Bederatzi minutuko erditze eszena batekin hasten da O corno. Izerdi, garrasi eta larritasunez betea. Erditzen ari den emakumean jartzen du arreta filmak, eta haren gorputza jasaten ari den horri erreparatzen dio.
Mariaren istorioa kontatu du Jaione Cambordaren filmak, eta 1971. urtean kokatua dago istorioa. Maria Arousa irlan (Galizia) itsaskiak biltzen lan egiten duen emakume bat da. Era berean, inguruko emakumeei erditzen laguntzen die, esperientzia, enpatia eta samurtasuna eskainiz; eta aski ezaguna da nahi ez diren haurdunaldi horiek eteten laguntzeagatik ere. Gertakizun batek etxetik ihes egin eta Portugalera joatera behartuko du Maria. Bere bizitza osoa atzean utzi eta bidaiari ekingo dio, baina ez da bakarrik egongo; babestu eta lagundu egingo duten emakume batzuk aurkituko ditu bidean. Bizitza arriskuan duela adieraziko dion bizilagunetik hasi eta etxean hartuko duen prostitutaraino, sostengatuko duen sare bat aurkituko du Mariak.
Jaione Camborda Galizian bizi den zinemagile donostiarra da. Bere bigarren film luzea da O corno, eta Ikusmira Berriak egitasmoan garatu zuen proiektua. Torontoko jaialditik igaro ondoren, Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazi du filmak; galegoz grabatutako film batek sari hori irabazten duen lehen aldia da.
Kontakizun oso fisikoa egin du zinemagile donostiarrak, gorputzetik eraikia. Izerdia, erditzea, pausoak, lurra, begiradak, larrua. Pertsonaiak beren gorputz eta mugimenduen ikuspuntutik erretratatu ditu, plano motzen erabilerak ematen duen detailerako arreta bereziz, baina inguruarekin duten harremana alde batera utzi gabe.
Gorpuztasun horretan oso lagungarri egin zaio Jaione Cambordari Janet Novasen lana, protagonistaren larruan jarri baita hura. Dantza garaikidearen mundutik dator, eta lehen aldia zen aktore gisa lan egiten zuela. Zinemagileari hori bera egin zitzaion interesgarri: mundua gorputzetik bizi duen emakume bat da. Era berean, landa eremu batetik dator Novas: haren familiak lurra lantzen du, eta horrek modua eman zuen pertsonaia errealitatean inspiratuta eraikitzeko.
O corno bidaia bat da, ihesaldi bat, road movie bat. Baina, are gehiago, Cambordak ahizpatasun istorio bat eraiki du; elkar laguntzen duten emakumeen sare bat. Elkar ulertzen duten zenbait emakume dira, elkar babesten dutenak, elkarri esperantza ematen diotenak, elkarri etorkizun bat eskaintzen diotenak. Cambordak lehen eszenatik ezartzen du ahizpatasun eta sentsibilitate hori, eta, istorioaren garapenaren bitartez ez ezik, zinematografikoki ere eraikiko du sarea: detailearekiko duen arretak lagunduko dio. Horrela, emakumeak beren gorputzari buruzko erabakiak hartzeko aske izatearen aldeko aldarria, ahizpen arteko laguntza sare bat eta bizirik irauteari buruzko istorio bat uztartu ditu donostiarrak film bakarrean.
'O CORNO'
Zuzendaria: Jaione Camborda.
Gidoilaria: Jaione Camborda.
Aktoreak: Janet Novas, Julia Gomez, Diego Anido.
Argazkia: Rui Poças.
Generoa: Drama.
Urtea: 2023
Iraupena: 103 min.
Herrialdea: Galizia, Espainia, Portugal, Belgika.
Estreinaldia: Urriaren 11n estreinatuko da Hegoaldean.
Ahizpatasunak irekitzen du bidea
Camborda donostiarraren bigarren filma da 'O corno', Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorraren irabazlea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu