Etxeko sukaldean bazen osagai bat sekula falta ezin zena: kantua. Halaxe hazi zen Maria Jesus Zugarramurdi (Goizueta, Nafarroa, 1957), eta doinuen jiran eraiki du bere bizitza ere. Zetak musika taldea harekin kontaktuan jarri da, eta kantu berri bat grabatu dute: Hileta Kantu Nafarra. Atzo atera zuten argitara.
Omenaldi ederra da kantu bat grabatzea.
Ez dut uste omenaldia denik, ez behintzat niri bereziki egindakorik. Emakume askok ez dugu modurik izan kantura saltorik egiteko, eta hortik hasi zen dena. Guk ez genuen pentsatu ere egiten profesionalki kanta genezakeenik, zeren, etxean beti kantuan aritzen ginen arren, gure lanak beste batzuk ziren: ezkondu, umeak izan, haiek zaindu, eta, gero, zaharrak zaindu. Uste dut kantuaren afera hori gehiago planteatu dela aitortza baten moduan, emakume asko kantuaren bueltan ibili garelako beti, baina isilean. Emakumeen ahots horiek itzaletik ateratzeko modu bat da kantua.
Nola iritsi zitzaizun abestia grabatzeko proposamena?
Proposamena heldu zitzaidanean, urtebete neraman gizona hilik. Maider [Ansa, alaba] etorri zitzaidan, eta esan zidan Pello Reparazek emakume bat nahi zuela harekin kantatzeko. Nik halaxe esan nion: «Hara, ze ongi! Segi ba!». Alabak zera esan zidan: «Ama, ni ez nau behar, zu behar zaitu». Hasieran ezetz esan nion, ni ez naizelako behin ere estudio batean izan eta etxe giroan kantatu dudalako beti, ez besterik. Baina, bilobek eta alabek animatu ninduten eta begira non bukatu dugun. Gaurtik begiratuta, eskerrak baietz esan nuen.
Kanturako joera etxetik jasotzen da, oro har. Hala izan da zure kasuan ere?
Goizuetako baserri batean jaiotakoa naiz; nire ondotik beste bederatzi senide. Aita, ama eta aitona-amonekin bizi ginen; guztira, hamalau lagun. Gure aita oso kantuzalea zen: gogoan dut nola behin koru bat egin behar zuela bururatu zitzaion, hainbeste kantukide izaki. Aldapeko kantua kantatzen hasi ginen, gutako bakoitza une batean sartuta, eskalatuta. Ez zen oso ongi atera. Baina asko kantatzen genuen etxean: bertsoak, kantu zaharrak...
Hamar senideetan zaharrena nintzenez, eta gainera neska, haurrak zaintzea tokatu zitzaidan. Haiekin ere izugarri kantatzen nuen, sehaskako kantak-eta, batik bat. Geroxeago, ezkondu eta gure hiru alabekin ere asko egin dugu kantuan. Ereñotzuko [Hernani, Gipuzkoa] abesbatzan hamabost bat urte egin nituen, eta alabekin batera ikuskizun bat sortu genuen: Artan Txuriketan.
Kantua eta euskara lotuta doaz anitzetan.
Nik erdarazko kantarik ez dakit, eta hitz egin ere euskaraz egiten dut. Ez dut beste modu batean ulertzen nire bizitza. Gure aitak kantatzen zizkigun kantuak euskarazko abestiak izaten ziren beti, eta guk alabekin kantatzen ditugunak ere halakoak izaten dira. Batzuk berriak, eta, besteak, zaharrak; baina euskaraz dira guztiak.
Baiezkoa erran ondotik, nolakoa izan da grabaketa prozesua?
Zoragarria izan da. Arbizun [Nafarroa] grabatu genuen, Pelloren [Reparaz] estudioan. Hasieran beldurtu samar joan nintzen, oso gauza berria zelako niretzat. HItzak lehendik irakurriak nituen, eta etxean entseatu genuen; gero, han, pazientzia handia eduki zuten nirekin eta oso ondo zaindu ninduten. Beti oroituko dudan zerbait izango da; opari bat.
Hileta Kantu Nafarra. Zer da zuretzat kantu hori?
Oso berezia eta hunkigarria da niretzat. Herioari egindako kantua da, agurrari buruzkoa. Baina, agurra izan daiteke ongi etorria ere. Hitzak oso bereziak dira, eta asko ukitu nau, akaso harrapatu nauen momentua ere berezia delako. Batzuetan kosta egin zait negarrari eustea: kantuak sentimenduak ateratzen dituen seinale.
Zein harrera izanen du, zure ustez, kantuak?
Etxekoek badakite grabatu dutela, baina hortik harago ez dakit inork jakingo duen. Nik uste dut jendeari asko gustatuko zaiola.
lotsabako
Kantukide bat?
Hiru alabak.Kantua laguntzeko instrumentu bat?
Gitarra.Abeslari bat?
Benito Lertxundi.Eta, abesti bat?
Baldorba, Benito Lertxundirena.