ATZEKOZ AURRERA. Ingo Niebel. Historialaria eta kazetaria

«Agirrek esandakoak egia direla frogatu dut»

Aurreneko lehendakariaren erbestea eta jazarpena kontatu ditu Niebelek argitaratu berri duen liburuan: 'A la caza del primer lehendakari'. Dokumentazio lan sakon baten emaitza da obra.

BERRIA.
amaia igartua aristondo
2022ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
«Giza ehiza» bat. Hori du hizpide Ingo Niebel (Kolonia, Alemania, 1965) historialari eta kazetariak bere azken liburuan: A la caza del primer lehendakari (Ediciones B, 2022). Jose Antonio Agirre EAJko politikariaren eta Eusko Jaurlaritzako aurreneko lehendakariaren erbestea eta faxistek egin zioten jazarpena kontatzen ditu narrazio «arin» batean.

Noiz interesatu zinen Agirre lehendakariaren figuran?

Unibertsitateko ikasle nintzenean. Banekien tesina Agirreren gobernuaz egingo nuela, eta horregatik hasi nintzen haren autobiografia irakurtzen: De Guernica a Nueva York pasando por Berlín [1943]. Arreta eman zidan bospasei hilabetez egon zela Berlinen, klandestinitatean. Jakin nahi nuen ea esaten zuena egia zen. 30 urtez ikertu dut, etenekin.

Argitaletxeak dio Francoren eta Hitlerren erregimenen arteko konplizitate errepresiboaren froga erabatekoa dela obra. Zergatik?

Agirreren ihesaldia kontatzeaz gain, Lluis Companysen eta Francisco Largo Caballeroren kasuekin alderatzen dut: Espainiako gerra garaiko Kataluniako Generalitateko eta Espainiako Gobernuko presidenteak, hurrenez hurren. Bi horiek atxilotu egin zituzten alemanek, baina Agirrek ihes egin zuen, eta nahi nuen jakin zer gertatu zen.

Ihes egindakoak atxilotzeko bat egin zuten bi erregimenek, beraz.

Bi erregimenen arteko konplizitatea ikusten da, adibidez, Gestapok [Alemania naziko Polizia sekretua] erabaki zuenean atxilotzea gerran borrokatu eta Frantzian errefuxiatuta zeuden errepublikano guztiak, 10.000 lagun inguru. Mauthausengo [Austria] kontzentrazio esparrura eraman zituzten, eta horietako asko hil egin ziren han. Espainiako Herrizaintzako ministro Ramon Serrano Suñer Berlinen zegoelaeman zen atxiloketa agindua.

Zergatik ez zuten Agirre atzeman?

Ehiza eta ihesa gauza beraren bi aurpegiak dira. Alde batetik, ihesean doanak aldendu egin behar du bere gertukoengandik ihesaldia arrakastatsua izateko; Agirrek hala egin zuen. Bestetik, ikusi behar da jazarlea nor den ere, eta zer baliabide dituen. Alemaniarrek Frantzia okupatu zutenean, 1940ko ekainean, Espainiako poliziek eta diplomazialariek autoritatea eskatu zieten alemanei ordura arte babestuta zeuden exiliatuak atxilotzeko. Baina Agirre jada ez zen Parisen bizi; bazekiten familiarekin bildu zela La Pannen, Belgikako herri batean, baina arrastoa galdu zioten, Agirrek identitate faltsu panamar bat lortu zuelako: Jose Andres Alvarez Lastra. Kontuan izan behar da Gestaporentzat ez zuela espainiarrentzat zuen garrantzi bera.

Eleberriaren estiloa erabili duzu, kontakizuna arinagoa izateko.

Ez zait gustatzen eleberri hitza erabiltzea, ez-fikziozko liburu bat baita. Historia zientzia bat da, eta edozein zientziak metodoak aplikatzen ditu galderak erantzuteko, eta metodo horien bidez datuak lortzen dira. Datuak landu eta argitaratuko dira gero, baina kontua da nola. Datuak onak badira, berdin du publikatzen baditut liburu, podcast, power point edo txioen hari batean; aurkezteko modu bat baino ez da.

Liburua bi zatitan banatu duzu.

Lehena deskriptiboa da; nahiago dut pelikula gisa aurkeztu. Kazetaritza estiloa erabili dut. Eta bigarrenean, iturriak aipatzen ditut, eta azaltzen ditut liburuaren helburu zientifiko-akademikoak. Bi xede ditu: batetik, Agirrek esandakoak egia direla frogatu dut; bestetik, iheslariaren soslaia egin dut.

Agirre mitoa da, zure ustez?

Uste dut pertsona inportantea dela Euskal Herriaren historian. 1936ko urriaren 7an, lehendakari karguaren zina egin zuenean Gernika-Lumon [Bizkaia], arbolaren azpian, existitzen ez zen zin bat sortu zuen; baina, era berean, Agirrek gorpuzten du proiektu politiko baten instituzionalizazioa. Autogobernua orduko ideia bat zen, baina Agirrek karguaren zina egin ondoren, ideia instituzio bilakatu zen. Bandera bat eman, eta euskara hizkuntza koofizial gisa ezarri zuen. Halaber, oldar faxistaren aurka militarki borrokatu behar izan zuenez, sinboloa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.