Maskotari agur esatea lagun leial bati agur esatea da, begirada beti erne bati eta etxea betetzen zuen konpainia isil —edo ez hain isil— bati. Azken agur horretan, sakona izaten da mina, baina baita maitasuna ere. Hainbeste denboran lagun izandakoek amaiera duina merezi dutela uste dute askok, eta maskotentzako ehorztetxeak babesleku bihurtu dira bizitza hori ohoratzeko.
Familiek beren animaliei amaiera duina emateko zuten beharrari erantzuteko sortu ziren maskotentzako ehorztetxeak. Duela gutxi arte, maskota etxean lurperatu behar zen, edo albaitari zerbitzuetan erraustu; jabeek ezin izaten zuten horretan parte hartu, eta ez zuten dolurako leku egokirik izaten. Baina gero eta pertsona gehiagok nahi dute beren maskotekiko afektua islatzen duen prozesu bat, doluaren zikloa modu sinboliko eta emozionalean ixteko, hain zuzen.
Agur da zerbitzu hori eskaintzen duten gune horietako bat, maskotentzako Gasteizko lehen beilatokia, errausteko labea duena. Natalia Villarrek eta Mariano Marcok sortu zuten zentro hori, 2022an. Zerbitzu integrala eskaintzen du, jabeek maskotei agur esan diezaieten errespetuzko ingurune pribatu batean. «Konturatu ginen ez zegoela modurik gure hirian maskotak agurtzeko, eta horretarako leku bat sortu nahi genuen. Familiek jakin zezaten bazela gune bat ziurtatzen zuena animaliak merezi bezalako arretaz tratatuko zirela», azaldu du Villarrek.
Hainbat eskaintza
«Ehun gramoko txoritxoetatik hasi eta batzuetan mahaian sartu ere egiten ez diren txakurretaraino»: Villarrek eta Marcok denetik jasotzen dute egunero. Enpresak hainbat zerbitzu ematen ditu, gainera: kolektiboa, indibiduala eta indibidual presentziala. Errausketa kolektiboak errautsak berreskuratu nahi ez dituztenentzat dira; halere, amaiera duina nahi dute maskotarentzat. «Kolektiboak merkeagoak dira. Ez duzu errautsak berreskuratzeko aukerarik, baina Galdamesko [Bizkaia] animalia hilerri batera eramaten ditugu. Errautsak gorde eta hara eramaten ditugu». Aukera hori, merkeagoa izateaz gain, «alternatiba ekologikoa eta errespetuzkoa» ere badela ziurtatu du.
Indibiduala aukeratzen badute, ehorztetxea arduratzen da maskota ekartzeaz, bai bezeroaren etxetik, bai albaitaritza klinikatik. «Jaso eta instalazioetara ekartzen dugu; zenbaki bat jartzen diogu labean noiz sartzen den eta noiz irteten den jakiteko une oro», gehitu du Villarrek. Prozesua amaitutakoan, familiari ematen dizkiote errautsak.
Azkenik, zerbitzu bereziago eta presentziala nahi dutenentzat, indibidual presentziala eskaintzen dute. Halakoetan, jabeak bertan egoten dira prozesu guztian, eta maskotari azkenera arte laguntzen diote. «Adibidez, familiak ikus dezake nola sartzen dugun maskota labean, eta dena diseinatuta dago prozesua ahalik eta enpatikoena izan dadin», adierazi du Marcok.
Agurren sortzaileen hitzetan, ingurumenarekin duten konpromisoa da haien puntu nabarmenetako bat. «Gure labea 900 gradura iristen da, eta oso eraginkorra da. Labe ekologikoa erabiltzen dugu: ez du gasik isurtzen atmosferara, eta auto batek baino gutxiago kutsatzen du», zehaztu du Villarrek. Animalia erretzeko prozedurak, tamainaren arabera, ordu batzuk iraun dezake.
Indibidualizazio hori ontzietan ere ikusten da: bezeroek materiala hauta dezakete, esaterako zura edo zeramika, eta laserrez graba daiteke animaliaren izena. Izan ere, errausketa prozesua amaitu ondoren, familiek urna batean jasotzen dituzte maskotaren errautsak. Ontziak ere ekologikoak dira, eta, horri esker, errautsak errespetuz lurperatu daitezke edozein tokitan, Villarrek azaldu duenez: «Egurrezko edo zeramikazko errauts kutxa tradizionalak eta alternatiba ekologikoak eskaintzen ditugu. Barruan poltsa hidrodisolbagarri bat darama, lurperatzen denean disolbatzen dena, eta prozesu guztia artisau lana da».
Doluan lagun
Familiei dolua jasaten laguntzen dieten zerbitzuak ere ematen dituzte Agurren. Villarrek uste du beren lana ere badela familiei intimitatea eta lasaitasuna eskaintzea: «Familiek maskotari giro erosoan agur esateko aukera izan dezaten nahi dugu. Maskotak ahalik eta arretarik handienarekin prestatzea da prozesuaren funtsezko zati bat, garbiketatik hasi eta jabeek azken aldiz ikusteko areto egoki batean jarri arte».
Zerbitzu horren balio emozionala «kalkulaezina» da; izan ere, Agurren eta bere bezeroen arteko lotura «pertsonala eta emozionala» da. «Jendea lur jota ikustea tokatzen zaigu, baina ahalik eta gehiena enpatizatzen saiatzen gara. Batzuetan, maskotak lorez inguratuta edo jostailurik gogokoenekin uzten dizkigute», azaldu du Marcok. Baina jendea «lasai» joaten da, maskotari amaierarik onena eman diotela jakinda.
Horregatik, azken urteotan, maskotentzako ehorztetxeak funtsezko zerbitzu bihurtu dira animalien bizialdiari amaiera egokia eman nahi dieten familia askorentzat. Sektoreko enpresen arabera, zerbitzu horien eskaerak gora egin du azken urteotan, pertsonek maskotekin duten harremanaren aldaketaren erakusgarri.
Behar hori betetzeko jaio zen Agur, maskotei beilatokietan gizakiek jasotzen duten antzeko tratua emateko. Hasieran, «erronka» izan zen sektore horretan aurrera egitea, baina gaur egun egoera «bestelakoa» dela baieztatu du Villarrek: «Pixkanaka, jendeak ezagutzen gaitu, albaitariek gure zerbitzuak gomendatzen dituzte, eta gero eta pertsona gehiago iristen dira esperientzia bizi izan duten lagunen erreferentziengatik».
Bi kideen hitzetan, gizarteak kontzientzia handiagoa du animalia horiek merezi duten errespetuari buruz. Errautsontzi ekologikoek, ingurumena errespetatzen duten labeek eta zerbitzua pertsonalizatzeko aukerak erakusten dute sektorea etengabe berritzen ari dela. Alternatiba jasangarriak eta emozionalki egokiak dira, doluan dauden familien beharrak betetzeko diseinatuak. Maskotek funtsezko lekua dute pertsonen bizitzan, eta, Marcoren hitzetan, Agur bezalako guneek «merezi duten errespetua eta duintasuna» ematen dute azken agurrean. «Zerbitzu honek, jabeei kontsolamendua emateaz gain, hainbeste eman diguten lagun leialen bizitza eta heriotza duintzen ditu».