Marijaiaren ostean, pregoilaria eta txupinera dira Bilboko Aste Nagusiko irudirik esanguratsuenak. Saioa Dominguez (Bilbo, 1982) aurtengo txupinera harrituta eta era berean emozioz beteta azaldu da herritarren aldetik jasotzen ari den maitasuna ikusita. Pena du astea nahi baino azkarrago ari delako igarotzen.
Igaro da Aste Nagusiaren erdia baino gehiago. Zelan?
Oso ondo. Oso pozik nago, eta Aste Nagusiaz erabat gozatzen ari naiz, nahiz eta neke apur bat ere nabari dudan. Hala ere, pena dut; dagoeneko osteguna da, eta azkeneko egunak datoz. Ahal izanez gero, egun batzuk gehiago luzatuko nuke Aste Nagusia.
Zelan moldatu zara Zorion Egileor pregoilariarekin?
Oso ondo. Nahiz eta adin tartea oso nabaria izan, bere izaerak asko laguntzen du. Une oro animatuta dago, eta erraz konformatzen da. Pentsatu genuen gehiago nekatuko zela, baina guk beste edo gehiago irauten du. Ez zaio indarrik falta.
Asteko momentu bereziena aukeratu behar bazenu, zein izango litzateke?
Txupinazoko suziria botatzea oso hunkigarria izan zen, balkoira atera eta bertan zegoen jendetza ikustea. Horrez gain, gaur txupinera guztiekin hemen egotea ere ikaragarria da, 20 suziri elkarrekin jaurtitzen direneko unea bizitzea. Hainbat iruditan ikusi izan dut, eta gogotsu nengoen horretarako.
Egitarau ofiziala ezagutzeko aukera ere izan duzu.
Egitarau ofizialekoak protokoloari lotutako ekitaldiak izan dira gehienbat.
Gomendiorik eman al dizute gainontzeko txupinerek?
Gozatzeko eta beste guztiaz ahazteko. Konpartsakide izanda, Aste Nagusian oso lanpetuta ibiltzen gara, dena ahalik eta ondoen ateratzeko. Baina bizitzan behin bakarrik izango naiz txupinera, eta momentu oro aprobetxatu behar dut.
Gauaz gozatzeko tarterik atera al duzu?
Txupinerak parrandarako tartea ere izaten du, noski, gure eguneko agenda su festarekin bukatzen baita. Hala ere, nik haur txiki bat dut, eta berarekin egoteko aprobetxatzen ditut gauak. Halaber, oso ondo datorkit, lo ere egin behar baita bederatzi egunez fresko eusteko.
Aste Nagusia hasi aurretik imajinatu zenuen bezalakoa izaten ari al da astea?
Azken finean, hemezortzi urte daramatzat konpartsakide, eta esan dezaket ondo ezagutzen dudala Aste Nagusia. Gauza batzuk banekizkien, baina egia da momentuan izan arte irudia ez dela osoa. Adibidez, ez nuen inondik espero kaletik trajea jantzita noanean hainbesteko maitasuna jasotzea herritarrengandik, eta argazkiak ateratzean beraien ilusio aurpegiak ikustea. Haientzat ikur bat naizela ikustea ikaragarria da.
Egun beroak izan dira eguraldiari dagokionez. Zelan moldatu zara jantziarekin?
Dirudiena baino bero gutxiago ematen du. Materialak gero eta hobeak dira, baina bai, txapela benetakoa da, eta jaka bat ere soinean daramat. Hala ere, ondo moldatu gara, oso ondo zainduta gaude une oro: gerizpeetan txokoa egiten digute, eta ura behar izanez gero ere eskura dugu.
Bilboko Aste Nagusia. Saioa Dominguez. Aurtengo txupinera
«Ahal izanez gero, Aste Nagusia egun batzuk gehiago luzatuko nuke»
Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)
Ordenatu