Zer esan nahi du, baina, kultura hitzak? Gizakiaren bilakaeraren lehen urratsetara hurbilduz, latinetik datorren hitza da kultura. Colere hitzetik eratorrita, ganadu eta lurraren zaintzea esan nahi du. XIII. mendean, landutako lur saila izendatzeko erabiltzen zuten. Poliki-poliki, hitz horren adiera zabaltzen joan da gizakiaren beste jardueretara. Gaur egun, gizartearen gehiengoak ez du kultura kontzeptua nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin erlazionatzen. Hitz hori burura datorkigunean, artean, literaturan, musikan, hizkuntzetan eta abarretan pentsatzen dugu. Baina azken batean, historian zehar ezagutzen ditugun kulturak —egiptoarrak, maiak, txinatarrak, erromatarrak eta abar— agri-kulturan oinarritu dira, eta gaur egun ere, naturarekin elkarlanean oinarrituz bakarrik gara dezakegu giza kultura. Gizakiaren garapenerako eta elkarbizitzarako zimendua den agri-kultura, naturarekiko harremanaren arau orokorrak, lurra, landaredia eta abereak ustiatu gabe, errespetuz zaintzearen arau sistema izan da. Gaur egun, natura ustiatzeko «in-kultura» nagusitzen joan den neurrian, gizartean ere, esplotazio « in-kultura» indartzen joan da.
Egun, kultura kontzeptuak gizakiaren aspektu guztiak jasotzen ditu; natura eta animaliekin dugun erlazioa, gastronomia, ohiturak, jarduerak, giza jokaeren arauak, janzkera, erlijioa, artea eta beste.
Donostia hiriak, 2016ko Europako Kultur Hiriburuizendatzeko lehiaketan parte hartzeko aurkeztuko duen proiektuan, kultura eta bere hedapena irudikatzeko sinbolotzat gure itsasertzetako itsasargiak jasotzen ditu. Ideia polita benetan! Ostera, agri-kultura gertuagotik sentitzen dugunoi, gure lurraldearen barrualdea eta baserri munduak gure kulturan suposatzen duena ongi islatuko duen itsasargia faltan botatzen dugu. Izan ere, Gipuzkoako barrualdeak ere badauka bere itsasargia! Goierriko Ezkio-Itsason, historikoki Kizkitzan (Itsaso) izan da luzaro itsasargia, eta gaur ere badago txiki bat, haren oroitzapenean. Zumaiako itsasargiaren pare-parean kokatuta dago, hegoaldera, eta errenkan denak argitzen ditu.
Horrekin guztiarekin eta Donostia Kultura Hiria 2016 proiektuari egiten diogun ekarpenarekin batera, baserria eta hiria elkarrengana hurbiltzea dugu helburu, landa munduak gure bizitzan duen garrantziaren kontzientzia sendotze aldera.
Bukatzeko, egunero-egunero, baserrian eta bere jardueran lanean diharduten baserritarrak eskertzeko eta errekonozitzeko aprobetxatu nahi dut tartetxo hau. Naturarekiko eta animaliekiko duten maitasun eta ezagutza hori transmititzen digutelako, eta oso gertutik bizitzeko aukera eman didatelako. Luxu bat! Azken batean, ezagutzen dena bakarrik errespetatu eta zaindu daitekeelako, eta errespetatzen dena maitatu.
@Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:
Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47.[email protected]
ENEEK-Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua. Tel.: 902-54 01 65.[email protected]
Biolur
Agri-kultura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu