PROPOSAMENAK

Aho zapore onarekin

Baratxuriaren Eguna ospatuko dute Faltzesen asteburuan b Azoka tradizionalaz gain, hamaika jarduera antolatu dituzte; horien artean, herriko ekoizle baten biltegirako bisita

Faltzesen eta baratxuriaren arteko harremana XVII. mendean hasi zen. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ane Etxandi.
Iruñea
2022ko uztailaren 22a
00:00
Entzun

Aurten, berriro ere, Baratxuriaren Eguna antolatu dute Faltzesen. Halere, jarduerak asteburu osorako prestatu dituzte. Duela urte batzuk, egun bakarrean ospatzen zuten. Iaz, ordea, asteburu osora luzatu zuten, eta aurten ere hala egingo dute.

Faltzesko produktu nagusietako bat da baratxuria, eta urtero egun berezia ospatzen dute haren omenez, ekintzaz eta jardueraz beteta.

Nafarroako Erriberako herri horren eta barazki horren arteko harremana XVII. mendean hasi zen. Garai hartan, produktu berria zenez, ez zuten fruitua ekoizteagatik zergarik ordaindu behar. Faltzestarrak nekatuta zeuden beren laborantzengatik markesari eta elizari zergak ordaindu behar izateaz. Horregatik, baratxuria erabiltzen hasi ziren, horren truke ez baitzuten ezer ordaindu beharrik. Ondorioz, Faltzes barazki horren produkzioan herri nagusietako bat bilakatu zen.

Gaur egun, herriko produktu nagusietako bat da oraindik ere, eta asteburuan erakustaldia egongo dute. Ekitaldia larunbatean hasiko da, 11:00etan, herriko ekoizle baten biltegiaren bisitarekin. Biltegia bisitatzeaz gain, baratxuria lantzeko eta txirikordatzeko lanen erakustaldia egingo dute. Foruen plazatik irtengo dira, eta, joan ahal izateko, aurretik erreserba egin beharra dago. Arratsalde partean, gaua iristear dagoenean, erraldoiak kalera irtengo dira, eta, gaiteroek lagunduta, Faltzes zeharkatuko dute. Horren ostean, herriko tabernetatik buelta bat emango dute, eta, giroa sortzeko, Gazte txarangak musikarekin bat egingo du.

Egun nagusia

Igandean, ekitaldi nagusiek izango dute lekua Faltzesen. Goizean, jada tradizionala den azoka ikusteko aukera egongo da, Foruen plazan. 10:00etatik 14:00etara iraungo da. Bertan, Faltzesko baratxurien eta tokiko beste produktuen erakusketa eta salmenta egingo dute. Horrez gain, baratxuri zopa dastatzeko aukera egongo da. Baratxuriak txirikordatzeko lanen erakusketa ere egingo dute, eskulanen inguruan ikasteko aukera ezin hobea eskainiz.

11:00etan, Faltzesko alde zaharrerako bisitaldia izango da, gida baten laguntzarekin. Ibilbidean, Otsagabiko Jauregia bisitatuko dute, eta, kasu honetan ere, aurretik erreserbatu beharra dago. Txikiek disfruta dezaten aukera egongo da; izan ere, 11:30etik 13:30ak arte, paseoak eman ahalko dituzte poneyen gainean.

12:00etan, Vicente Ursua Soto sukaldariak erakusketa egingo du; baratxurien txigorkia prestatuko du Ursuak. Horren ostean, 12:30ean, sari banaketa egingo dute, eta bi pertsona omenduko dituzte: alde batetik, Josema Garcia Martinez sukaldaria, Lizarrako La Cepa jatetxean 30 urte baino gehiago eman baititu lanean; beste alde batetik, Araceli Larunbe Mendez ere omenduko dute, urteetan baratxurien produkzioan lan egiteagatik.

Eguna eta ospakizuna amaitzeko, 13:00etan, baratxuriekin egindako pintxoak dastatuko dituzte herriko tabernetan, ekitaldia aho zapore onarekin amaitzeko.

Baratxuriaren Eguna

 

Uztailaren 23an eta 24ean, Faltzesen (Nafarroa).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.