Ahotsa identitatearen parte da, baina genero trantsizioetan azken urratsa izan ohi da, Olga Bermudez Cañete (Bilbo, 1992) Euskadiko Logopeden Elkargoko presidenteordearen arabera. Ezjakintasuna da kausa, haren ustez. Gaia ikusarazteko, Bermudezek ahotsa modulatzeko ikastaro bat emango du pertsona trans eta ez-binarioentzat Bilboko La Sinsorga kulturgunean, bihartik aurrera. «Askok ebakuntzak egin dituzte, diru eta denbora mordoa inbertitu dute fisikoki eroso sentitzeko, baina telefonoz hitz egiten dutenean ez dituzte beren identitatearekin lotzen».
Zer garrantzi du ahotsak pertsona baten identitatean?
Norbaitekin hitz egiten duzunean hura ikusi gabe, ahotsari esker ezagutzen duzu. Nahikoa dira ezaugarri eta ñabardura batzuk: tonua, melodia, intonazioa, azentua...
Ahotsen artean aniztasun handia dago. Zeren arabera identifikatzen da ahots bat maskulino edo femenino moduan?
Estereotipoen arabera maskulinotzat jotzen den ahotsa grabeagoa da, monotonoagoa, eta azentu markatuagoa du; kontrara, femeninotzat jotzen dena altuagoa da, melodikoagoa, enfasia tonuarekin egiten da bolumenarekin egin beharrean, erritmoa azkarragoa izaten du eta geldiuneak luzeagoak...
Batez ere emakume transek aldatzen dute ahotsa. Zergatik?
Testosterona hartzen denean, laringea apur bat jaisten da, ahots kordak loditu, eta, beraz, motelago bibratzen dute, eta tonuak grabeago bihurtzeko joera du, nahiz eta beti ez den hala izaten. Estrogenoak hartzen badira, aldiz, ez da aldaketarik izaten ahots korden tentsioan eta tonuan. Egia da ahots kordak malguagoak bihurtzen direla, eta horrek lagundu dezake tonu tartea zabaltzen, baina oinarrizko frekuentzia ez da moldatzen. Arreta ematen duen lehenengo gauza tonua da, eta hori aldatzea eskatzen dute aurrena.
Laringearen anatomiak zelan eragiten du modulazioan? Ahotsa beti feminizatu daiteke, laringearen ezaugarriak gorabehera?
Segun eta bakoitzak zer jotzen duen femeninotzat eta maskulinotzat. Nik ez dut esaten norbaiten ahotsa feminizatuko dudanik; nik tresnak emango dizkiot bere ahotsa esploratu dezan, atzeman ditzan deseroso sentiarazten duten aldeak, eta aukerak emango dizkiot identifikatuta sentitzeko moduko ahots bat bilatzeko. Azken finean, muskuluak entrenatzean datza. Laringeak txotxongilo batek bezala funtzionatzen du: zer muskulu aktibatzen duzun, soinu bat edo beste sortuko duzu.
«Ahotsean arreta ematen duen lehenengo gauza tonua da, eta hori aldatzea eskatzen dute aurrena»
Kirurgia ez duzue gomendatzen. Ez al du bermerik?
Kirurgiak tonuari baino ez dio eragiten; hau da, ez du lantzen ez azentua, ez modulazioa, ez erresonantzia, ezta bolumena ere. Logopediarekin ahotsa entrenatu baduzu, eta muga fisikoak direla-eta ezin baduzu lortu nahi duzun ahots hori —mundu guztiaren laringeak ez baitu elastikotasun bera—, eskain daiteke ebakuntza, tonua hertz batzuk igotzeko. Wendlerren glotoplastia da gehien egiten den kirurgia: ahots korden aurreko aldea josten da, kordak luzatzeko eta tenkatzeko. Entrenamendu logopedikoa beharrezkoa da edozelan ere, zure hitz egiteko modua ahots korda berrietara egokitzeko.
Zer ondorio izan ditzake?
Kontraindikazio gisa, korda ohi baino gehiago tenkatuz gero baliteke patologia bat garatzea; gainera, glotisa estutzen denez, ebakuntza batean intubazioren bat egin beharra badago, litekeena da ebakuntza gelako hodiek balio ez izatea. Helburu bera lortzeko beste biderik izatekotan, manipulatzea eta ukitzea ez da inoiz gomendagarria.
Esan duzu eskatzen duten aurreneko gauza tonua aldatzea dela. Hortik hasten zarete?
Bai. Lehen saioa informatiboa da, eta bigarrenean, tonua lantzen hasten gara.
Nola erabakitzen da xede ahotsa zein den?
Ez dago protokolorik. Logopeden elkargoarekin batera, protokolo bat aurkeztu nahi diot [Eusko Jaurlaritzako] Osasun Sailari: zortzi saiotan egin daiteke, eta ebakuntza bat baino merkeagoa da. Ahots entrenamendua denentzat eskura egotea eta doakoa izatea gura dut. Ahotsaren hainbat ezaugarri jasotzen dituen taula bat erabiltzen dut, ezartzeko nolakoa den oraingo ahotsa eta nolakoa den lortu nahi duen ahotsa. Adibidez, oraingo tonua grabea den, oso grabea, erdikoa, altua edo oso altua, eta nolakoa lortu nahi dugun. Horrela ezartzen ditugu entrenamenduaren helburuak.
«Ahotsa hainbat emoziorekin landu behar da. Berez zaila bada ahotsa kontrolatzea, are gaitzagoa izaten da oso haserre edo euforiko gaudenean»
Emakumeei dagokienez, arriskua izan daiteke ahotsa infantilizatzeko, tonu altuegietara jotzeagatik?
Falsettora jo ohi dute; dagoen tonurik altuena da falsettoa. Haur kutsua du, eta, gainera, ahots kordei kalte egiteko arriskua dago. Kordetan lesioren bat badago, loditu egiten dira, motelago bibratzen dute, eta, beraz, tonua jaitsi egiten da. Hau da, nahi den horren kontrakoa lortzen da.
Ondoren, ahots berri hori hainbat testuingurutan txertatu behar da; adibidez, telefonozko elkarrizketetan.
Hainbat testuingurutan txertatu behar da, eta, hori baino garrantzitsuagoa, hainbat emoziorekin landu behar da. Izan ere, emozioak erraietatik datoz. Berez zaila bada ahotsa kontrolatzea, are gaitzagoa izaten da oso haserre edo euforiko gaudenean. Rolak jokatuz jorratzen dugu.
Keinuak ere lantzen dituzue. Nola?
Emozioekin lotuta lantzen dira. Aurpegiko keinu batzuek eragina dute ahotsean: adibidez, bekainak igotzen badituzu, tonua igo egiten da. Ahoko eta aurpegiko mugikortasuna kontuan hartu behar da, halaber: aurpegiko paralisia badu, bruxismoa, edo mugimenduren bat egitea galarazten duen ebakiondo bat, alde horretako mugikortasuna landu behar da aurrena.
Konstantzia da gakoa, ezta? Zenbat entrenatu behar da?
Egunero. Laringea mugitzen duten muskuluak indartu egin behar dira, eta garunari erakutsi behar zaio muskulu horiek modu naturalean erabiltzen. Hasieran, oso kontziente izan beharra dago ahotsa erabiltzeko orduan.
lotsabako
Ahots mota bat?
Itsusiak iruditzen zaizkit ahots oso nasalak, karrankariak. Eta politak iruditzen zaizkit ahots melodikoak, lauak ez direnak, arretatsu egonarazten zaituztenak.Soinu bat?
Isiltasuna.