Adrenalina

Xabier Etxaniz Rojo.
2010eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Nire bihotzeko liburuzainak kezkaturik nindukan. Egun batzuk ziren ez nuela liburutegian ikusten eta, zergatik jakin gabe, beldur irrazional horietako bat sartu zitzaidan gorputzean. Gaixorik egongo ote zen? Kontratua amaituko zitzaion? Ez nekien zergatik ez zegoen liburutegian literarioki horren ondo zaintzen nauen laguna, eta behin edo bitan galdetzekotan izan banintzen ere, ez nintzen ausartu. Badakizue, beldurrak horrelako kontraesanak ditu.

Azkenean, halako batean agertu zen nire bihotzeko liburuzaina liburutegian, beti bezain prestu eta lirain.

Oporretan egona zela aitortu zidan irribarre zabal batez. Port Aventuran.

Ez dakit zuek, baina nik sekula ez diet zentzurik ikusi Dragon Khan edota Huracan Condor bezalako atrakzio ospetsuei, sekula ez dut ulertu zer nolako plazera eman dezakeen horrelako tramankulu batean sartu eta abiadura bizian bueltaka hasteak. Irudikatze hutsak ileak lazten dizkit.

Haatik, ez ulertzea ez da, inondik inora, nahita gaizki pasatzeari uko egin diogunoi gerta dakigukeen gauzarik txarrena. Okerrena zera da, adrenalinari buruzko diskurtso nekagarri guztiak entzun behar izatea.

Dragon Khan? Itzela da! Adrenalina piloa botatzen duzu!

Badakit antisozial nirekoi baten gisan agertuko naizela baina nire adrenalina nirea da, estimu handia diot eta ez dut alferrik botatzeko inolako gogorik.

Gainera, nire bihotzeko liburuzainak berriro oporrak hartzen dituenerako behar dut daukadan apurra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.