«Dei ezazu Xune», «Labea pitz», «Zer da nazioa?», boz ozenez erratearekin aski izanen da araberako erantzunaren ukaiteko: obedientzia, hots. Obedientzia tokiz batere mugitu behar izan gabe; eginahaletan bakarra boza dantzan ezartzea datekeelarik. Eta, euskaraz.
Oraingo eguneko teknologiak ahalbidetzen duena da: ahotsaren ezagutzaren teknologia; makinekin elkar eragiteko, hots. Euskaraz egin ahal izateko, Common Voice auzolan digitalean parte hartzeko deia egin diote euskaldun orori: datozen astearte, asteazken eta ostegunean ahal bezainbat lagunek ahal bezainbat erranaldi labur irakurri eta grabatuz.
Librezale taldeak Firefox software librea euskaraz mantentzen du duela hainbat urte, kide guziek manera boluntarioan egiten dute beraien ekarpena. Asier Iturralde Sarasola Iametza enpresako langilea da, zeinak Librezalen parte hartzen baitu: «Makinekin hainbat moduz komunika gaitezke: sagu edo teklatuaren bidez... Baina gero eta gehiago ahotsaren bidez, ahotsa baita elkarren artean komunikatzeko dugun modurik naturalena. Kontua da hori garatzen duten enpresa handiek ez dutela pribatutasuna errespetatzen, eta bestetik, hizkuntza nagusiak bakarrik kontuan hartzen dituztela, euskara kanpo utziz».
Izan ere, Google, Apple, Facebook, Amazon eta Microsoftek onartu zuten iaz grabazio pribatuak baliatu egin zituztela. «Medikuarengana joan, eta nahigabe sakatu duzu botoia elkarrizketa osoa grabatuz. Enpresa handi horietako langileek entzun zezaketen, nahiz eta ez onartu», erantsi du Iturraldek.
Horregatik, arazo horiei aitzi egiteko, Mozilla Fundazioak Common Voice proiektua abian jarri zuen: ahotsaren ezagutzaren teknologiak hobetzeko, denen eskura uzteko; pribatutasuna errespetatuz, eta ahalik eta hizkuntza gehienetara hedatuz.
Eman berriz hartzeko
Nahi duen orori mikroa zabaldua zaio, bere boza sirenarena bezala preziatuko baitu Common Voice proiektuak. Berez, ahots teknologiek egiten dutena da ahotsa testu bilakatzea. Hain zuzen ere, Iturraldek azpimarratu du fase hori dela «konplikatuena», horregatik, teknologia «entrenatu» beharra dela, grabazio ordu asko dela medio. Urrats honetan du esku hartzen euskarazko software librearen aldeko mugimenduak: bortz hitzeko erranaldiak bildu ditu, milaka batzuk, Argia astekariak eskainirik, bai ere Wikipedia-tik hartuak. Testu ipotx horiek ozen leituko dituzten ahots mota anitzen xerka ari da mugimendua: gazteenak, adin, sexu eta jatorri geografiko ezberdinetakoenak.
Euskararen ahozkotasunaren aniztasuna islatu nahi du proiektuak. Hartara, erranaldiak batuan badira ere, irakurleen ahoskera ezberdinen bila dabiltza, «tonalitate desberdinekin». Xedea dute 10.000 grabazio orenen biltzea: horregatik auzolan digitala abiatu zuten iaz, «pentsatu dugu konfinamendu momentua egokia izan daitekeela bigarren grabazio maratoi honetarako. Oso erraza da; voice.mozilla.org/eu helbidean sartu, eta kito», argitu du Iturraldek. Sakelako telefonotik egitea komeni da, mikroa integratua baitu berez. Hala, berdin Lexantzu (Zuberoa) edo Ondarroan (Bizkaia) norberak bere euskalkira egoki lezake hitzen fonetika, «benetako erabilera emango zaion modua azaltzeko». Hori bai, hitzak aldatu gabe. Grabatzeaz gain, helbide horretan sartzen denak, entzun botoiari sakatuz gero, bertzeen irakurketak entzun eta balioztatzeko parada ukanen du; beharrezkoa den urratsa proiektua gauza dadin.
Grabazio oren horiek guziak denen eskuragarri egonen dira, baina helburua da enpresek balia ditzaten, hain zuzen ere, ahots laguntzaileak euskaraz treba ditzaten, bai eta unibertsitateek ikerketarako ere.
Hiru egun horietan parte hartzera deitu du Iturraldek: «Inurri lana da hau, epe luzekoa. Zenbateta jende gehiagok parte hartu, orduan eta lasterrago iritsiko gara behar den kopuru horretara».
Ahotsa entzunarazi teknologia otzanerako
Librezale taldeak hiru eguneko auzolan digitalera deitzen ditu euskaldunak: bozak grabatzera. Common Voice proiektuak pribatutasuna errespetatzen duten eta hizkuntza orotara iristen diren ahotsaren ezagutzaren teknologiak ditu xede.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu