«Norbaitek traizio egiten dizu, eta zure intimitatea desagertu egiten da. Orain larrutsik zaude denen aurrean. Ehunka begiradak inguratzen zaituzte». Veronica Echegui aktorearen off-eko ahotsa da, Intimidad telesailaren trailerrean. Netflix plataformak ekainaren 10ean estreinatuko du zortzi ataleko fikzio hori. Emakumezko politikari batek maitalearekin dituen sexu harremanen bideo bat prentsara zabalduko da, eta hori da istorioaren abiapuntua.
Baina hori baino askoz gehiago da Txintxua Films Pasaiako (Gipuzkoa) ekoiztetxeak streaming plataforma batentzat egin duen lehen telesaila. Bestelako gizarte gaietan sakontzen du: biktima errudun bilakatzea, kristalezko sabaia politikan, ahizpatasuna, nerabe garaiko arazoak...
Istorio ia osoa Bilbon dago girotua; Sopelako (Bizkaia) hondartza ere ageri da. Bilboko udaletxean bertan daude grabatuak zenbait eszena. Malen Zubiri protagonista Bilboko alkateordea da, eta Itziar Ituño aktoreak jokatzen du rol hori.
Itziar Ituño eta Emma Suarez, Bilboko udaletxean. David Herranz / Netflix
Protagonistaren alaba nerabea, berriz, Leire da. Yune Nogueiras aktoreak (Bergara, Gipuzkoa, 1998) —Akelarre filma— egiten du Leirerena, eta nabarmendu du pertsonaiak begirada «sakona» duela. «Asko isiltzen du, asko gordetzen du, eta haren bilakaera oso indartsua da».
Donostian egin zituen hautaprobak Nogueirasek, beste aktore batzuekin batera. «Gidoia irakurri nuenean, pertsonaiak kateatu egin ninduen». Handik bost egunera, ezustekoa iritsi zitzaion: «Nire ordezkariak deitu ninduen telesailean ariko nintzela esateko, eta ezin nuen sinistu». Berehala pentsatu zuen asko ikasteko aukera izan zitekeela telesaila. «Hala izan da: opari bat, etengabeko gozamena».
Ituñorekin eskertuta
Nogueirasek hautaprobak egin zituenean, gainera, ez zekien zeinekin egingo zuen topo lantaldean. Ez zekien han izango zirela Emma Suarez, Patricia Lopez Arnaiz —Ane filma—, Ana Wagener, Veronica Echegui eta beste hainbat. Ez zekien Ituñok egingo zuela bere amarena. «Aktore bezala talentu handia du Ituñok. Lagundu egiten zaitu, dena ematen dizu. Emakume zoragarria da, eta oso ondo pasatu nuen harekin. Asko erakutsi dit: interpretazioaren alorrean, baina baita arlo pertsonalean ere», esan du aktore gazteak, eskertuta.
Yune Nogueiras aktorea. David Herranz/ Netflix
Aktore taldean emakume asko egotea nabarmendu du, era berean. «Ahaldundutako emakumeak gara Intimidad-eko aktoreak, eta telesaila beharrezkoa da». Istorioak nerabeen arazoen gainean duen begirada ere goraipatu du Nogueirasek: «Nerabea da Leire. Hazten ari da, eta argi gelditzen da hauskorrak garela nerabe garenean. Leire oso obsesionatuta dago perfekzioarekin. Gainera, suminaldia kontrolatzeko arazoak ditu».
Aktoreak «gogo handia» du telesaila estreinatu dadin. Netflixek 220 milioi harpidedun baino gehiago ditu mundu osoan, eta jabetzen da jende askok ikusiko duela bere lana. «Oso urduri nago. Autokritikoa naiz, eta jakin nahi dut senideek eta lagunek zer dioten, baita ezagutzen ez dudan jendeak ere. Telesailak sorrarazten duena polita izan daiteke». Bi aste baino ez dira gelditzen estreinaldirako. «Lana egina dago. Gozatu egin behar dugu orain».
Euskaraz entzuten da
Telesailean, ikus-entzuleak makina bat aktore euskaldun topatuko ditu, garrantzi handiagoko edo txikiagoko pertsonaietan: Iraia Elias, Iñigo Aranburu, Amancay Gaztañaga, Kandido Uranga, Mikel Laskurain, Anartz Zuazua, Miren Gaztañaga, Iñaki Beraetxe eta beste hainbat.
Txintxua Filmsen beste ekoizpen batzuetan aritu izan diren profesionalak daude taldean, arlo teknikoan: argazki zuzendariak Javier Agirre eta Txarli Argiñano dira; zuzendari artistikoa, Jaime Anduiza; eta zuzeneko soinuaz Alazne Ameztoi arduratu da. Musika, berriz, Aitor Etxebarriarena da —Hondar ahoak-eko musika ere harena zen—.
Patricia Lopez Arnaiz aktorea. David Herranz / Netflix
Koldo Almandoz zinemagileak zuzendu zuen Hondar ahoak. Eta Intimidad-en bosgarren atala zuzentzeko ardura izan du. Apirilaren 25ean, Crossover jaialdian Netflixentzat lan egindako esperientziaz galdetu zioten, eta zera esan zuen: «Askeago sentitu naiz Netflixekin lanean, ETBrentzat lan egiten baino. Diruak askatasuna ematen duelako». Argitu zuen ez dela hori bakarrik: «Netflixekin baldintzak errazagoak dira, gauzak zehaztuta daudelako». ETBn aurrekontuak urriagoak izateak lana zailtzen duela azaldu zuen.
Atalen beste zuzendariak hauek dira: Ben Gutteridge, Jorge Torregrossa eta Marta Font. Istorioaren sortzaile eta gidoilari nagusiak, berriz, Laura Sarmiento eta Veronica Fernandez dira —BERRIAk Sarmientori egindako elkarrizketa argitaratuko du bihar—. Haiek jo zuten Txintxua Filmsen atea, fikzioa Bilbon girotu nahi zutela azalduz.
Marian Fernandez Txintxua Filmseko ekoizleak Crossover jaialdian azaldu zuenez, Madrilgo gidoilariak izaki, hasieran euskarak ez zuen presentziarik gidoietan. Baina «naturaltasuna lortze aldera», zenbait pertsonaia euskaraz mintzo dira telesailean. Elkarrizketa batzuk euskara hutsean entzuten dira fikzioan: udaletxean, institutuan... Fernandezek azaldu zuenez, gidoilariek ondo ikusi zuten euskara sartzea, eta Netflixek ere bai.
Itziar Ituñok Malen Zubiri politikariarena egiten du. David Herranz / Netflix
Intimidad-eko talde teknikoan aritu ziren zenbait profesional Disney Pluseko Balenciaga telesailean ere arituko dira.