Bihar, BERRIAn

Adinak emandako esperientzia

Garaiak aldatu dira, eta, egun, ohiko bihurtzen ari da 40 urteko edo gehiagoko gurasoak topatzea. Medikuek ohartarazi dute adin horretatik aurrera arriskuak areagotu egiten direla, baina, hala ere, asko dira guraso izatea erabakitzen dutenak.

Marian Zubiaurre, bere alaba Carlarekin jolasean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
Nagore Etxeberria.
2018ko otsailaren 23a
13:02
Entzun

Bihar, BERRIA egunkariko Bizigiro gehigarrian, guraso berantiarren inguruko erreportajea argitaratuko da. Marian Zubiaurrek 49 urte zituen Carla alaba jaio zenean. Marijo Zabalaren eta Zorion Intsaustiren Alain semea mundura etorri zenean, 42 urte betetzear zegoen Zabala, eta 43 urte zituen Intsaustik. Adinarengatik haurdunaldian arazoak eta gorabeherak izan zitzaketela jakin arren, haurra izatea erabaki zuten bi bikoteek, eta dena primeran joan zitzaien. Haien esperientziaren berri eman dute erreportajean, eta heldutasunak eman dien abantailen eta eskarmentuaren inguruan ere hitz egin dute. Estefania Rodriguez Laguntza bidezko ugalketaren euskal institutuko ginekologoarekin eta obstetrizian adituarekin ere hitz egin da, 40 urtetik gora emakumeak izan ditzaketen arriskuen inguruan.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik, berriz, ontziolen inguruko liburu berri bat jaio da: Gipuzkoako ontziolak. Antxon Agirre Sorondo etnografoak Gipuzkoako ontziolez eta itsas arotzen lan egiteko teknikez egindako ikerketaren emaitza da liburua.

Ikus-entzuneko arloan, Paul Urkijo zuzendariaren azken lanaz jardungo du Gontzal Agotek, zinemako orrialdean: Errementari. Euskal zinema genero fantastikora eraman du Urkijok lanarekin. Eta telesailei eskainiriko atalean, berriz, Hannibal telesaila aipatuko da. Bryan Fuller sortzaileak Hannibal Lecter psikiatra kanibalaren istorioa telebistarako moldatu zuen, azken hamarkadako produkturik originalena sortuz.

Telebistari edo zinemako pantailari begiak iltzatuta geratu ordez, kaleko ekintzetan parte hartu nahi dutenentzat, asteburuko proposamen ugari emango dira ere. Haien artean, Arronizeko (Nafarroa) ogi txigortuaren eta olioaren XX. eguna. Asteburuan ospatuko dute festa; bihar dute egun handia. 10:00etan hasiko dute eguna, ogi txigortua banatuz, eta, 12:00etan, Jose Luis Ramirez Sabadak pregoia irakurriko du, Mendia dolarearen ekitaldi aretoan. Haien berri ere emango da biharko BERRIAko Bizigiro gehigarrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.