Eduardo Zapateria. Heraclio Alfaro aeroklubeko presidentea

«Aeroklubik gabe, ez dago pilotu eskolarik»

Klubaren e goera ez da hegan egitea gustatzen zaien «lau aberaskumeren kontua», Zapateriaren aburuz; pilotu izan nahi dutenen kontua ere bada, haientzako eskolarik ez bailitzateke izango.

Eduardo Zapateria, eskuinean, hegazkin barruan. EDUARDO ZAPATERIA.
Gasteiz
2015eko irailaren 2a
00:00
Entzun
«Ez gara lau aberaskumez osatutako polo taldea, jolasten utzi ez gaituztelako muturtu dena». Heraclio Alfaro aeroklubeko presidente Eduardo Zapateriak (Gasteiz, 1961) uste txar horretatik egin nahi du ihes, «pilotuen eskolaren kontua hor tartean baitaukagu». Aurreko urtean bihurtu zen aeroklubeko presidente, baina 2004az geroztik da bertako kide.

AENArekin izandako bilerak «berri onak» ekarri dituela uste du Zapateriak, hiru urtez konponbiderik «aproposena» bilatzen jardun ostean. Gorabehera horiek, baina, «egoera onenetik urrun» direla adierazi du Zapateriak: «Guk nahi dugunean hegan egin ahal izatea, alegia».

Aireportuak desberdin tratatu al ditu abiazio komertziala eta kirol abiazioa?

Abiazio komertzialaren prozesua guztiz desberdina da: linea komertzialek aireportua erabili nahi badute, nahikoa dute lau ordu lehenago jakinaraztea, eta baimena ematen zaie. Eta hori linea komertzialek daukaten abantaila bat da. Hori guk ezin dugu egin; ez guk, ez aireko lanak behar dituzten enpresek ere: Ertzaintzak, helikopteroa behar badu arakatze operazio baterako, ezin du Foronda erabili, ez eta Osakidetzak ere, adibidez, osasun zerbitzuak eman behar baditu. Eta gauza bera gertatzen da fumigazio zerbitzuak ematen dituzten hegazkinekin eta aireko argazkiak ateratzen dituzten hegazkinekin ere.

AENAren proposamena jaso zenutenetik, nola hasi zineten lanean?

AENAtik 35 orduko proposamen hori heldu bezain pronto, gure proposamenean hasi ginen lanean, 35 ordu horiek guk nahi eran banatzeko. Eta prestatu dugu jada ordutegi bat, baita AENAri proposatu ere. Proposamena aurkeztu ostean, AENArekin hasi ginen hizketan, eta nahiko arin doa prozesua; sindikatuekin hitz egitea besterik ez zaigu falta. Hala ere, negoziatu ezin izan dugun baldintza bakarra aireportuan suhiltzaile bat eta hegaldi eragiketetarako buru bat egotea da. Hori ez dugu ulertzen, baina. Guk uste dugu ez dugula profesional horien beharrik, baina AENAtik esaten badigute ezinbesteko baldintza bihurtu dela...

Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroak iragarritako ordutegiaz ezer gutxi jakin zen.

Guk eskola irekita izan nahi genuen; ministroak, ordutegia iragartzean, Madrilgo pilotu akademiak zeuzkan buruan segur aski. Akademia horietan, goizez irakasten da, eta irakasleek erabateko arduraldia daukate. Gurean, egoera guztiz desberdina da: gure irakasleek bestelako gauzetan egiten dute lan, eta horregatik ezin dute goizez irakatsi. Aisialdian dira irakasle, nolabait esateko. Eta irakasleek ezin badute ordutegi horietara moldatu, ezin pilotu berririk hezi.

Eta eskolarik ezean, aeroklubaren iraupena arriskuan egongo zen.

Hor dago koska. Eskola irekita izan nahi dugu, aeroklubeko kideak berritzeko, bai, baina ez dugu ahaztu behar eskolaren lehendabiziko funtzioa: pilotu komertzialak heztea. Pilotugaiak, lizentzia ateratzeko, 45 ordu egin behar ditu hegan. 45 ordu horiek bete ahal izateko, faktore asko hartu behar dira kontuan: irakasle bat egon behar da; eguraldi ona egin behar du; ikasleak berak ordu jakin batzuetan egon behar du prest...

Ordu horiek betetzeko, baina, azpiegitura bat egon behar da prest; eta pilotugaiak ezingo ditu 45 ordu horiek lortu aireportua ez badago kirol abiaziorako ordutegi aproposean irekita. Eta irekita ez badago, gurpil zoro batean sartzen gara.

Aireportua itxita badago ezin baita eskola aurrera eraman.

Eta pilotu eskolaren bidez ez baditugu gure kideak berritzen, urtero hiruzpalau kidek kluba uzten badute eta horien ordez jende berria ez badator, aeroklubaren akabera izango zen.

Aeroklubaren egoera hau guztia gorabehera, argi dagoen gauza bakarra zera da: eskolarik gabe, ez dago aeroklubik. Hau ez da hegan egitea gustatzen zaigun lau pertsonaren kontua, eta hori oso argi utzi behar da. Ez badugu geure eskola irekitzen, Gasteiz pilotu eskolarik gabe geratuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.