SERIEA. Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (IV). Afrika.

Afrika ekialdean barrena

Kilimanjaro Afrikako gailurrik altuena da: 5.895 metro garai da. Tanzania estatuan dago sumendia. Baso tropikalak, ingurune alpinoa... leku ikusgarria da.

Gailurra. Afrikako gailurrik garaienean, ametsezkoa dirudien paisaia baten aurrean, harrotasunez ikurrina zabalduta. IRATI ODRIOZOLA.
Irati Odriozola
2018ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Aireportura bidean Aizkorriko mendilerroaren parean pasatuta gogoratu naiz hasieraz, erokeria honen guztiaren hasieraz. Pentsamenduek urtebete atzera salto egin, eta Urbiako zelaietan barrena naramate, hanka pausoek markatutako erritmoan. Egunsentiak itsuturik edo bart gauean aterpeko ateak dinbi-danba ibilarazi dituen hego-haizeak eraginda, nonbait. Eraginda diot, urtebeteren buruan Kilimanjarora joan behar dugula esaten hasi baikara.

Tanzania estatuan kokatzen den sumendi bat da Kilimanjaro. Afrikako gailurrik altuena da, eta ez du edonola irabazi titulu hori, 5.895 metro garai baita. Euskal Herri inguruan ditugun mendiak baino zertxobait altuagoa, besterik ez. Aizkorritik jaitsi eta egundoko entrenamendua egin bagenu moduan, datorren urterako zita ezarriko dugula diogu. Euskaldunok hitzekoak garela ez dago inongo dudarik.

Urtebete geroago, Europatik sekula alde egin gabeko oin hauek Afrika kontinentea zapaltzen ari dira. Euri tantak sumatzen ditut aurpegian. Haizearen dantzak hotzez dar-dar jarri dizkit hezurrak. Hau Afrika al da benetan? Ala ametsa ote? Errealitatearen ufada freskoak Aizkorri tontorreko oroimenak desagerrarazi dizkit goizalde hartako eguzki izpiek lausotutako irudiak balira bezala.
 
1. AKLIMATAZIO FASEA: MAASAI MARA

Etiopiako hiriburuan lur hartu dugu, eta erdi lo igarotako eskalaren ondoren, Nairobira eramango gaituen hegazkinean sartu gara. Nairobi Kenyako Errepublikako hiriburua da, eta estatuko hiririk handiena. Horrela adierazten dute, behintzat, trafikoa trinkoarazten duten ibilgailuen ilarek eta errepidearen bazterrean agertzen hasi diren etxe orratzek. Eraikin handiak eta modernoak dirudite, euren beiratean eguraldiaz gain nuen beste aurreiritzi bati begira islatuta erakusten naute. Garatze bidean dagoen hiri bat da Nairobi; txinatar konpainien presentziapean errepide sareak eraikitzen, produktuz beteriko kamioi segidak esportaziorako bidean sartzen, globalizatutako iragarki lotsati batzuk paneletan euren burua aurkezten... ekonomia mugitzen ari delako ohartarazpenak dira horiek. Esnatzen ari den herrialde baten adierazle.

Baina, aurreiritziak aurreiritzi, errealitate gordina azaleratzen duen txabola mordoa ere agerikoa da. Barrenak mugiarazten dizkizuten irudi horien gainetik, datozen egunetan gidaritza lanak egingo dizkigun Muganbiren ahotsa nabarmentzen da. Hizketarako gogoa du, eta horrek tripak pixka bat arintzen laguntzen digu. 25 urte bizkarrean daramatzanaren esperientziarekin bere herrialdea aurkeztu digu.

Rift Haran Handia deritzon haustura geologikoaren barruan dago Kenya; zehatzago esanda, Afrika Ekialdeko Riftean. Zona hori eratze eta banatze prozesuan dauden plaka tektoniko dibergentez osatutako eremu bat da. Etorkizunean kontinentea bitan banatuko duten hipotesia ere proposatu da; gaur egun Afrikako kontinentean dagoen haustura soziala kontuan hartuta, egoera paradoxikoa benetan. Fenomeno geologiko eta sozial horiek begi bistakoak dira. Baliteke begirada zertxobait zorroztu behar izatea, baina, eremu geografiko honi erreparatuz gero, Kenya eta Tanzaniako sabanarekin kontrastean nabarmen altxatzen dira Kenya mendia, Meru mendia, zain daukagun Kilimanjaro mendia eta beste hainbat tontor. Horiek guztiak lurraren barne aktibitateak eragindako sumendiak dira; hots, ezkutupean etengabe lanean ari den eta bizi-bizi dagoen Lurrak sortutakoak. Afrika ekialdeko ezaugarri geologiko horiek guztiek aberastasunez hornitu dute kontinentea. Alde batetik, balio antropologiko handiko ingurunea da; adibidez, hemen aurkitu ziren LucyAustralopithecus ezagunaren hezurrak, eta atzetik etorri dira beste hainbat homininoren fosilen aurkikuntzak. Beste aldetik, garrantzi biologiko eta ekologiko handia duten bizidun espezieen habitata ere bada. Are gehiago, honek atzetik dakar lurralde hau mineral, harribitxi eta beste baliabide natural ugariren gordeleku izatea. Muganbik kopeta zimurtu du petrolioa aipatzean. Petrolioa ere badutela dio, baina horrelako herrialdeek gerran bukatzen dutela. Kezka begiratuak belztu dio aurpegia.



Ipurdiko masajeaz ordu luzez gozatzeko esanda, 4x4-an goaz furgonetaren atzeko antenan teniseko bi pilota jarrita ditugula. Gure espedizioko lehen aklimatazio fasean Afrikako atmosferara egokitzen hasi gara. Maasai Marako lurretan galdu, eta Erreserba Nazionalean murgiltzera goaz. Amaiezina da ikusiriko animalien zerrenda; zein baino zein dotoreagoa, sabanak eskaintzen dien patxada ederrean bazkan, siestan edota jolasean. Norabide guztietarantz zabaltzen den urre koloreko lautada honetan, iruditu dakigukeen animaliarik ñimiñoenak ere distira egiten du bere txikitasunean, arroka gaineko sugandila koloretsuak bezala, esaterako. Elefantearen zimurrek ere adinak emandako jakinduria gogorarazten digute. Eta ezin aipatu gabe utzi goizaldean ikusteko aukera izan dugun lehoi emeen ehiza-estrategia adimentsua. Zerbaitegatik dira sabanako errege. Eguzkitik eguzkira ahozabalik ibili ostean, atseden hartzeko unea da. Argi kutsadura ezak eragindako iluntasun itxiak, ordea, ahozabalik mantentzen gaitu. Gainean dugun izar multzoaz disfrutatu nahiak begiak ixtea galarazten digu. Bat-batean, iluntasunarekin kamuflatzen den afrikar bat nabaritu dugu alboan. Hala moduzko ingelesez, John izena duela eta inguruko masai tribu batekoa dela ulertu diogu. Bere ardura gure gaueko zaindaria izatea dela esan digu, hurbildu daitezkeen hienak uxatzeko sua egin eta soinean daraman ezpata erakutsi dizkigun bitartean. Gau ona pasatzeko lala salama esanez agurtu, eta hienen oihuak entzunez hartu dugu lo.

Errauts bihurtutako suaren albotik pasa, eta John bidelagun dugula ekin diogu egunari. Arropa koloretsuz jantzitako masai tribuak egin digu harrera. Masaiak Kenya hegoaldean eta Tanzania iparraldean bizi diren talde etniko semi-nomadak dira. Erreserba Nazionalak euren ohorez darama izena, baina beren lurretatik kanporatuak izaten ari dira, turismoaren mesedetan. Badirudi ez direla ñuak izango sabanan migratuko duten bakarrak. Gu ere, gure ibilbidean abiatu, eta hurrengo etapara begira jarri gara.
 
2. AKLIMATAZIO FASEA: KILIMANJARO

Kenyatik gertu, baina, Tanzaniako lurretan, Moshira heldu gara arratsaldean. Ilunabarrean, behe lainoak desagertu, eta gure erronkari aurrez aurre so egiteko aukera izan dugu. Emozioz beteta, baina urduritasun zantzuak ere agertzen hasita, motxilak prestatzeari ekin diogu. Goizean goiz abiatu gara. Machame Gaten elkartu gara sei egunean zehar gure gidari eta zamalari izango direnekin. Bakoitzak bere trasteak hartu, eta bagoaz gora! Ez dago aspertzeko aukerarik: baso tropikalean sartuta, ingurunea ikusgarria da.

Hori gutxi balitz bezala, bidean topatzen ditugun mendizale, zamalari eta gidariekin elkarrizketan murgildu eta kontu kontari gatoz, aldaparen leuntasunak oraingoz horretarako aukera uzten baitigu. Horrelako solasaldi batean ikasi dugu Kilimanjaro mendiaren barruan hiru sumendi daudela: mendebaldean Shira, ekialdean Mawenzi eta tartean Kibo edo Uhuru. Izatez, azken hori da Kilimanjaro gisa ezagutzen den tontorra. Hainbat bide daude bertara heltzeko; Machame route da guk aukeratutakoa eta, bide batez, Tanzaniako bigarren mendirik altuena ikusteko aukera ematen diguna. Lehen etapa amaituta, gu iristerako prest zegoen kanpalekuan afaldu, eta gidaria etorri zaigu biharko oharrak ematera. Agurtzerakoan, lala salama esanez harritu dugu, baina berak xake-mate egin digu «gabon» erantzunda.



Indartsu hasi dugu hurrengo eguna. Baso tropikala atzean utzi eta ingurune alpinoan sartzen hasi gara; txilarra da ugari, eta biodibertsitatea nabarmen gutxitu da. 3.000 metrotik gora, paisaia ez da altuera aldaketa nabaritzen hasi den bakarra; guri ere pole pole joateko ohartarazpenak heltzen hasi zaizkigu, eta poliki joanez gero ez dugula arazorik izango adierazi digute, hakuna matata esaten digute irribarretsu. Berezkoa duten naturaltasun eta energiarekin Jambo! Jambo bwana abestiari ekin diote. Doinuaren sorgintasunean erorita, primeran sentitzen garela, elkarrekin kantari heldu gara hurrengo kanpalekura.

Hirugarren eguna aklimatatzeko erabili ostean, eta gorputzak oraingoz ondo erantzuten digula ikusita, laugarren egunari aurre egin diogu. Gaurkoa gorabehera handiko etapa da, igoera eta jaitsiera ugarirekin. Zamalariek, berriz, aldamenetik aurreratzen gaituzte pisu mordoarekin kargatuta izerditan blai eginda, eta hala eta guztiz ere, zer moduz goazen guri galdetuz. Gaitasun itzela dute. Bederatzi ordu ingururen ostean, azken kanpalekura heldu gara; basamortu alpinoa da nagusi jada, eta hotza ez da txantxetakoa. Berehala lotaratu gara, gauerdian azken txanpari ekingo baitiogu. Bakoitzak deskantsa dezala ahal duena...

Zakua inoiz baino bustiago dagoela esnatu gara. Sekulako hotza egiten du. Kopeta argiak piztu, eta, zorte ona elkarri opaz, bagoaz gora. Gaua gogorra izan da. Denok isilik. Norberak bere barruan eraman ditu ezintasunak, aurrekoaren hanka pausoei jarraituz. Burutik hainbat aldiz pasatu zaigu ez garela goraino iristeko gai izango; zer arraio egiten dugun bertan, zer demontre galdu zaigun han goian horrela sufritzen ibiltzeko. Pauso bakoitzak sekulako esfortzua eskatzen digu fisikoki, baina psikologikoki ideia bakar bat dugu buruan: Uhuru Peak-era iristea. Azkenean, egunsentiaren lerro horizontal gorri perfektu bat ikusten hasi gara, baita izpi horiek argitutako glaziar zoragarria ere. Iritsi garela ezin sinisturik, emozioz beteriko besarkadak eman dizkiogu elkarri. Tontor honetan zintzilikatu zuten tanzaniarrek euren bandera independentzia lortu zutenean. Hortik datorkio gailurrari Uhuru izena; swahiliz independentzia esan nahi baitu. Leku aproposa iruditu zaigu ikurrina zabaltzeko.
 
3. AKLIMATAZIO FASEA: EUSKAL HERRIRAKO ITZULERA

Azken eta aklimatazio faserik gogorrena geratzen zaigu orain. Etxerako buelta. Esperientzia zirraragarri honen ostean, ziurrenik gure gorputzarentzat egokitzapen faserik zailena izango dena. Horregatik, beharbada, inertziaz agian, Euskal Herrira itzuli bezain pronto Aizkorrira joan gara gaua pasatzera.

Bihar: Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (eta V): Grezia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.