenbaitek ere ikerketetarako darabilte. Euskal Herrian ez ezik, munduko beste hamaika txokotan ere badira antzeko proiektuak. Urte hauetan guztietan egindako lanaren aitortza gisa, Anton Abadia saria jasoko dute, ostiralean.

«Bideokamerarekin joaten gara lekukoen etxeetara; mikrofonoak, tripodea eta fokuak ere eramaten ditugu», esan du Idoia Etxeberria proiektuko kideak. Izaskun Gaston Ahotsak.eus atariko kideak gaineratu du lekukotzak jaso ostean datu base batean katalogatzen dituztela: «Herrika katalogatzen ditugu, eta kode batzuk jarri; guztia behar bezala daukagunean, hiztunaren fitxa sortzen dugu». Lanketa prozesua izaten da ondorengo pausoa; bideo zinta hartu, eta minutuz minutu entzuten dute, pasarteak aukeratzeko. Kodifikatzea deitzen zaio pauso horri. Etxeberriak azaldu du pasarte guztiak gaika sailkatu ostean webgunean txertatzen dituztela. Gaur egun, atarian 51.082 bideo pasarte daude ikusgai; hain zuzen ere, 350 herritako 5.797 hizlariren testigantzez gozatzeko aukera dago.

Proiektuko kideek azaldu dute lekukotzak aukeratzeko orduan irizpide orokor batzuk dituztela. «Normalean, aproposena izaten da herrian bertan jaioa izatea, eta ahalik eta bertako euskara garbiena hitz egitea; ez dadila inguruko hizkuntzekin kutsatuta egon», azaldu du Gastonek. Gaineratu du elkarrizketatuak gerra aurretik jaiotakoak izatea ere garrantzitsua dela; «aldaketaren lekukoa den heinean, transmisioa ahalik eta modu zuzenean egin ahal izateko». Joxe Mari Iriondo kazetariak lekuko gisa hartu zuen parte proiektuan: «Ohore bat izan zen nire lekukotza txikia ematea; inori ezertarako balioz gero, oso gustura hartu nuen parte proiektuan». Haizea Odria proiektuko kideak esan du, sarri, udaletako teknikarien bidez lortzen dituztela elkarrizketatu posibleen kontaktuak. Euskara elkarteekin eta kultur eragileekin ere egiten dute lan. Gainera, Etxeberriak azaldu du boluntarioek ere parte hartzen dutela proiektuan: «Transkripzio edota elkarrizketa asko boluntarioek eginikoak dira, eta badira kasuak norbere kabuz elkarrizketak egin eta proiektura ekartzen dituztenak ere».

Aintzane Agirrebeña proiektuko kideak esan du jendeak grabazioak egin arren, liburuak idatzi ostean, lekukoek esandako guztia ez zela jasoa gelditzen. Horren aurrean, grabazio zaharrak jaso eta digitalizatu zituzten. Baita grabazio berriak egin ere. Izan ere, Agirrebeñak nabarmendu du proiektuak hasieratik izan duelahelburu era digitalean argitaratzeko izatea. Egun, ikerlari zenbaitek erabiltzen duten proiektua da. Lekukoek kontatzen dutena darabilte hamaika ikerketatan. Esaterako, Gastonek azaldu du toponimiaren arloan azterketak egiten dituztenek edo memoria historikoarekin lanean dihardutenek erabili ohi dutela. Odriak esan du erakusketa zenbaitetan ere bideoak erabiltzeko baimena eskatzen dietela. «Sarean dago materiala, edonork erabiltzeko; ondarea denon artean jaso eta denon eskura jartzeko proiektua da», gaineratu du Etxeberriak.

Koldo Zuazo hizkuntzalaria da erabiltzaileetako bat, eta halako atarien abantailez hitz egin du: «Ikus-entzunezko lanabesek badute liburuek ez daukaten abantaila bat: hizkuntza entzun egin daiteke, eta, horri esker, fonologiaren alderdia landu daiteke». Dena dela, esan du, hizkuntzaren alderdian ez ezik, gainontzeko arlo jakin batzuetarako ere interesgarria dela. Besteak beste, lanbideak, ohiturak edota bizimoldeak izan ditu gogoan Zuazok. Iriondoren esanetan, berriz, euskara batua garrantzitsua izan arren, herrietako euskarek ere toki garrantzitsua dute, eta zaindu egin behar dira; nabarmendu du Ahotsak.eus garrantzitsua dela horretarako. Etxeberriak osatu du: «Nora goazen jakiteko, nondik gatozen jakin behar da». Datu basean gordetako informazioa altxorra dela esan du.

Euskal Herrian ez ezik, beste leku batzuetan ere badira antzeko proiektuak. Eskozian, Island Voices (Irlako ahotsak) proiektua dago. Ahozko historia eta folklorea gordetzen dituen egitasmo bat da, eta hainbat herritarri eginiko elkarrizketak daude bertan. Galizian ere bada antzeko proiektu bat: As Candongas do Quirombo. Emakumez osatutako kolektibo bat da, eta ikus-entzunezkoen bidez poesia lantzen dute. Ikuspegi feminista eta kolektiboa oinarri hartu, eta Galiziako egoera linguistikoa dute gogoan bideoetan. Galegoz errezitatutako poemetan gai ugari lantzen dituzte; gehienetan, emakumeen ahotsean. Halere, proiektukoek esan dute ez dagoela Ahotsak.eus bezalako egitasmorik: «Fonotekak egon badaude, baina ordainpekoak; libre batzuk ere badira, baina ez dute bolumen handirik izaten».

Egindako lan guztiaren aitortza izango da ostiralean emango dieten Anton Abadia saria, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik. «Ilusio handiarekin jaso dugu sariaren berri; egindako lanaren aitortza da, jende askoren lanaren ondorioa», esan du Etxeberriak. Agirrebeñak ere bat egin du proiektuko kidearekin; azaldu du inguruan izan dituzten laguntzaileentzako saria ere badela. Halere, Gastonek gaineratu du oztopo bat ere badutela: «Lanean gabiltza, eta hiztun pila bat ditugu katalogatuta, baina proiektua ez da ezaguna». Hori dela eta, nabarmendu du proiektua ezagutarazteko balioko duen saria izateko nahia dutela.

Sutondotik digitalera

Ikasgeletara ere jauzi egin du proiektuak, eta Ahotsak ikasgelan sortu dute. «Pentsatu genuen eskola modu aproposa izan zitekeela garai batean etxeko sutondoan egiten zen transmisioa egiteko», esan du Gastonek.

Ikastetxeetako curriculumetan ezarritako lan arloen arabera bideo pasarteak aukeratzeari ekin zioten proiektuko kideek 2010. urtean. Etxeberria ere buru-belarri aritu zen egitasmo hartan: «Irakasleei pasarteen aukeraketa errazteko hasi ginen bideoak aukeratzen; gainera, gaiaren arabera ere antolatzen ditugu». Horrez gain, gazteen testigantzak jasotzeari ere ekin zioten.

Aisialdia eta euskara oinarri hartuta ere egin zituzten elkarrizketak; finean, euskararen erabilera errazteko baliabideak eskaintzea zuen helburuetako bat Gazte gara gazte egitasmoak. «Zaharrak eta gazteak agertzea ezinbestekoa da; hizkuntzaren eta herriaren ikuspegi osoagoa erakusten du», nabarmendu du Zuazok. Gerrako ahotsak proiektua ere abian dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.