Langileak eskutik heldu dio lankide besobakarrari. Piezaren gainean silikona non eman behar duen erakutsi dio, eginez. Besobakarrak ibilbidea ikasi du, eta, aurrerantzean, berak bakarrik egingo du. Besobakarra robot bat da, eta eskuz esku egiten du lan giza lankidearekin. Izan ere, kobot bat da, hau da, kooperaziorako edo lankidetzarako robot bat.
Robotak industrian, medikuntzan eta beste alor batzuetan eragiten ari diren eraldaketaren inguruko jardunaldia egin zuten asteazkenean Donostiako Miramongo Teknologia Parkean,enpresa digitala bultzatzen duen Spri taldeak antolatuta. Batez ere, koboten gaurkotasunaz eta etorkizunaz aritu ziren adituak.
Baina zertan bereizten dira robot tradizionalak eta kobotak? Egun lantegietan dabiltzan robotek hesi baten atzean dihardute, kaioletan, gizakiengandik ondo bereizita, istripuak saihesteko. Kobota, ordea, gizakien ondoan lan egiteko diseinatuta dago, osagarri gisa: piezak eman diezazkioke kobotak giza lankideari, esaterako, eta honek muntatu, makinarentzat zailegia den leku batean. Kobotak oso erabilgarriak dira lan arriskutsuak egiteko. Esaterako, Japonian suntsituriko Fukushima zentral nuklearrean erabili dituzte, lanak egiteko, erradiazio handiko lekuetan. Garbitasun handia behar duten lanetan dabiltza: ebakuntza geletan edo botikak zein elikagaiak manipulatzen. Kobotak sentikorrak dira: azal adimentsua deiturikoa daukate batzuek, eta lankidea ukitu bezain pronto gelditu egiten dira. Beste batzuek kamerak dituzte, gizakiak edo oztopoak saihesteko. Kobotak malguak dira, eta programatzeko errazak. Robot industrialak ez bezala, kobotak toki batetik bestera eraman daitezke.
«Baina robotaren funtsa ez al zen gizakiak ordezkatzea?», galdetu du Jorge Juan Gil Nobajas Tecnum eskolako ingeniaritza irakasleak. «Izutu egiten gaituzte, lanpostuak kenduko dizkigutelakoan. Baina robot industrialek lan propioak dituzte, eta ez dira mehatxua, horietan badabiltza».
Da Vinciz harago
Koboten lan propio horietako bat medikuntzan dago. Robotak bereziki onak dira zirujauen eskuen mugimenduei jarraitzen, baina askoz zorrotzagoak, gizakien eskuen dardara edo desbideraketak aintzat hartu gabe.
Medikuntzarako robotikaren merkatuko gehienak egun robot kirurgikoak dira (%64,9), eta erradiokirurgia dator gero, Alvaro Bertelsen Vicomtech Donostiako ikerketa zentroko ikertzaileak esan duenez. «Asko hazten ari da merkatua».
Euskal Herrian Da Vinci kobota da ezagunena alorrean. Haren arrakastarik handiena urologian izan da, prostatako ebakuntzetan. «Lortu du konfiantza sortzea, gizakia baino askoz seguruagoa baita».
Baina Da Vinci ez dago bakarrik. Egun, 60 robot kirurgiko baino gehiago daude merkatuan, gorputzaren atal guztietan esku hartzeko prestatuak, nahiz eta gehienak (%70) sabel ingururako diren. Miro robota aipatu du ikertzaileak, eta Da Vinci baino askoz merkeagoa izan nahi duen Versius robota; erretinako kirurgia egingo duen Preceyes robota merkatuan egongo da 2020rako. Kanadako Sport robotak tresna malguak ditu, gorputzaren leku guztietara heltzeko modukoak, eta sartzeko zulo bakarra egin behar du (Da Vinci-k lau egiten ditu). Google ere alorrean dabil lanean, Verb Surgical enpresaren bitartez. Euskal Herrian ere badira adibideak: Vicomtech kirurgiako torlojuak kontrolatzeko robotetan dabil lanean Cyber Surgery konpainiarekin, eta Urretxuko (Gipuzkoa) Gogoa Mobility enpresak exoeskeletoak egiten ditu, errehabilitazioan laguntzeko. Mondragon taldeak sorturiko Kiro-Grifols enpresak kimioterapiarako konposatu arriskutsuak egiteko robot bat sortu du.
«Hitzordua eska dezakegu dagoeneko robot doktorearekin?», galdetu dio bere buruari Bertelsenek. «Oraindik ez, roboten autonomia oso txikia baita». Ez da harritzekoa autonomiarik ez ematea oraindik medikuntzarako robotei. Izan ere, arazo etikoak daude: robot autonomoek erabakiak hartuko lituzkete jendearen bizitza arriskuan dagoen egoera batean. Horrez gain, medikuntzarako roboten lan ingurua ez da batere egituratua: «Ez da xakea, ez daude arau bakan batzuk, eta egoera asko ezin dira aurreikusi. Horregatik dago autonomia txikia. Baina merkatuak badu interesa».
Langile zaharren kide
Populazioaren zahartzeari erantzun diezaiokete kobotek, Loreto Susperregia IK4ko-Teknikerreko Robotika koordinatzaileak esan duenez. Izan ere, kobotak laguntza handia eman diezaiekete adinean aurrera doazen langileei.
Orain kobotak adimen artifizialarekin hornitzeko «garai ona» dela uste du Susperregiak: «Algoritmo hobeak daude, hardwarearen ahalmena asko handitu da, eta interesa badago, eta hori oso garrantzitsua da». Nola eragin dezake adimen artifizialak robotikan? Robotei autonomia handiagoa eskain diezaieke, eta moldatzeko ahalmena. «Adimen artifizialak zuhurtzia eskain diezaieke robotei, gizakien aginduak nola interpretatu jakiteko. Ezagutzen ez dituzten objektuak hartzeko ahalmena ere bai, eta mugimenduak kontrolatzekoa, aldatzen diren inguruetan».
Robotak eszenak ezagutzen ikasi behar du, ordea. Adibidez, muntaketan lagundu behar dio gizakiari, piezak hartzen eta hari ematen. Baina, horretarako, aurrean zer duen ulertzenikasi behar du. «Programazioak denbora asko hartzen du. Robotek berez ikastea nahi dugu».
Adimen artifiziala kobotetara heldu bitartean, programatzeko sistemak errazten eta bisualagoak egiten dabil Hector Herrero Tecnaliako ikertzailea. «Bi klikekin programa daitezke instrukzio errazak, langileek lantegian bertan egiteko modukoak, ez eta programatzaile batek bulego batean». Catia sistema eratu dute Herrerok eta lankideek kobotak programatzeko: «Egiten duguna ikusi eta ikasi egiten du robotak».
Dagoneko 30.000 kobot daude instalatuta munduan, eta aurreikuspenak gainditu egin dira. Hala azaldu du Nafarroako Iruña Tecnologias de Automatizacion enpresako Cesar Gonzalvok. Euskal Herrian, gutxienez, 200 robot kolaboratibo daude sartuta dagoeneko, eta lantegi mota askotan; tartean, enpresa ertain eta txikiak. «Hortik joan behar dute gauzek». Gonzalvoren arabera, kobotek asko murrizten dituzte ekoizpen kostuak, lanpostuen kalitatea hobetzen dute, eta ezagutza despribatizatzen dute, oso erraz programatzen direlako. «Ez duzu espezialista bat behar». Robot tradizionalak ez bezala, txikiak dira, lekuz aldatu daitezke, eta 300 watt inguru gastatzen dituzte. Hasierako inbertsioa 195 egunean itzultzen dute, batez beste. Gonzalvok esan duenez, merkatu berriak daude kobotentzat, hezkuntzan, elikaduran eta aisialdian. «Robot flotaren kudeatzailearena oso lanpostu garrantzitsua izango da laster: giza baliabideen arduradunaren parekoa».
Alemaniako KUKA enpresak Iberiar penintsularako duen adarraren burua da Fernando Sanchez, eta, haren arabera, 400.000 robot industrial egongo dira 2020rako munduan. Erdiak Txinan sortuko dira. Orain, autogintzan dira nagusi, baina gero elektronikagintzan izango dira, eta logistikan gero eta gehiago, merkataritza elektronikoarekin lotuta. Entretenimenduan ere bai, Sanchezen arabera. «Atrakzio parkeetan gero eta robot gehiago ikusten dira. Gurutzontzietan ere badabiltza edatekoak banatzen. Ez da baztertzeko moduko merkatua». Robot kolaboratiboek aldaketa kulturala ekarri dute, Sanchezen arabera. «Ez dago erresistentzia teknikoa, baizik eta kulturakoa: lehen aldiz, robot baten ondoan egin behar duzu lan. Duela bost urte ez zen ulertzen robota ez egotea hesi artean».
Kobotak lankide arrunt izango dira laster, beraz. Teknologiak beti piztu duen galdera denen ahoan dago: ordezkatuko dituzten adina lanpostu sortuko dituzte? Kobotek Gizarte Segurantzari ordaindu beharko liokete? «Argi dago lanpostuak kenduko dituztela, baina langileek ikas dezakete», esan du Gonzalvok. «Horregatik, robotika kolaboratiboak hobeto eutsiko die lanpostuei robotika tradizionalak baino». Hozkailuaren ateari goma jartzen dion langileaz eta haren lepo-bizkarrez gogoratu da: «Benetan, nork nahi du hori egin?».
Zientzia
Agur, robot; kaixo, kobot
Amaitu da robotei lantokian izan zaien izua. Orain arte, hesi artean gorde dituzte, giza lankideengandik urrun, istripuen beldur. Baina lankidetzarako robotak gizakiekin eskuz esku lanean aritzeko prestatuta daude, eta gero eta ohikoagoak izango dira lantegietan, erietxeetan, bulegoetan, eta, adituen aburuz, baita aisialdian ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu