Carlos Vazquez. Zinema Ikusezina jaialdiaren burua

«Afrikako gosetea 'reality show' gisa erabiltzen dute hedabide komertzialek»

Gaurtik aurrera, gizarte gaien inguruko 62 film labur eta luze ikusi ahalko dira Bilbo inguruan, KCD erakundeak antolatuta. Lehiaketako saio nagusiak irailaren 27tik urriaren 4ra arte egingo dituzte.

BERRIA.
Edu Lartzanguren.
2011ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Garapenerako komunikazioan lan egitea erabaki zuen aspaldiCarlos Vazquezek (Barakaldo, Bizkaia, 1961), «pobreturiko herrialdeez hedabideek ematen diguten informazio okerra zuzentzeko». KCD Kultura, Communication y Desarrollo gobernuz kanpoko erakundeko zuzendaria da, eta berak antolatzen du Zinema Ikusezina jaialdia. Gizarte gaiak jorratzen dituzten filmen lehiaketa da, eta gaur hasiko da, 19:00etan, Bilboko Fnac saltokian. Ostiralean jarraituko du, Hala Dzipo elkartean (Barakaldo).

Zinema jaialdi bat, gizarte gaien inguruan eta diru sariekin. Aurtengoa hirugarrena du Zinema Ikusezina jaialdiak, eta badirudi finkatuta duzuela.

Iazkoa dagoeneko jaialdi osoa izan zen. Aurtengorako askoz film gehiago heldu zaizkigu: 270. Iaz 200 inguru heldu ziren. Ezinezkoa da denak erakustea, noski. Beraz, batzorde batek aukeraturiko 18 film luze eta 44 film labur erakutsiko ditugu, %43 emakumek eginikoak. Aurten film asko heldu zaizkigu immigrazioaren eta Afrikaren inguruan, geure ustez aberasturiko herrialdeentzat krisia dena hondamendia delako pobreturikoentzat, eta, batez ere, etxera dirua bidaltzen zuten etorkinentzat.

Zertan bereiztuko da zuen jaialdiak erakutsiko duena eta hedabideetan Somaliako goseaz egunotan agertzen dena?

Hedabide komertzialek horren inguruko albisteak reality show baten moduan erabiltzen dituzte. Afrikako adarra albiste da, bat-batean, lehorte eta gosete batengatik, baina gerra eta gosea izan dute han azken 25 urteotan. Film hauek errealitatea erakusteko beste modu bat dute: ez dute ikuskizuna bilatzen, baizik eta konponbidea proposatzea edo salaketa egitea. Guantanamoko preso baten inguruko film zoragarri bat emango dugu, esaterako. AEBetako filmeetako heroi zuriez harago, beste heroi batzuk erakutsi nahi ditugu, eta, ahal bada, pantaila handietan.

Zinema aretoen krisiak zaildu egiten dizue lanok erakusteko tokiak aurkitzea?

Bai. Geratzen diren areto gutxi horiek gero eta esku gutxiagotan daude, eta Hollywoodeko filmez lepo. Aretoak ixten ari dira, batez ere, eraikinekin espekulatzeko. Zinema Ikusezina Bartzelonan, Madrilen, Venezuelan eta Kuban erakutsi dugu, eta egun gutxi barru Kolonbiara joango gara. Non erakutsi badago, beraz, baina ez areto komertzialetan.

Jaialdi bat baino gehiago izan nahi duzue. Nola bideratzen ari zarete gizarte zinema sustatzeko ekimena?

Jaialdia irailean egiten dugu, eta gero, otsailero, sortzaileen topaketa antolatzen dugu. Aurten, munduko zazpi zinema eskola izango ditugu. Gizakia izatea gaiaren inguruko sei dokumental egin dituzte. Datozen egunotan emakume sortzaileen topaketa egingo dugu. Dagoeneko sortu dugu mundu mailako gizarte komunikatzaile sare bat. Egunen batean zirkuitu egonkorra sortuko dugu, lan horiek erakusteko eta, horren bidez, egileentzat diru sarrerak lortzeko.

Hazten ari da jaialdia, baina noraino nahi duzue haztea?

Ez dugu lan gehiago erakutsi nahi, dagoeneko asko baitira, baina nahiko genuke leku gehiagotan aurkeztea. Erakutsi nahi dugu badirela bestelako moduak albisteak egiteko. Eta badakigu halako lanak ikusteko aukera dagoenean jendeak ikusi egiten dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.