Agerian ez dagoen Iruñea

Labrit Tours «turismo irizpideduna» jarri dute martxan; Iruñeko lau ibilbide beste modu batez ezagutzeko aukera ematen du.

Iruñeko Alde Zaharrean hainbat ibilaldi egiteko aukera emanen dute. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2013ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Bestelako ikuspegitik bestelako Iruñea deskubritzea. Bertsio ofizialetik urrun, Iruñea euskal hiri gisa aurkeztea, hamaika txoko eta istorio ezezagun agerian utziz. Hori da sortu berri den Labrit Tours proiektuaren xedea. Iruñeko Labrit Multimediak jarri du abian egitasmoa, eta jada lau ibilbide eskaintzen dituzte hiri desberdin bat deskubritzeko. «Turismo irizpidedun» gisa definitzen dute.

Nafarroako ondare ez-materialaren biltze, aztertze eta hedatze lanetan aritzen da Labrit, eta egitasmo berri horrekin Iruñeko «bitxikeriak, xelebrekeriak eta gizon-emakume xeheak» ezagutzera eman nahi dituzte, liburu ofizialetan aipatzen ez diren kontuak azalduz. Kike Diez de Ultzurrun eta Gaizka Aranguren kazetariak dira bisita gidatu horien bultzatzaileak. Haiek arduratu dira ibilbide guztiak prestatzeaz, eta gidari lanak ere eginen dituzte. «Gertakari xumeek izanen dute tokia gurean. Historia beste modu batez kontatuz eta ahaztu diren kontuak azalduz», esan du Diez de Ultzurrunek.

Oraingoz, lau ibilbide dituzte prest, baina gehiago egiteko asmoa azaldu dute. Lehenengoak —Ecin scriba çayteyen?— Iruñeko euskal literatura mendez mende emanen du ezagutzera. Erdi Arotik XX. mendearen erdialdera arte Iruñean zenbat liburu argitaratu ziren, zeintzuk ziren idazleak eta haien ibilbidea kontatuko dute. Bigarren ibilbideak —Sanferminak— hiriko jaiak ezagutaraztea du xede, baina bestelako sanferminak aurkeztuko dituzte. Entzierroez gain, txupinazoaren hasiera «ez-ofiziala» eta San Fermin santuaren kondaira kontuan hartuko dute. Hirugarrenean —Iruñea hiri buruzagi— hiriaren irakurketa historiko-politikoa eginen dute. Euskarak garrantzi handia izanen du bisita gidatuetan, eta, gainera, ibilbideoso bat eskaini diote —Lingua Navarrorum—.

Lau ibilbide horiez gain, bezeroei ibilbidea haien irizpideen arabera antolatzeko aukera ematen diete. Hamaika aurpegi ditu Iruñeak, eta, hortaz, hamaika ibilbide ere bai. Gainera, Diez de Ultzurrunek eta Arangurenek «poliki-poliki» ibilbideak zabaltzeko asmoa dute. «Zergatik ez Jorge Oteizaren inguruko ibilbide bat? Edo Iruñeko ustelkeriaren ibilbidea?». Hainbat hizkuntzatan eginen dituzte bisita gidatuak: euskaraz, gazteleraz, frantsesez, ingelesez eta katalanez. Oraingoz, ezin dituzte ibilaldiak hizkuntza guztietan eskaini, baina gidariak prestatu nahi dituzte, «aukera gehiago izateko giltza delako».

Bitxikeriek, xelebrekeriek eta liburu ofizialek ezkutatzen dituzten kontuak izanen dute garrantzia ibilbideetan, eta Iruñeko gizon-emakume xeheek ere izanen dute tokia. «Gauza bat da kontatzen dutena, historia ofiziala, eta beste bat guk kontatu nahi duguna», adierazi du Arangurenek. Nabarmendu du «identitate eta kultura ikuspegia» oinarri hartuta eskainiko dituztela. Haren iritziko, barrura begirako turismo eskaintza da Labrit Tours, baina baita kanpora begiratzen duena ere. Atzerritik bisitariak etortzea nahi dute, eta, horretarako, haien zerbitzu bera eskaintzen duten beste enpresekin harremanetan jarriko dira. Hezkuntza eta irakaskuntzari begira ere proiektu interesgarria izan daitekeela uste dute, eta ez du baztertzen etorkizunean ikasleentzako ibilaldiak egokitzea.

Aurrekariak dituen proiektua

Ez da ezerezetik sortu egitasmoa,eta denbora zeramaten proiektua egokitzen. Duela urte batzuk antzeko ibilaldiak antolatu zituen, adibidez, Udako Euskal Unibertsitateak. Euskaltegi batzuek ere abiatu zuten antzeko ekinaldia. Horietan eta beste batzuetan parte hartu zuten Diez de Ultzurrunek eta Arangurenek, baina, orain, beste era batez egitea erabaki dute.

Aurreratu dute, gainera, ibilaldiren bat. Bitxikeriak kontatu ditu Diez de Ultzurrunek Iruñeko Ziudadelaren inguruan. XVI. mendean eraikitzen hasi ziren gotorleku militarra da, eta historia liburuetan «menderaezina» izan zela diote. Diez de Ultzurrunek, ordea, ez du sinesten bertsio hori: «Azkar konkistatu zuten Ziudadela Napoleonen soldaduek, gainera, tirorik bota gabe. Napoleonen soldaduek, elur pilotekin jostetan ari zirela sinetsaraziz, eraikina hartu zuten».

Beste adibide bat jarri du Diez de Ultzurrunek: «Iruñeko katedrala. Artearen ikuspegitik mila gauza esan daiteke, baina nork daki zergatik ez duen Erdi Aroko aurrealderik? Edo zergatik Gazteluko Plaza gaztelurik ez badago?». Galdera horiei erantzuna emanen diete ibilaldian, eta beste kontu bitxi batzuk aipatuko dituzte. «Iruñeko historiako gertakari batzuk desmitifikatuko ditugu, baina argi dago beste batzuk mitifikatuko ditugula», argitu du Arangurenek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.