Mikel Bujanda. Euskalerria Irratiko zuzendaria

«Agian, garaia da desafio berrietarako»

Iruñeko Euskalerria Irratiak 30 urte beteko ditu bihar. Komunitateari eskerrak emateko, jaialdi berezia prestatu dute. Bujandak esan duenez, «esker oneko zor handia» dute entzuleekin eta kolaboratzaileekin.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
urtzi urkizu
2018ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Euskalerria Irratia sortu aitzin denboratik aritu da proiektuan Mikel Bujanda (Donostia, 1955; Iruñean bizi da 1972tik). Gaur egun Juan Kruz Lakastarekin batera partekatzen ditu irratiko zuzendaritza lanak. Jaialdi berezia antolatu dute biharko Iruñeko Zentral kafe antzokian, 19:30ean, hainbat musikarirekin —sarrera doakoa da—.

Nola oroitzen dituzu irratiaren lehen pausoak?

Beharra sentitzen genuen horrelako zerbait egitekoa. Eta aukera ere sortu zen. Iruñean euskara ez zen hedabideetan agertzen, baina gero eta jende gehiago ari zen euskaraz ikasten. Euskadi Irratia martxan jarri berria zegoen; lehen pausoa izan zen Euskadi Irratia Iruñerrian entzun ahal izatea, 1984an. Urte horretan sortu zen Iruñeko Komunikabideak elkartea. Hemengo jendea euskaraz hizketan jarri behar zen, era berean. Argi ikusi zen irratia izango zela hedabide eraginkorrena, merkeena eta egingarriena. 1985ean egin zen lehen lizentzia eskaera. Proiektua argi ikusi zen, tresneria bazegoen, eta erabaki genuen lehen programak 1988ko azaroaren 7an egitea.

Balantzea egiteko orduan, zein izan dira argitasun handienak eta alde ilunenak?

Hasieratik argi genuen proiektuak Iruñerriko euskaldun jendearen komunikazio zerbitzua izan behar zuela. Gure patua eta zoria, ona edo txarra, Iruñerriko euskalduntasunari lotua egon da. Euskara zenbat eta biziago eta dinamikoago izan, orduan eta indartsuagoa da irratia. Lotura horrek berak ekarri digu iraun ahal izatea, baina oraindik euskararen presentzia Iruñerrian ahula eta hauskorra da. Ez da guk amesten genuen bezain bizkorra; gure ametsa ez da erabat bete. Hala ere, aipatu behar da jende askoren konplizitatea izan dugula.

Biharko jaian komunitateari zorionak eta eskerrak emango dizkiozue. Urteurren berezia izango da denentzat?

Bai, ea zenbat jende sartzen den Zentralen. Komunikazio hitzak berak komunitate kontzeptua gordetzen du bere barnean. Joan-etorriko komunikazioa argi dago.Kanpoko laguntzaile asko dauzkagu, baina funtsean gure lanaren hartzaile eta programazioa aberasten dutenak Iruñerrikoak dira, eta haiekin esker oneko zor handia daukagu. Hori ezin da jai batekin kitatu, baina 30 urteak ospatuko ditugu.

Sustrai Colinak elkarrizketa berezi batzuk egingo dizkie irratiko esatariei datorren astetik aurrera.

Niri lotsa pixka bat ematen dit horrek, gu geu protagonista bilakatzeak. Gu bitartekari eta zerbitzari gara. Gure komunikabidean eta geure buruaz aritzeak lotsa ematen dit, egia esan.

Garai batean lizentziaren borrokakoak ziren Euskalerria Irratiaren berri gehienak. 2015ean lizentzia lortu zenutenetik asko aldatu al da zuen egoera?

Bai, kontua da batera etorri direla lizentziarena eta Nafarroako egoera politiko berria. Aldaketa asko sumatu da gurean. Aurreko agintariek alde egin baino lehenago lizentziaren kontzesioa egina utzi zuten, hori bai, tiradera batean gordea eta agintari berriei deus ere esan gabe. Gobernu berria iritsi, eta komunikazio arduradun berriak hasi zirenean karpetak begiratzen, orduan topatu zuten. Bestalde, oro har, bistan da Nafarroan gertatu den aldaketa instituzionala nabarmena dela; itzala eta argia bezalakoa, argitara pasatu gara. Lasaitasuna eman dio gure martxari, ordura arteko ziurgabetasuna argitu eta gainditu eta gero. Agian, garaia da gure buruari desafio edo erronka berriak jartzeko. Oraingoz, hor ari gara disfrutatzen Nafarroak bizi duen egoera berriaz.

Etorkizunean nola irudikatzen duzu Euskalerria Irratia?

Nahiko nuke ikusi komunikazio emaile osatuago izatea. Badaude gaur egun atenditzen ez ditugun arloak. Aurrerapausoak ematen gabiltza; multimediagoak gara denok, eta gu erantzun polita ematen ari gara. Baina ikusi nahiko nuke gure lanak ekarpena egiten diola Iruñerrian euskara errealitate sozial eta komunikatibo sendoagoa izateari.

Erretiro kontuetan pentsatu al duzu?

Gero eta hurbilago dago. Pare bat urte barru erretiratuko naiz, ziur aski. Botako nautela sumatzen dudanean, aurreko minutuan egingo dut alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.