ATZEKOZ AURRERA. Iñigo Legorburu Arregi. Bertsolaria

«Ahots propioa behar du 10era hurbildu nahi duen bertsoak»

Bertsopaperetako, narrazio laburretako eta olerkietako lehiaketetara lanak bidaltzeari gustu hartu, eta azkeneko bi urteetan hogei sari irabazi ditu Legorburuk. «Gogoz» jarraituko duela dio.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Hernani
2017ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Ofizioz galdaragilea da Iñigo Legorburu Arregi (Errenteria, Gipuzkoa, 1976). Bertsozale «periferikotzat»du bere burua: bertsopaperak idazten, epaile eta bertso doinuen ikastaroak ematen aritzen da.

2015ean, hamar sari irabazi zenituen, eta 2016an, beste hamar. Aurretik, beste hainbeste. Dagoeneko ilusiorik egiten al dizu sari bat irabazi duzula esaten dizutenean?

Bai, sari bakoitza da ilusio bat niretzat. Oraindik sinesgaitza egiten zait nola idazten dudana gusta dakiokeen beste pertsona bati.

Saria jasotzeko ekitaldi guztiak ez dira berdinak izango, ezta?

Sari banaketa askotan ez da hitz egin behar izaten, eta ez dakit hori ona ala txarra den. Garaileari ez zaio aukera ematen saritutako lana zergatik idatzi duen azaltzeko. Erakunde publikoetako lehiaketa askotan, sari emate soilak izaten dira, formalegiak: argazkia, eta kito.

Bertsopaperak direnean, aurretik landu beharreko gaia edo herria ikertzen al duzu?

Ez. Azkenaldian, gehienetan, gaurgaurko gizarte gaietara jotzen dut. Eskola zaharrekoen ohitura zen herrietako gai propioei heltzea.

Egun, zer nahiago duzu: bertsoak, olerkiak ala narrazioak idatzi?

Lehen, bertsoak bakarrik idazten nituen; baina, orain, oso gustura idazten ditut narrazio laburrak eta olerkiak. Bertsoen kontu txarra errimatu beharra da, eta diktadura ere bada. Olerkiak ematen duen askatasuna estimatzen da. Poesia ere errimatu daiteke, baina olerkietan argi dut ez dudala errimatu nahi.

Zer behar duzu patxadaz idazten jartzeko?

Hasteko, inspirazioa. Oso denbora motzekoa naiz. Ordu bat baino gehiago ez naiz inoiz jartzen orri zuriaren edo ordenagailuaren aurrean. Aurretik, buruan ideia behar izaten dut, eta, behin hori edukita, etxeko txoko lasai bat eta neure buruarekin egoteko aukera behar dut.

Galdaragile lanean etortzen al zaizkizu errimak burura?

Lana oso monotonoa denean, buruak alde egiten du, eta hor ibiltzen da ideietan eta errimetan, bai.

Seme txiki bat duzu. Aitatasunak sentiberatasuna handitu al dizu sormenerako?

Agian inkontzienteki, baina esango nuke baietz. Lehen ikusten ez nituen gauzak ikusten ditut orain, eta ez dakit aitatasuna den, bizitza den, edo zer den zehazki. Haurra oheratzen denean da une onena idazteko.

Prentsa kontsumitzaile sutsua zara. Horrek ere laguntzen al du?

Gaur egun dudan bizio bakarretakoa da egunero 30-45 minutu hartzea egunkari ezberdinak irakurtzeko. Gozatu egiten dut horrekin. Egunkarietan argitaratzen diren albisteetan istorio txiki eta handiakegoten dira tarteka, eta horiek erabili izan ditut maiz lehiaketetara aurkeztutako lanetan.

Oholtzara igotzen ez zaren bertsolaria zara. Zergatik?

Errenteriako Xenpelar bertso eskolan egin izan ditugu probak. Segurtasunik gabe, tentsioan eta urduri sentitzen nintzen, eta argi ikusi nuen oholtza ez dela niretzako lekua. Inolako dramarik ez dago horregatik. Gehienez, ezkontzaren batean kantatzen dut bertsoren bat.

Epailea ere bazarenez, zer behar du bertso batek 10ekoa izateko?

Bertso perfekturik ez dago munduan. Baina 10era hurbildu nahi duen bertsoak ahots propioa behar du. Gazteen artean ahots bakarra sumatzen dut. Diskurtsoa eta ahots propioa duten bertsolariak ditut gogoko.

Maialen Lujanbio da ahots propioa duten horietako bat?

Bai, Lujanbio da horietako bat. Badaude, gainera, euren ahotsaren bila dabiltzan batzuk: Sustrai Colina, Jon Maia, Uxue Alberdi... Barnera begira ari dira, gero nahi dutena kanporatzeko.

Bertso bat idazteko, beti hasi behar al da amaierarekin?

Ideia batekin hasi behar da, edo txispazo batekin. Egun, badaude bertsolari batzuk indargunea bertsoaren erdian sartzen dutenak, amaierako puntura iritsi gabe.

Osatu bertsoa, zortziko txikian: «2017ak / zer da dakarrena?...».

Aro korapilatsu/ baten hastapena/ denborarekin nola/ konpontzen den dena/ aurrera egitea/ ez al da onena?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.