Komunikazioa. Xabier Lapitz. Onda Vascako esataria

«Afera Urtxuegiaren dimisioarekin amaituko dela espero dut»

Noticias taldeko sei ordezkari Eusko Legebiltzarrera joango dira gaur, 'Urtxuegia auziari' buruz argitaratutako informazioen berri emateko. Urtxuegia ere Legebiltzarrean izango da.

ZARRABEITIA / DEIA.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Ana Urtxuegia Lasarteko alkate ohiak (PSE) etxalde handi bat erosi zion bere udaletik dirua ematen zion GKE bati, Somoton (Nikaragua). Afera ikertzen ibili zen Nikaraguan Xabier Lapitz (Hondarribia, Gipuzkoa, 1965), duela hilabete batzuk.

Eusko Legebiltzarrean izango zarete gaur Noticias taldeko hainbat lagun. Zer azalpen emango dituzue?

Ana Urtxuegiak Somoton egin dituenen gainean azkenaldian argitaratu dugun informazioaz mintzatuko gara. Hilabete luzeetan ibili ginen lanean agiriak lortu arte, eta horien berri emango dugu. Gure testigantzarekin, demostratuko da Patxi Lopezek duela hilabete gezurra esan zuela.

Somoton egin zenuen kazetaritza lanaren ondoren, nola definituko zenuke Ana Urtxuegia, eta nola hark Somoton egindakoak?

Haren ekintzak etikaren kontrakoak dira guztiz. Iruditzen zait garai batean jauntxo espainiarrak Amerikako kolonietara joaten zirenean bezalako jokabidea hartu zuela Somoton Urtxuegiak.

Zer esan dezakezu martxoaren hasieran Patxi Lopez lehendakariak egin zituen adierazpenen gainean? Urtxuegia defendatu eta Noticiasen aurkako akusazio larriak egin zituen.

Oso adierazpen larriak iruditu zitzaizkidan, eta ez dakit zergatik egin zituen. Iruditzen zait kontu honekin guztiarekin sozialistak oso urduri daudela.

Urtxuegia auziaren gaineko informazio zabala hauteskunde batzuen atarian argitaratu duzue. Zergatik orain, eta ez urtebete lehenago?

Informazioa ziurtatzeko lanean aritu gara azkeneko hilabeteetan. Kontuan izan behar da paper ofizialak lortu arte bederatzi hilabetez aritu ginela, eta hori lortu arte hobe zela ezer ez argitaratzea. Duela urte batzuk, bazeuden susmoak Urtxuegiak Somoton egindakoen inguruan, baina orain arte ezin izan da agiriekin demostratu.

Aferak epaiketa bat ekar dezakeela pentsatzen al duzu?

Horretan ez naiz sartuko; ez dakit horretara iritsiko den. Pentsatzen dut honek guztiak dimisio bat ekarriko duela azkenean, Ana Urtxuegiaren dimisioa.

Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak hau erantzun zion joan den astean Luke Uribe-Etxeberria EAJko legebiltzarkidearen galdera bati: «EITBk badaki zer albiste diren garrantzitsuak eta zein ez. Ez da beharrezkoa gertatutakoa dramatizatu edo anplifikatzea».

Denok dakigu Ana Urtxuegiaren afera albiste dela. Nik ez dut onartzen Suriok guri kazetaritza leziorik ematea. Komunikabide pribatu batek nahi duena egin dezake, neurri batean, baina komunikabide publikoak albisteak isilarazten ibiltzea ez dut onartzen. Bestetik, kontuan hartu behar da Patxi Lopezek hainbat komunikabidetako arduradunak (Vocento, El Mundo, El País...) bildu zituela, Urtxuegiaren kontua isilaraz zezaten.

Pena hartu al duzu Radio Euskadin gaiak tokirik izan ez duelako?

Ez, espero nuen. Ez dut ustekaberik izan.

Lehendakariak orain arte ez du Onda Vascara joan nahi izan. Zergatik iruditzen zaizu ez diela erantzun nahi zure galderei?

Guk mila aldiz gonbidatu dugu, eta ez du etorri nahi izan. Ematen du bakarrik berak gustuko dituen hedabideetara joan nahi duela. Atzo gauean El Mundo-País Vasco-ren XX. urtebetetzean izan zen, adibidez.

Aurreko astean, LABek eta Aztikerrek ikerketa bat aurkeztu zuten. Ikerketak dio EITBren albistegietan alderdikeria dela nagusi. Irakurri al duzu?

Bai, tentuz begiratu dut. Eta ikerketak esaten duenak bat egiten du nik ikusten dudanarekin. ETBko albistegiak ikusten ditut, eta euskal gizartetik urrun daudela iruditzen zait. Hemengo gaietan, ur gainetik jauzi egiten dute, txori batek bezala.

Zer diozu Onda Vascak orain arte izan duen harreraz?

Oso pozik gaude, bi urtean 88.000 entzule lortu ditugulako. Ikusi beharko da ostegun honetan EGMren azterketak zer datu ematen dizkigun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.