Afrikaldia jaialdiko programatzailea

Beatriz Leal Riesco: «Afrikaren inguruko film estereotipatuekin hautsi nahi dugu»

Afrikaren eta Euskal Herriaren arteko lotura kulturalak aztertuz, Afrikaldian 21 proiekzio, mahai inguru eta jarduera paralelo egiten ari dira, azaroaren 4tik 11ra, Gasteizen.

Beatriz Leal Riesco, herenegun, Gasteizko Florida parkean. UNAI ETXENAUSIA
Beatriz Leal Riesco, herenegun, Gasteizko Florida parkean. UNAI ETXENAUSIA
unai etxenausia
2024ko azaroaren 8a
05:00
Entzun

Beatriz Leal Riesco ikertzaile, kritikari eta Afrikako zineman eta artean espezializatutako komisarioa (Santiago de Compostela, Galizia, 1978) Gasteizen da astelehenera bitarte, Afrikaldiaren laugarren aldia ospatzeko. Bere ibilbidean, Europa eta Amerikako jaialdi, museo eta arte zentroekin lankidetzan aritu da hainbat urtez, eta Afrikako zinema garaikidean eta diasporan eraginik handiena duten ahotsetako bat bihurtu da.

Afrika Euskal Herrira hurbiltzeko modu bat da Afrikaldia?

Afrikako zinema eta kultura Mendebaldera eta Euskal Herrira hurbiltzeko modu gisa sortu zen. Aurretik, Manuel Iradier elkarteak Afrikako zinema ziklo bat egiten zuen Gasteizen, baina urtean lauzpabost film besterik ez zuten ematen, gonbidaturik eta egilerik gabe, ekonomikoki ez baitzen bideragarria. Hala ere, publiko euskaldunaren eta penintsulako ipar-mendebaldeko publikoaren aldetik gero eta eskari handiagoa sumatzen zuten. Afrikako zinema beste maila batera eramateko jauzi kualitatibo bat egitera bultzatu zituen horrek. Beraz, nirekin harremanetan jarri ziren, nazioarteko jaialdietan programatzaile gisa izandako esperientziagatik, proiektu honetan parte hartzeko eta bultzatzen laguntzeko. Gaur egun, penintsulan, Afrikari buruzko zinema jaialdi garrantzitsuenetakoa da Afrikaldia.

Afrika Mendebaldera ekartzeaz gain, tokiko komunitate afrikarra jaialdian bertan inplikatzen da.

Beste leku batzuetan zinema espezialistek bakarrik antolatzen dituzte jaialdiak, baina hemen komunitate afrikarra zuzenean sartzen dugu jaialdian, eta protagonismoa ematen diogu ekitaldiaren programazioan eta antolaketan.

Zure kasuan, nondik dator Afrikako zinemarekiko lotura pertsonala?

Ezezaguna zenaren inguruko jakin-min globaletik hasi zen nik Afrikako zinemarekin dudan harremana. Zinema eta Arte Garaikidea ikasten ari nintzela, konturatu nintzen lotura berezia sentitzen nuela Afrikako zinemaren kontatzeko moduarekin, arlo poetikoagatik eta estetikoagatik. Zinemara ez ninduen eraman Afrikarekiko maitasunak, baizik eta zinemak piztu zidan Afrikako kulturarekiko lotura sakona.

Zer ezaugarri dute Afrikako istorioek? Eta nola konektatzen dute, zure ustez, tokiko publikoarekin?

Bere zinemaren bidez, gure istorioekin bat egiten du Afrikak; istorioak Marokotik edo Madagaskarretik datozen alde batera utzita, bertakoa eta unibertsala harrapatzen dute. Afrikako istorioek narrazio intimo eta unibertsalak nahasten dituzte, pertsonaien borrokak, emozioak eta bizipenak modu oso lurtarrean irudikatzen dituzte, baina irismen globalarekin. Gai unibertsalak islatzen dituzten tokiko istorioak kontatzeko irrika narratibo hori gordetzen du Afrikako zinemak; hain justu, Mendebaldeko zinemak apur bat galdu duen hori. Bere kontakizunen bidez, Afrikak bere bizitza, nortasuna eta kultura oso modu benetakoan ulertzera gonbidatzen gaitu.

