Agerikoegi edo baztertuegi

Migratzaileen berri ematean bi joera daudela salatu du Lucia Mbomio kazetariak: batetik, mugak zeharkatzen irudikatzen dituzte sarritan; bestetik, haietaz ahaztu egiten dira Europara heldu ostean. Kazetaritza arrazistaz hitz egin dute Leioan.

Hibai Arbide, Lucia Mbomio, Xalba Ramirez eta Miriam Najibi EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko auditoriumean, atzo. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Hibai Arbide, Lucia Mbomio, Xalba Ramirez eta Miriam Najibi EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko auditoriumean, atzo. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
amaia igartua aristondo
Leioa
2024ko abenduaren 10a
05:00
Entzun

Garaian-garaian eta bolada informatiboaren arabera xehetasunak egon litezkeen arren, funtsean gutxi aldatu da pertsona arrazializatuen eta migratzaileen inguruan hedabideek ematen duten irudia: albiste direnean, jazoera negatiboekin lotuta agertzen dira gehienetan; eta, askotan, ikusezin geratzen dira haiei egiten dizkieten bidegabekeriak. Egoera hori deitoratu dute Lucia Mbomio TVEko berriemaileak, Xalba Ramirez Irutxuloko Hitza-ko kazetariak eta Hibai Arbide freelanceak. Kazetaritza arrazistaz mintzatu dira EHUren Leioako campusean, Hordago hedabideak eta EHUko Bitartez ikerketa taldeak antolatutako jardunaldi batean. Miriam Najibi kazetariak aurkeztu du ekitaldia.

Mbomioren arabera, hedabideek modu «deshumanizatzailean» jarduten dute gorputz beltzen inguruan. Estereotipoek normalizatu egiten dute joera hori. Esaterako, ezberdina da gatazkak jorratzeko modua, segun eta non gertatzen diren. Hegoaldeko gerretan, «tratamendu desideologizatua egiten dute, basatien arteko batailak izango balira bezala», eta ohikoa da zaurituen gorputzak eta aurpegiak esplizituki erakustea, baita hiri txikituak ere, hondakinez eta hautsez beterik. Hori da Afrikaz helarazten dena, esaterako: eremu hondatu bat. «Normala ankerkeria da». Bestela ari dira ematen Ukrainaren berri, adibidez: Mbomiok erakutsi duenez, soldaduen ekimena erakusten dute argazki askok.

«Noiz hitz egiten da pertsona migratzaileez? Emakumeez, salerosketa sareren batean egon direnean; gizonez, kriminalitatearekin lotuta daudenean»

LUCIA MBOMIOTVEko berriemailea

Migratzaileen berri ematen dutenean, bi joera paradoxiko gailentzen dira, TVEko berriemailearen irudiko: hiperikusgaitasuna eta ikusezintasuna. Ugariak dira pateran doazen edo mugaren bat gurutzatzen saiatzen ari diren pertsonen irudiak eta albisteak, eta behin eta berriz erabiltzen dira, halaber, olde, oldarraldi eta antzeko konnotazioa duten berbak haien etorreraren berri emateko. Kazetaritzaren irizpideen kontrako moldea da, Mbomioren ustez, ez baitie erantzuten oinarrizko bost galderei: zer, nork, non, noiz eta zergatik. «Nork? Zergatik? Inoiz ez dugu entzuten pertsona migratzaileen ahotsik. Non? Maiz, ‘Saharaz hegoaldeko Afrikatik’ datozela diote, baina eremu horretan herrialde, kultura eta bizimodu mota mordo bat dago».

Eta ailegatu ostean, zer? Isiltasuna da nagusi. «Heldu eta heldu ari dira beti, arrotzak dira beti, ez dira auzokide bihurtzen». Mbomioren arabera, «egunerokoaren narratiba» falta da: hedabideek ez dute interesik haien bizitzan, errotzean, lanetan, harremanetan... «Noiz hitz egiten da haietaz? Emakumeez, salerosketa sareren batean egon direnean; gizonez, kriminalitatearekin lotuta daudenean. Matxismoa eta basakeria gizon migratzaileekin lotzen dituzte, zeozer berria balira bezala, haiek ekarritakoak». Gutxitan agertzen dira albiste positiboetan, azpimarratu duenez: barregarriak direnean baino ez, edo zuriren bat salbatzen dutenean...

Egunerokoa kontatzea

Egunerokoaren narratiba horren berri ematea da tokiko hedabideek egin dezaketen ekarpen bereizgarria, Ramirezek aldarrikatu duenez. Azken urteetan, esate baterako, handitu egin da segurtasunaren inguruko kezka Donostian. Baina aferak baditu bere ertzak, Irutxuloko Hitza-ko kazetariak ohartarazi duenez. «Poliziaren datuak baino ez badituzu erabiltzen, ikuspegia oso mugatua da», adierazi du. Horiek horrela, beste ñabardura batzuei erreparatzen diete haiek: ez delitu txikiei, baizik eta etxegabeen egoerari, eguneroko prekaritateari eta arrazakeriari.

Eta, azkenaldian, Lo Que No Te Cuentan de Donostia taldearen jarduera izan dute jopuntuan. Segurtasunaren aitzakian, gazte arrazializatuen argazkiak eta kokapena helarazi ditu talde horrek zenbait sare sozialen bidez, eta kontzentrazioak antolatu dituzte Kaleko Afari Solidarioak egitasmoaren aurka. «Protesta horien berri eman genuen, bideoak egin genituen, erakusteko zer interes politiko zituzten atzean. PPko zinegotziak zeuden...».

«Kaleko Afari Solidarioak egitasmoaren kontrako protesten berri eman genuen, erakusteko zer interes politiko zituzten atzean. PPko zinegotziak zeuden...»

XALBA RAMIREZ'Irutxuloko Hitza'-ko kazetaria

Ez baita munta txikikoa hedabideen ildo editoriala, helarazten dituzten ertzak eta diskurtsoak. Eta, ondorioz, Arbide kezkatuta dago ikusita nola aldatu duten irizpidea komunikabideek Greziako mugetan gertatzen ari denaren inguruan. Lesbosen (Grezia) egiten du lan Arbidek. 2015ean, asko handitu zen hara heltzen ari ziren migratzaileen kopurua, eta gora egin zuten, beraz, GKEen jardunak eta laguntza humanitarioak, baita arreta mediatikoak ere. «Irudi hegemonikoa solidaritatea zen», oroitu du freelanceak.

Gaur egun, ordea, bestelakoa da kontakizuna. Solidaritatea baztertu, eta migrazioak hango bizilagunei eragiten dizkien «eragozpenak» dituzte hizpide kazetariek. Zer dela-eta aldaketa hori? Arbidek kontatu duenez, Grezian eta Europako Batasunean onartutako lege zorrotzagoek eta talde faxista parapolizialen sendotzeak eta inpunitateak uxatu egin ditu inguru hartan zebiltzan erakunde ugari. «Indarkeria egunerokoa da», azpimarratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.