Joan den hamarkadaren hasieran, Malin-Sarah Gozinek sortutako Clan telesaila estreinatu zen Belgikan; Bad Sisters izenburu horren moldaketa da. Jatorrizkoaren izpiritua errespetatzen da, baina haren tonu histrioniko eta neurrigabea apur bat apaldu dute, bost ahizparen familia dinamiketan gehiago zentratzeko.
Garvey ahizpak dira bertsio horretako protagonista nagusiak; oso ezberdinak dira, baina oso harreman sendoa dute. Hasierako planteamendua hau da: Bibi, Becka, Eva eta Ursula oso kezkatuak daude Gracerekin; izan ere, bere senar misogino eta nartzisistaren erruz triste eta burumakur bizi dela sumatzen dute. Konponbidea? Hitchcocken filmetako elementuak dituen plan bat gauzatzea erabakiko dute.
Honaino irakurri dezakezu; istorioari buruz zenbat eta gutxiago jakin, hobe. The White Lotus eta Big Little Lies telesailen tankerakoak gustuko badituzu, hau da aukeratu behar duzun hurrengoa.
Orainaldiaren eta iraganaldiaren artean txandakatzen da narratiba, eta sarkasmoz eta umore beltzez betetako gidoi bat du oinarri; denbora tarte batean, senarrarekin zer gertatu den erakusten du; bestean, berriz, plan jakin hori nola prestatu eta gauzatzen duten.
Oso istorio entretenigarria da, eta hura aurrera eramaten duen erregai nagusia aktoreen lana da. Deigarriena, akaso, Sharon Horganen izena topatzea da; Catastrophe ekoizpenari esker ezagun egin zen aktore eta gidoilariaren lorratza oso nabarmena da, eta nortasun berezia ematen dio telesailari. Eve Hewson, Eva Birthistle, Sarah Greene eta Anne-Marie Duff aktoreen lana ere akatsik gabea da.
Elementu bereizgarriak aipatzen hasita, soinu banda nabarmentzea ere derrigorrezkoa da. Tim Phillipsekin batera,PJ Harvey musikari, konpositore eta abeslari ingeles ezaguna da konpositore nagusia. Telesailaren hasierako abestia Leonard Cohenen Who by Fire da, baina PJ Harveyk berrinterpretatutako bertsioan. Kantu horrek istorioaren tonu ilun eta malenkoniatsuan murgiltzen du ikus-entzulea hasiera-hasieratik. Horrez gain, artista ezagunen zenbait abesti ere ageri dira, eta rock, pop eta folk doinuak tartekatzen dira. Musika pieza horiek freskotasuna eransten diete eszena nagusiei; Irlandako giroarekin eta protagonisten izaerarekin ondo konektatzen duen ukitu garaikidea ematen diete.
Askotariko tonuak eta generoak nahasten dituen proposamena izanik, batzuetan ez du lortzen elementu horiek modu eraginkorrean orekatzea. Abusu emozionala, mendekua eta era horretako gai serioak jorratzen ditu, eta, batzuetan, umoreak intentsitatea kentzen die une dramatikoei. Argi dago helburua entretenitzea eta ongi pasaraztea dela, baina igorri nahi diren mezu sakon horiek lauso iristen dira batzuetan. Oso sinesgarriak ez diren zenbait egoera ere topa daitezke, eta azpitrama batzuk —aseguru etxeko anaiena, adibidez— ahul samarrak dira.
Familia harremanei, erresilientziari eta moraltasunari buruzko hausnarketa plazaratzearekin batera, emakumeek euren burua defendatzeko duten gaitasunari buruzko begirada dibertigarria eskaintzen du.
Gozamen hutsa.
fitxa
- Sortzailea. Sharon Horgan.
- Aktoreak. Anne-Marie Duff, Eva Birthistle, Sarah Greene, Eve Hewson eta Sharon Horgan.
- Herrialdea. Erresuma Batua.
- Urtea. 2024.
- Non ikusi. Apple TV Plus.
- Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
- Generoa. Drama, komedia, suspensea.