Filmetako soinu banda da Afrikako zinemaren bereizgarria...

Soinu banda ia pertsonaia bat gehiago da filmetan. Publikoa filmarekin lotuago senti dadin laguntzen du, irudiek edo elkarrizketek lortu ezin duten maila emozionalera iristen baita musika. Gainera, niretzat, Afrikako musika beti izan da pasio bat, eta horrek ere bultzatu ninduen haien zineman murgiltzera.

Zein dira zinemaldirako filmak aukeratzeko irizpideak?

Lehenik eta behin, maila artistiko eta kalitate handiko filmak aukeratzen ditugu, nazioarteko jaialdietan harrera ona izan dutenak edo etorkizunean estreinatuko dituztenak. Bigarrenik, Afrika kontinentearen aniztasuna irudikatzen duen multzo bat eskaini nahi izaten dugu, Afrikako diasporaren lanak barne. Hirugarrenik, interesatzen zaigu filmek egilearen ahots sendoa izatea, eta hainbat genero barne hartzea, hala nola fikzioa, dokumentalak, zinema esperimentala, animazioa, eta baita beldurrezko zinema ere: Afrikaren inguruko film estereotipatuekin hautsi nahi dugu. Denontzat zerbait egon dadin nahi dugu, zinemazaleentzat eta entretenimendua nahi dutenentzat.

Nolakoa da egunotan jaialdiko giroa?

Komunitarioa, horizontala eta irekia da. Ez dago hierarkiarik; guztiak, antolatzaileetatik hasi eta gonbidatuetaraino, maila berean daude. Zinemagile afrikarren eta ikusleen artean elkarrizketa zuzena sortzea da gure helburua, guztiok gure esperientziak partekatzeko aukera izan dezagun. Ikuspegi komunitario horren eta irisgarritasunaren ondorioz, jaialdia bakana da. Espazio horretan, zinema ikusteaz gain, harremanak eraikitzen dira eta perspektibak aberasten dira.

Gaur proiektatuko dituzue jaialdiko filmik sonatuenak.

Nazioartean sari gehien jaso duten lanak izango dira. Ekoizpen zinematografiko gutxiko herrialdeetatik datoz bi lanak, Madagaskartik eta Sudandik. Filmek arrazakeria, belaunaldien arteko borrokak eta beste gai batzuk jorratzen dituzte. Disco Africa [Luck Razanajaona] gazte bati buruzko istorio bat da, bere komunitateagatik sakrifikatzeko edo indibidualismoaren bila abiatzeko patua erabaki behar duena. Goodbye Julia lanak [Mohamed Kordofani], bestalde, Sudan iparraldearen eta hegoaldearen arteko gatazka aztertzen du, bi emakumeren istorioaren bidez.

Beste hainbat alorretan bezala, Afrika da etorkizuna?

Afrika funtsezko kontinentea izango da XXI. mendean, ez bakarrik bere baliabide naturalengatik, baita kultur industria globalean gero eta protagonismo handiagoa izango duelako ere. Afrikaldia bezalako jaialdiak funtsezkoak dira, istorio horiek herritar gehiagorengana iristea ahalbidetzen dutelako eta kulturen arteko elkarrizketa errazten dutelako. Afrikako zinema indarra hartzen ari da, eta, digitalizazioarekin, zinemagile afrikarrek ekoizpenak egin ditzaten aukera ematen ari dira.

lotsabako

Afrikako herrialde bat?
Asko daude, baina Kenya esango dut.

Irakaspen bat?
Ideia on bat izatea ekoizteko diru asko izatea baino garrantzitsuagoa dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.