ATZEKOZ AURRERA. Josu Tellabide. Etnologoa

«Agintariak ez dira gauza gure kultura defendatzeko»

Azken berrehun urteetan Donostiako kale izenek izan duten bilakaera ikertu du Tellabidek. Ondorio hau atera du: herritarrak izateari utzi, eta inposatuak bihurtu dira donostiarrak.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Donostiako kaleen izenak primeran dakizki Josu Tellabidek (Donostia, 1943). Etnologoa da lanbidez, eta Eusko Ikaskuntzako eta Aranzadi zientzia elkarteko kide da. Haren iritziz, interes politiko eta ekonomikoak gailentzen dira kale izenetan, eta ez luke hala izan behar. Hitzaldi bat eman berri du: Donostiako kale izenen bilakaera azken 200 urteetan, herritarrak izatetik inposatuak izatera.

Izen asko daude Donostiako kaleetan: aristokratenak, politikarienak, erregeenak, santuenak, elizgizonenak, militarrenak... Baina gutxi dira kulturarekin lotutakoak.

Oso gutxi. Donostian herriak ez du inoiz agindu, tarte anekdotiko batzuk kenduta. Kaudilloa hil zenean, fisikoki bakarrik, udalean pixka bat aldatu ziren gauzak. 1990 inguruan, kaleei kulturarekin lotutako pertsonen izenak jartzen hasi ziren: Toribio Altzaga, adibidez. Lortu zuten kale izen pila bat aldatzea, baina, gaur egun, berriz ere beheraldi batean gaude. Izen batzuk politikarekin edo euskaldunekin nahastuta badaude, kendu egiten dituzte. Ezker abertzalekoak kendu egiten dituzte, eta beren aldekoak jartzen dituzte. Alderdi politikoek beren interesen arabera jokatzen dute.

Historia markatu duen adibiderik baduzu gogoan?

Plaza Berriari Konstituzio plaza izena jarri zioten 1820an. Aurreneko izen politikoa izan zen. Orduan hasi zen administrazioa izenak inposatzen, herritarrekin kontsultatu gabe. Txofre plaza delako hori, Zuberoa plaza zen lehen, baina Donostiako burgesek ez zuten onartzen, euskaldunegia zelako. Hernani kalea, Getaria kalea... Aberritasunaren ohorean jarri zituzten izen horiek. Baina zergatik jarri zituzten? Karlisten kontra egin zuten herriak zirelako, Espainiako konstituzioa babestuz.

Izen espainolak dira gehienak, beraz.

Espainia guztia beteta dago Espainia plazaz eta Espainia kalez. Iruñean, Bilbon eta Gijonen izan ezik, beste leku guztietan aurki daitezke halakoak. Gasteizen eta Donostian ere bai. Portugalera joaten zara, eta ez dago Portugal plazarik, eta ezta Frantzian ere Frantzia plazarik. Zergatik? Espainian ziurtasuna falta dute, eta demostratu behar dute espainolak direla. «Hau ez da Euskal Herria, hau Espainia da».

Zer goraipatu behar da gure herrian?

Adibide bat jarriko dut. Hirutxulo Donostiaren izengoiti bat da, Donostiaren arima adierazten duena. 1936ko kolpearen aurretik, plaza bat zegoen izen horrekin, eta kendu egin zuten, euskaldunegia zelako. Josep Maria Sert izena du orain. Margolaria zen, eta nik ez diot meriturik kentzen, baina frankisten aldekoa zen. Beste leku batera pasatu zuten Hirutxulo izena, eta hor ere kendu egin dute. Atotxako Zelaiaren plaza izena jarri diote, futbol zelaiarengatik. Ematen du horiek [futbolariak] direla kulturaren ordezkariak. Oso minduta nago. Alderdi politiko guztiek babestu zuten aldaketa; baita ezker abertzaleak ere. Agintariak ez dira gauza gure kultura defendatzeko. Donostiak merezi du errespetu bat.

Kale izenak herri bateko historiaren adierazle direla esan ohi da.

Donostiar burgesek beti izan dute boterea; haiek agindu dute nola egin gauzak. Orain ere gauza bera gertatzen da. Gure toponimia ez da errespetatzen. Ez donostiarrena, ez euskaldunena. Txakurrari ematen zaion hezurra gara. Hemen espainolek agintzen dute.

Askotan aipatzen da emakume izen gutxiegi daudela.

Badago emakume izen bat, Catalina de Erausorena. Ama Birjina etaerregina ez den lehenengo emakumezko kale izena da, frankistek jarria. Hiltzaile bat zen; bere anaia eta osaba garbitu zituen. Ez dakit nola ez digun lotsarik ematen. Asko nahasten ditugu gauzak. Emakume izatea bakarrik ez da nahikoa. Emakume izenak jarri behar dira, baina ez emakumeak direlako soilik. Emakumea delako ez du meritu handiagoa. Nik uste dut psikopata bat zela; zein sexutakoa zen gutxienekoa da.

Merituak eta politika bereizi behar dira, beraz.

Bai, noski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.